Roberto White: "Arimei osasuna ematea, horixe da nire helburua"

Hasier Larrea 2021ko mai. 5a, 14:21

Roberto White, Izaki bereziak funtzioa aurkezten (Argazkia: Parque de las marionetas)

Udal bibliotekak Liburuaren Egunaren harira antolatuta, gorputz txotxongilolari argentinarra Kulturaten izango da ostiralean, 19:00etatik aurrera, 16 urtetik gorakoendako Izaki bereziak ikuskizun mutua aurkezten.

Malabarista, kaleko antzezle, pailazo eta titiritero aritzetik gorputz txotxongiloen munduarekin topo egitera pasa zen Roberto White. 15 urte daramatza arlo horretan lanean.

Nola amaitzen du Argentinako antzezle batek Oreretan bizitzen?

Maitasunagatik. Duela zazpi urte iritsi nintzen hona, eta orain, familia eta alaba txikia dauzkat.

Aurretik asko bidaiatu duzu, baina.

Argentinatik Costa Ricara joan nintzen gaztetan, eta han 4 urtez ibili nintzen ikuskizunak egiten. Pataclown konpainiako zuzendaria ezagutu nuen orduan, beraiekin batu eta beka bat lortu nuen Perun ikasteko.

Eta Perun diziplina ugaritan espezializatzeko aukera izan zenuen.

Hala da. Hugo Suarez maisua ezagutu nuen, gorputz txotxongiloen mundua ireki zidana. Berarekin eta beste bi kiderekin batera Santa Rodilla konpainia eratu genuen. Bost urtez ibili ginen laurok hara eta hona, funtzioak eskaintzen.

Gero, bakarkako saioetara egin zenuen salto. Ze moduz zabiltza?

Oso gustura. Pentsa, Izaki bereziak saioa 2006an sortu nuen, eta lantzean behin aldaketak txertatzen dizkiot emanaldiari, berau fresko mantendu eta ni neu ez aspertzeko.

Nondik datorkizu inspirazioa?

Naturatik, musikatik, literaturatik, baina, batez ere, objektuen ezaugarrietatik. Asko erreparatzen diet objektu sinpleei, pistak ematen eta gogoa pizten dizkidate. Azken batean, objektuetatik hasita joaten gara istorioak sortzen; hori da gorputz txotxongiloen berezitasun nagusia. Panpinen sinpletasunak aukera ugari zabaltzen dizkigu artistoi.

Zer-nolako harremana izaten duzu funtzioan protagonistarekin?

Txotxongiloaren eta txotxongilolariaren artean beti da interesgarria gatazka planteatzea. Manipulatzailea aldentzea, ondoren istorioan berriro murgiltzeko, publikoak dezente eskertzen du efektu hori; jokoa ematen du.

Publikoa aipatu duzula, nolakoak gara hemen?

Orokorrean, oso harrera ona jaso dut Euskal Herriko zirkuituetan. Jendea oso konplizea eta parte hartzailea izaten da obran zehar. Egia da batzuek ikuskizun familiar bat umeei bakarrik zuzendutakoa dela pentsatzen dutela, baina hori gaia ezagutzen ez dutelako gertatzen da. Halere, askok badakite mundu honetan adin guztiendako obrak egiten ditugula, eta hori pozgarria da.

"PANPINAK ZENBAT ETA SINPLEAGOAK IZAN, ORDUAN ETA JOKO GEHIAGO EMATEN DIOTE ISTORIOARI"

Inprobisaziorako tarterik uzten al duzu funtzioetan?

Saioaren lehen hamabost minutuetan jolas batzuk egiten ditut. Emanaldiaren unerik irekiena izaten da, bat-batekotasunarentzat aproposa. Baina saioan murgiltzean nahiko neurtuta dago guztia aurrez: koreografia antzeko bat dela esan dezakegu, musikaren erritmora doalako. Gainera, pandemiarekin, murriztu egin zaizkigu inprobisatzeko aukerak: ezin dugu publikoa ukitu, adibidez.

Hori ez da egungo egoerak eragindako eragozpen bakarra izango.

Ez horixe. Azken urteetan Asiara joaten nintzen sarri lanera, baina iaztik bira gehienak bertan behera utzi ditut. Penintsulako merkatuan nabil lanean orain, joan den abuztua ezkero. Lan gutxi dago, baina geroz eta gehiago. Kultura segurua izateko protokoloak bermatuz, sektorea berraktibatzea espero dut.

Nazioartean sari ugari jaso dituzu. Zer esaten dizu horrek?

Sari mota ugari daude, baina niretzat onena publikoaren saria jasotzea izaten da. Tolosan eta Lleidan, adibidez, publiko gazteak erabakitzen du nor saritu, eta bi kasuetan jaso dut nik.

Lehen aldia duzu Kulturaten, baina Debagoiena ezagutzen duzu zertxobait, ezta?

Bai! Bergarako Nazioarteko Mostrara hiruzpalau aldiz gonbidatu naute Taun Taun Tea-troko antolatzaileek. Oso harreman ona daukat eurekin eta gustura etortzen naiz hona. Ea aurten ere gonbidatzen nauten!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak