Erronka honetan, ikasleek erabiltzailearen araberako skateak diseinatu behar izan dituzte: ume txikiendako, kirolari trebatuentzako… Horretarako taularen forma eta luzera, gurpilak eta horiek lotzen dituen “truck” izeneko piezak moldatu behar izan dituzte.
Piezen 3D eta 2D diseinua egin, eta horiek fabrikatzeko materiala eta prozesua erabakita, fabrikaziorako modeloak eta moldeak egin dituzte.
Piezak egiteko prozesua
Diseinua NX-etik egin, CAM programa sortu eta ondoren CNC mekanizazio zentro batean mekanizatu dute. Moldea lortuta, bertan karbono-zuntza ipini eta erretxina injektatu diote. Labetik pasa ostean, skatearen pieza ikusgarriena eginda dago. Truck-a, berriz, aluminioaren galdaketaren bidez egin zuten. Horretarako ikasleek beraien diseinua lehenengo 3D inprimagailuan fabrikatu dute eta ondoren hareazko moldea prestatu, eta aluminioa isuri dute. Azken pausua pieza eta elementu guztiak muntatu eta skatea badabilela probatzea izan da.
Aukera zabala
Mondragon Goi Eskola Politeknikoak ikasketa aukera zabala eskaintzen du. Horiek guztiak ezagutzeko aukera egongo da maiatzaren 29an egingo dituzten online ate irekietan.
- Automatizazio eta robotika industriala: Heziketa ziklo honek bi urteko iraupena du, euskaraz da eta presentziala. Tituluaren helburua da automatizazio industrialaren teknologian ezagutzak izango dituzten profesionalak eta instalazio automatikoak muntatzeko, mantentzeko eta martxan jartzeko gai direnak prestatzea.
- Sareko informatika sistemen administrazioa: Heziketa ziklo honek bi urteko iraupena du, euskaraz da eta presentziala. Titulu honen helburua enpresako informazio sistemen kudeaketara aplikatutako informatikaren alorreko prestakuntza teknologikoa ematea da.
- Fabrikazio mekanikoko diseinuko goi-mailako teknikaria: Heziketa ziklo honek bi urteko iraupena du, euskaraz da eta presentziala. Tituluaren helburu nagusia titulatuei diseinu mekanikoaren inguruko formazio teknologikoa ematea da.
- Fabrikazio mekanikoko produkzioa programatzeko goi-mailako teknikaria: Heziketa ziklo honek bi urteko iraupena du, gaztelaniaz da eta presentziala. Tituluaren helburu nagusia titulatuei fabrikazio mekanikoaren arloko formazio teknologikoa ematea da.
- Mekatronika industriala: heziketa ziklo honek bi urteko iraupena du, euskaraz da eta presentziala. Mekatronika ez da teknologiaren adar berri bat, hainbat diziplina teknologiko (mekanika, elektronika eta kontrol automatikoa) integratzeko beharrari erantzuten dio.