Ratio jaitsiera pasa den urteko ekaineko dekretutik ateratako datua dela eta, "aisialdiak, beste sektore batzuekin batera, azkenetarikoa izaten" jarraitzen duela adierazi dute, "ia informazio gabe geratuz". Horregatik, ez dakite hemendik eta uztailera bitartean dekretu berririk irtengo den edo berdinetan jarraituko duten: "Ondorioz, itxaron zerrenda osatzea erabaki dugu, ratioak igotzekotan taldeak handituko genituelako. Dena den, hau ez dago gure esku eta honekin, esan bezala, aisialdiak gizartean duen balio eza islatuta geratzen da".
Horregatik ezin izan dituzte "nahi beste haur" jaso, horrek "hezitzaile mordoxka bat" kontratatzea eskatuko lukeelako. Udalekuen prezioak mantendu dituzte, "justuena" dela uste dutelako: "Honek galera ekonomikoak izatera eramango gaituela ere adieraztea nahiko genuke. Dena den, aisialdi hezitzailean sinesten dugu, eta agintariek debekatu ezean, haurrengan eragiten jarraituko dugula argi daukagu".
Familia batzuk, kanpoan
Bestalde, apirilaren 19an bizitakoa ere partekatu nahi izan dute: "Izen ematea goizeko 9:00etan zabaldu eta 20 minututan talde asko bete egin ziren. Familien ezinegona oso handia izan zen eta telefono deiak amaiezinak izan ziren. Denen zalantzak, ardurak, haserreak... eustea egokitu zitzaigun eta espero dugu inor erantzun gabe utzi ez izana. Ez zen batere erraza izan guretzako hainbeste haur udalekurik gabe uztea, ez baita Txatxilipurdiren nahia, ezta lan egiteko era ere".
Gauzak horrela, kanpoan geratu diren familien kezka, ardura eta uztaileko kontzilioa konponduko ez dutela eta are gutxiago udaleku gabe geratuko diren haurren aisialdirako eskubide, gogo eta ilusioak betetzen ez dituztela jakitun, "egoera honetan gure esku dagoen guztia egin dugula azpimarratzea gustatuko litzaiguke. Arrasateko Udalak ere badaki udako aisialdira begira haur eta nerabeen beharrak erantzun gabe geratzen direla. Gure aldetik, ezin dugu momentu honetan gehiago asumitu. Oraingo dekretuarekin ekonomikoki sostengaezina egiten baitzaigu haur gehiago hartzea. Hala ere, elkarlanerako prest gaude, administrazio publikoarekin batera gaia aztertu eta Arrasaten dagoen beharrari erantzuteko".
Txatxilipurdi Elkartean sinesten jarraitzeagatik eskerrak eman eta "gure esku dagoen guztia" egingo dutela aipatu dute.