2016tik antolatzen du Jabetza Intelektual eta Industrialaren inguruan jarduten duen sektoreari begirako Galbahe sariketa Garaia parke teknologikoan egoitza duen Galbaian enpresak. Iaz ezin izan zuten pandemiagatik jardunaldirik antolatu, baina aurten patenteei buruzko goiz osoko egitaraua antolatu ahal izan dute Garaiako auditorioan.
Hala, Handitu programako bazkide Iñigo Irizarrek Patentatzea ez da garrantzitsuena izenburupeko hitzaldia eskaini du lehenbizi. Ostean, ETEek Jabetza Intelektualaren arloan dituzte erronken errepasoa burutu du Galbaianeko Idoia Apraizek. Biolan enpresan Jabetza Intelektualak duen garrantziari buruz aritu da jarraian Arrate Jauregibeitia bera. Hitza hartu duen azken aditua INNOBASQUEko proiektuen arduraduna den Iñaki Ganzarain izan da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan Jabetza Industrialak jokatzen duen paperaren inguruko ikuspegia azaldu du.
Galbahe Saria banatu aurretik, mahai ingurua osatu dute hizlariek, entzuleen galderei patxadaz erantzunez. Kontu guztiak azalduta, Galbaian enpresako zuzendari Ismael Igartuak 2021eko saria banatu dio Biolan enpresako berrikuntzako arduradun Arrate Jauregibeitiari. Ismael Igartuak errekonozimendua ETE bati eman izana goraipatu nahi izan du. Sariduna pozik azaldu da aitortzarekin: "Produktuei balioa sortzen gabiltzala eta merkatura heltzen diren ideiak garatzen, asmatzen eta ondo kudeatzen ditugula aitortzen digu Galbahe sariak", aipatu du Jauregibeitiak. Biolanen osasunaren eta elikaduraren sektorerako biosentsoreak egiten dituzte.