Gipuzkoako 20.000 biztanletik gorako herrietan laguntza zuzen gehien bideratu dituen bigarrena da Arrasate

Eneko Azurmendi 2021ko api. 22a, 17:04

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen arabera, 20.000 biztanletik gorako herrien artean, ostalaritza sektorera dirulaguntza zuzen gehien bideratu dituen bigarren udalerria da Arrasate. Udalak jakinarazi duenez, pandemia hasi zenetik 201.600 euro bideratu ditu laguntza horietara.

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen (AHG) aldizkariak ranking bat argitaratu berri du pandemiaren hasieratik ostalaritza sektoreari gehien lagundu dioten udalerriekin eta Arrasate bigarren postuan dago, Errenteriaren atzetik, 20.000 biztanletik gorako udalerrien zerrendan (zazpi udalerritatik gora daude). Bestalde, 8.000 biztanletik gorakoen zerrendan zortzigarren dago Arrasate, (22 udalerritatik), "sektoreari zuzeneko laguntza gehien eman diona pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko eta ostalaritzarentzat hain zailak diren une hauetan egiten duen lana laguntzeko eta bultzatzeko", Udalaren esanetan.

Udalak adierazi du 201.600 euroko inbertsioa egin duela zuzeneko laguntzetan pandemia hasi zenetik. "Izan ere, Udalak 94 establezimenduri lagundu die, eta horiek 2.000 eta 2.800 euro arteko laguntza jaso dute".

Zuzeneko laguntzez gain, hainbat neurri hartu eta beste hainbat dirulaguntza eskaini dituela ere nabarmendu du, "hala nola, uraren, zaborraren eta terrazen tasetan hobariak, terrazetan inbertitzeko laguntzak, babes-neurrietarako laguntzak eta 2020ko maiatzean eta irailean egindako kontsumo-bonuen kanpainak".

Tasetan %50eko hobariak

Udalak dio Arrasateko ostalarien ordezkariei apirilaren 16an egindako azken bileran jakinarazi ziela apirilaren 15eko osoko bilkuran ordenantza fiskalen aldaketak onartu zituztela eta, indarrean dela zabor-tasen %50eko hobaria. "Lehen seihilekoko kobrantza itzuli nahi duten ostalariek, hobaria aldi horretan aplikatu nahi badute, eta ez bigarren seihilekoan, eskaera bat egin dezakete BAZ-en edo www.arrasate.eus webgunean", azaldu du.

Eskaera ofiziala egiteko deia

Tasa fiskalen eta terrazen arazoari dagokienez, Udalak gonbita egin die terraza-baimena kudeatzear duten zazpi establezimenduei, eskaera ofiziala egin dezaten: "Hiru kasutan ez dute terraza izateko aukerarik eskatu; biri Udalak terraza-aukera bat eman die, baina oraindik ez dute eskaera ofiziala egin; establezimendu bat ez dago alta emanda ostalaritza-establezimendu gisa, elkartegastronomiko gisa baizik; eta beste lokal batek ez du eguneratu negozioaren titulartasuna. Egoera bideratzeko, eskaera indibidual bat egin behar da BAZen, udaleko talde teknikoarekin batera aukera desberdinak aztertzeko".

Salaketa "irmoa"

Azkenik, Udalak "modu irmoan" errefusatu ditu larderiazko kartelak, hirigintza zinegotziari buruzko "memeak", EAJ/PNVko bozeramailearen "mofa" bideoa eta alkatearen etxebizitzako atariko pegatinak. "Elkarrizketaren eta errespetuan oinarritutako bizikidetzaren alde egiten duela berretsi dugu".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak