Hiru hamarkada –baino gehiago– autogestioaren bitartez herria eraikitzen

Eneko Azurmendi 2021ko api. 16a, 14:04
Iker Barandiaran, Alberto Encinas, Ane Gorosabel eta Inesa Ugalde, Arrasateko hiru gaztetxeen irudiak aurrean dituztela, gaur egungo gaztetxean.

1991ko apirilean sortu zuten AGAKO, eta hiru hamarkada bete ditu dagoeneko; ezin ahaztu, ordea, AGAKOren hazia izen zen AGA, urte batzuk lehenago bidea zabaldu eta 1987ko apirilaren 3an herriko lehen gaztetxea izango zena okupatu zuen asanblada.

1987ko martxoan CCOO sindikatuaren eraikinean egindako batzarretako batean erabaki zuen orduko Arrasateko Gazte Asanbladak Gurea zinema areto zaharra okupatzea. "Udalari hiltegi zaharra eskatu genion –egungo Mankomunitatearen egoitzaren ondoan zegoen–, gaztetxea izan zedin, eta haren erantzuna hura eraistea izan zen", azaldu du AGAko kide izan zen Alberto Encinasek. Bide horretatik aurrera egingo ez zutela konturatuta eta "nazkatuta", azkenean, manifestazio bat egin ostean, Gurea okupatu zuten, apirilaren 3an. Hurrengo egunean ertzainek eraikina hustu arren, AGAk berriro okupatu zuen, eta ia bi urtez erabili zuten Gurea gaztetxe moduan, 1989ko hasierara arte.

AGAko hainbat kide, 1987ko martxoan, Gurea okupatzea erabaki ostean.

Urte "politak" izan zirela gogoratzen du Encinasek. "Euskal Herrian mugimendu ugari zegoen eta mugimendu sozial berriak sortu ziren. Metafora batekin laburbilduko nuke: gazte asko atera ginen armairutik, gauzak egiteko gogoz. Errebeldia leherketa bat izan zen", dio. Horrekin batera, ordea, heroinak gogor jo zuen garai hartan eta askok gaztetxe hura heroinarekin lotzen zuten. "Gizartea ez zegoen prestatuta arazo horri irtenbidea emateko, eta gaztetxea, are gutxiago. Batzuen apustua errazena izan zen: gaztetxea salatzea eta seinalatzea. Gure apustua, ordea, sortzaile eta errebelde izatea izan zen, gauza asko aldatzeko gogoz baikeunden".

Alberto Encinas, Sorgina Irratian.

Hori hala izan zen, askotariko ekintzak egiten zituzten-eta gaztetxe hartan. Esaterako, Sorgina Irratia sortu zuten, herriko elkarte gehienak batzen zituena, eta kaleko mugimendu guztia islatzen zuena, eta Tunantes del Norte izeneko antzerki taldea ere sortu zuten. "Gure lanak mugimendu antimilitaristarekin, okuparekin, pasibotasunaren aurka eta HIESaren aurrean sentsibilizatzearekin lotutako konpromisoa ziren, beste istorio batzuetan parte hartzeaz gain, eta hor HIES ekimenarekin elkarlanean aritu ginen, Jon Salaberri buru zela".

La Polla Recordsen kontzertu bat izan zen, baina, Gurearen bukaeraren hasiera, ezker abertzaleko bi pertsonak emanaldiaren erdian argindarra moztu zutenean. "Udala Gureari berriro argia emateko prest bazegoen ere, giltzak entregatu genizkien, nekatuta geunden haientzat diana erraza izateaz", nabarmendu du Encinasek.

Etena eta AGAKOren sorrera

1989ko hasieran izan zen hori, eta, ondoren, bi urteko etena egon zen, asanblada eta gaztetxe barik. Tarte hartan, baina, ondoko eraikineko klaustroan elkartzen ziren gazteak. Eraikin hori, egun Kulturate dena, tuberkulosoen ospitalea ere izan zen aurrez, eta horregatik deitzen zaio ospitale zaharra, Iker Barandiaranek azaldu duenez. "Haurtzaindegi ere izan zen gu txikiak ginela. Baina momentu haietan, itxita zegoen eraikina", gaineratu du. Barandiaran izan zen, hain zuzen, ospitale zaharra gaztetxe bilakatzeko sustatzaileetako bat. "1990ean eta 1991n, arte hamabostaldia egin zuten, eta, horretarako, pareta batzuk ere bota zituzten. Gu hor inguruan ibiltzen ginen eta batzuetan barrura ere sartzen ginen, ping-pongean jolastera, gitarra jotzera edota egotera, besterik barik. Behin, barrurago sartu ginen, han elkartzen hasi ginen, eta hortik irten zen gaztetxea sortzeko ideia. Hala, Gurean aktibo zeuden gutxi batzuek eta Gurea ezagutu genuen beste batzuok gaztetxea sortu genuen".

Ospitale zaharreko barra, 1990eko hamarkadan.

"Oso argi" zuten Gurea eta AGA izan zirela hazia eta hori apurtzerik ez zutela gura, baina beste izen bat jartzea erabaki zuten. "Lehiaketa moduko batetik sortu zen izen berria: Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua (AGAKO)". Era horretan, 1991ko apirilean, ospitale zaharrak bere bidea hasi zuen, AGAKOk kudeatuta. Han ere askotariko ekintzak egin zituzten: "Gehienbat, kontzertuak; Su Ta Gar, Soziedad Alkoholika edota Etsaiak taldeenak, esaterako. Eta baita munduko txoko ezberdinetako taldeenak ere. Bestalde, AHTaren aurkako asanblada sortu zen, Udalarekin droga-menpekotasunaren inguruko hainbat kanpaina egin ziren, hiesaren inguruko ekimenak, sexualitateari buruzkoak, Martxoaren 8aren bueltakoak, askotariko tailerrak, AEDrekin eta Txatxilipurdirekin elkarlana, eta abar. Intsumisio garaia ere bazen, eta, intsumiso taldearekin elkarlanean, Intsumisio Eguna antolatu genuen hainbat urtez".

Ospitale zaharreko sarrera.

Udalak, ordea, hasieratik ohartarazi zien gaztetxe hori ez zela betiko izango. Gainera, Gurea bezala, ospitale zaharra ere ez zuen begi onez ikusten Udalak, Barandiaranek dioenez. "Bigarren gaztetxea ixteko erreparoa zutela uste dut. Luzaroan Udalarekin ospitale zaharreko gaztetxeari eta etorkizunekoari buruz negoziatu genuen; eta, azkenean, AGAKOk egin zuen Uarkapekoaren aurre-diseinua".

Gauzak horrela, 2002ra arte iraun zuen ospitale zaharrak, gero Kulturateren proiektua onartu zuelako Udal Gobernuak. "Hala ere, Altamiran lokal txiki bat utzi zien gazteei, materiala gordetzeko eta bilerak egiteko, gaztetxe berri bat izan artean". Altamirakoa lokal soil bat izan arren, mugimenduak aurrera jarraitu zuen, eta horren erakusle da, adibidez, garai hartan GaztaYa fanzinea jaio izana.

Uarkapeko gaztetxerako jauzia

2003ko ekainean inauguratu zuten egungo gaztetxea, Udalak eraiki zuena. Gaztetxe berriaren hasierako urteetako asanbladak "oso masiboak" ziren, orduko AGAKOko kide Ane Gorosabelen esanetan. "Asanbladan erreleboa behar zutela eta, herriko gazteriari deialdia egin zioten, gaztetxea biziberritzeko. Gogoan dut nire lehen asanbladan 100 bat gazte izango ginela. Ez dakit horrenbeste aulki nondik atera zituzten! Hori izan zen nire lehen kontaktua gaztetxearekin, 2004 hasieran", azaldu du. "Belaunaldi berri bat sartzen hasi ginen arren, aurreko belaunaldiko kide batzuk ere geratu ziren eta hori ezinbestekoa izan zen aurrera egiteko". Hasiera hartan, gaztetxea "oso hutsik" zegoen, hotz. "Hala ere, denborarekin, betetzen joan da, eta ez bakarrik muralekin, rokodromoarekin edo barrarekin. Esperientzia joan da gaztetxea janzten, eta guztion artean egin dugu hori".

AGAKOren hogeigarren urteurrenean, 2011n, asanbladako kide batzuk, Uarkapeko gaztetxe kanpoan.

Uarkapeko gaztetxearen sarrera, hasieran.

Urteurrenean, "indarberrituta"

2021eko apirilarekin batera, hogeita hamargarren urteurrena ari da ospatzen AGAKO, izurrite betean. "Erabat baldintzatu du urteurrena. Pandemiaren erruz edo pandemiari esker, dokumentala, liburua eta bideoklipa egin ditugu. Egoera lehengoa balitz, herri bazkari erraldoi bat eta makro-kontzertu batzuk egingo genituzke; ez ginateke horrelako memoria ariketa batean sartuko, eta emaitza oso polita izan da", azaldu du Inesa Ugalde AGAKOko kideak.

20. urteurrenaren baitan egin zuten manifestazioa, Seber Altube plazatik irteten, 2011n.

Azpimarratu duenez, 25. urteurrena inflexio-puntu bat izan zen, Euskal Herri mailan, gaztetxeak ere "militantzia eredu berri baterantz" abiatu zirelako. "Gaur-gaurkoz, asanblada eraberrituta ikusten dut, gazte askorekin. Azken urteetan egindako lana fruituak ematen ari da eta, aurrera begira, gogotsu gaude, indarberrituta, unean uneko erronkei aurre egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak