Ostalaritzari pandemia hasi zenetik "392.853 euro inbertituz" lagundu diola adierazi du Udalak

Hasier Larrea 2021ko api. 12a, 16:56

Arrasateko ostalariak, gaur eguerdiko elkarretaratzean.

Arrasateko Ostalaritza Elkarteak egindako adierazpenen aurrean, argibideak eman nahi izan ditu Arrasateko Udalak, ostalaritzarengan COVID-19ak eragindako kalteak arindu eta laguntzeko hainbat neurri hartu dituela argudiatuz. Era berean, Udalak salatu egin ditu "sare sozialetan alkate eta udal zinegotzien izenekin zabalduriko mezuak eta udal zinegotzi batek bere lan lekuan jasandako jazarpena".

Ostalaritzari emandako laguntzak sei puntutan banatu ditu Arrasateko Udalak:

1. Diru laguntza zuzenak: Udalaren arabera, "201.600 euroko diru laguntza zuzena jaso dute Arrasateko Ostalariek. 98 establezimenduk egin dute eskaera eta 94 izan dira onartuak. Onartu gabeko lauetatik hiruk ez dituzte baldintzak betetzen  eta batek Udalarekin eguneratu gabeko finantza egoera du. Bestalde, laguntza hilabete bitan eman da, itxita egondako hilabete biei dagokiena –2020ko azaroa eta abendua–; taberna bakoitzak 2.000 eta 2.800 euro arteko laguntzak jaso ditu. Datu hauek publikoak dira: www.arrasate.eus gardentasun atarian dago ikusgai establezimendu bakoitzak jasotakoa".

2. Ura eta zaborra: Eusko Jaurlaritzak dekretuz aginduta derrigorrezko establezimendu itxieragatik, ur eta zabor tasan hobariak ezarri zituen Udalak: 2020ko lehen sei hilean ura eta zaborra; azken hiruhilekoaren ur tasaren zati finkoa ez zen kobratu (urrikoa, azarokoa eta abendukoa), eta zaborraren tasari dagokionez, 2020ko azken bi hilabeteei dagokien tasa ere ez zen kobratu (azarokoa eta abendukoa); derrigorrezko itxiera epeari zegozkionak hain zuzen ere. Orain ordea, Eusko Jaurlaritzaren dekretuz derrigorrezko itxierarik ez dagoenez, legalki ez da posible hobari horiek aplikatzea ordenantzetan aldaketak egin gabe. Horrela, ostalarien ordezkariei Udalarekin izan zuten bileran adierazi zitzaien aldaketa osoko bilkuratik pasa beharra zegoela aurrez eta jada, apirilaren 15ko osoko bilkurarako gai ordenean sartu da dagokion aldaketa Udalak eurekin harturiko konpromisoari jarraiki. Honakoak dira orain arteko laguntzen zenbatekoak:

  • Zabor tasetan hobariak: 48.000 euro.
  • Ur tasetan hobariak: 15.000 euro.

Gainera, "2021eko bigarren seihilekoan Udalak ez ditu kobratuko aipatutako tasak. Ostalariei 36.000 eurotako aurrezpena suposatuko die".

3. Terrazetako inbertsioentzat laguntzak: Udalaren esanetan, "COVID-19ak negozioak segurtasun eta prebentzio neurri berrietara egokitzea ekarri du (toldoak, itzalkinak, jaimak, manparak, altzariak, berogailuak….). Inbertsio horiek laguntzeko Udalak laguntza lerroa jarri zuen abian 2020an. Lehen deialdia 2020ko azaroan kaleratu zen eta 2021eko otsailean bigarrena. Laguntzak gehienez establezimendu bakoitzarentzat 2.000 eurokoak izan dira, egiten duten inbertsio guztiaren %25a, alegia. Guztira, 23 establezimenduk aurkeztu dute eskaera oraingoz eta Udalak bideratu dituen laguntzak oraingoz 26.246,27 euro izan dira guztira".

4. Babes neurrien laguntza: Bestalde, "COVID-19aren aurrean babes neurrien erosketa bermatzeko laguntza deialdia kaleratu zuen ere Udalak ( gelak, musukoak,
etab. ) Guztira 71 establezimenduk –ostalaritza eta merkataritza– aurkeztu zuten eskaera eta Udalak 19.507€ bideratu zituen laguntzetan".

5. Terrazak: Covid-19aren aurrean ostalaritzarentzako garrantzitsu direla jakitun, Udalak herritarren segurtasuna bermatu eta ostalariek beren lana burutzeko aukera
eskaintze aldera, terrazen gaineko tasan hobariak onartu zituen %50 (dagoeneko terrazak jartzea eskatu duten ostalariek tasetan izan duten %50ko hobaria 17.800 eurotakoa da), ordutegiak zabaldu ziren terrazen irekiera aurreratuz eta terrazen azalera handitzea ere ahalbideratu zen, inolako kostu gehigarririk gabe. Gainera,
erraztasunak eman ditu terrazak handitzeko edota aparkaleku publikoak erabiltzeko terraza zerbitzua emateko.

2021ean zehar, terrazak jartzeko 85 eskaera jaso dira. 81 eskaerari baiezko erantzuna eman die Arrasateko Udalak. Falta diren lau eskaeretatik bi eskaera aztertzeko daude, beste bat ezin izan da eman ostalariak Udalarekin finantza gai ugari eguneratu gabe dituelako eta laugarrenak eskatzen zuen terrazaren handitze planteamenduak bizilagunengan oztopoak eragiten dituenez alternatiba eskaini zaio ibilgailuen aparkalekuak okupatuz handitu dezan jadanik daukan terraza.

18 establezimenduk jada daukaten terraza baimena handitu edo eraldatzeko bigarren baimen bat eskatu dute eta baimena eman zaie.  2 establezimenduk, bigarren baimena jaso ondoren, hirugarren eskaera bat luzatu dute mahai gehiago jartzeko terrazan.

6. Terrazen ordenantza: Udalaren arabera, "gaur egun terrazen araudia indarrean du. Terrazen gaineko ordenantza, guztion espazio publiko baten erabilera pribatiboa den heinean, Arrasateko herritar eta bizilagunekin elkarlanean landu behar da, prozesu parte-hartzaile baten bitartez".

"Zintzotasunez" jarduteko eskaera

Udalak nabarmendu du herriko ostalariekin lankidetzan jarraitzeko "prestutasun osoa" duela eta elkarlana bultzatzeko "ahalegin guztiak" bideratuko dituela, "herriaren garapen ekonomikoa eta biziberritze kultural eta soziala estrategiko izanik Udalarentzat, herriko hiri ekonomia –merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza– funtsezko baita".

Bestalde, "errespetuz eta zintzotasunez" jarduteko eskaera ere egin du Udalak: "Sare sozialetan alkate eta udal zinegotzien izenekin zabalduriko mezuak eta udal zinegotzi batek bere lan lekuan jasandako jazarpena salatu nahi dugu".

Ostalarien ordezkaritzak apirilaren 6an egin zion bilera eskaera eta informazio eskaera Udalari, "zenbat establezimenduk jaso dituzten laguntzak, zenbatek ez, eta ezezkoaren zergati zehatza" jakiteko. Udalak "idatziz erantzun zion ostalarien ordezkaritzari apirilaren 7an, eskaturiko informazio zehatzarekin, eta egunean bertan itxi zuen apirilaren 14rako bilera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak