Bi urtean behin egiten duten Korrika ekimenarekin euskara erdigunean jarrita, AEK-k helduen euskalduntze alfabetatzean egiten duten lana azaleratzen dute eta eguneroko jardun horretarako ezinbestekoa da, era berean, Korrikaren bidez lortzen duten diru kopurua. "Korrikarekin egiten dugun moduan, gaurko ekitaldi xumearekin ere aldarrikatu gura dugu gure egoera normalizatzeko. Gure irakasleon lan baldintzak ez datoz bat eskatzen zaigunarekin konparatuta, eta horregatik, ezinbestekoa dugu bi urtean behin Korrika antolatzea, gure eguneroko lan jarduna bermatu ahal izateko. Aurten Korrikarik ez dagoenez maileguak eskatu behar izan ditugu gure jarduna aurrera eramateko; horregatik, Administrazioari eskatu gura diogu, beste behin, behingoz, pausu sakon bat emateko helduen euskalduntze alfabetatzea normalizatzeko", azaldu du Arrasateko AEK euskaltegiko zuzendari Oskar Elizburuk.
Herritarren eta herriko sortzaileen babesarekin
Herritarrei ekitaldian parte hartzeko deialdia eginda, asko izan dira Herriko Plazan eguerdian batu direnak. Beste batzuetan moduan, herriko artisten babesa izan dute AEK-ko ordezkariek. Ane Zuazubiskarrek bertsoekin ekin diote ekitaldiari, ordurako dagoeneko taularen gainean zen Joana Manzisidor graffiti egilea murala egiten. AEK-ko bi ikaslek eta bi irakaslek hartu dute bertsolariaren lekukoa "helduen euskalduntzearen premia eta normalizazio beharra aldarrikatzen" zuen testua irakurtzeko. Ekimena janzteko Bultza rapa eta Euskal Herrian euskaraz abesti ezaguna abestu dituzte gero, Josu Zubia AEK-ko iraslearen gitarra doinuekin lagunduta. Zuazubiskarrek azken bertsoa bota eta, beste herrietan egin duten moduan, gaurko ekitaldia borobiltzeko plazan batutakoek talde argazkia atera dute Manzisidorren margolana atzean zutela.
Diruz laguntzeko aukera
Gaurko ekimena baliatuta nahi duenak diruz laguntzeko aukera dagoela adierazi du Elizburuk: "Ekarpen ekonomikoren bat egin gura duenak samur du. Nahikoa da gure atarira sartzea eta bertan dagoen Bultza atalean klik egitea. Ez dago kopuru zehatzik, bakoitzak nahi edo ahal duena eman dezake. 30 eurotik gorako diru-laguntza egiten dutenek oparitxo bat jasoko dute".
Arrasateko AEK euskaltegia, osasuntsu
Etxe berria estreinatuta, "gustura eta pozik" ari dira AEK-ko ikasleak eta irakasleak aurtengo ikasturtean. "Ondo gabiltza, pandemiagatik taldeko ratioak mugatu egin ditugu, zazpi-zortzi laguneko 26 talde ditugu. Oso pozik gaude ikasgela berriekin".