Ikasleen saioaren aurretik, herriko trikitixa eskolako ikasle ohi diren Irati Gutierrez, Amets Ormaetxea eta Leire Etxezarretak, Neomak taldeko kideek, euren musika ibilbidearen kontakizuna egin dute Maider Osak gidatuta. Solasaldia borobiltzeko hiru pieza jo dituzte pandero eta bestelako tresnak lagunduta.
Gogotsu hartu dute ikasleek lekukoa taularen gainean. "Santamas Komisioak aukera eman zigun abenduan saio bat egiteko baina bestela apenas dugu kalean jotzeko aukerarik. Ikasleentzako, eta orokorrean, eskolako kideontzako, ezinbestekoak eta beharrezkoak dira halako saioak ikasleek eskolan ikasitakoa baliagarria dela erakusteko eta gurasoekin eta gertukoekin tarte goxo bat partekatzeko", azaldu du Arrasate Trikitixa eskolako zuzendari eta irakasle Maixa Lizarribarrek.
Neomak taldeko kide eta gaur egun eskolako irakasle den Irati Gutierrezek ere berretsi egin du halako saioen garrantzia. "Gogoan dut ikasle nintzela asko gozatzen nuela entzule moduan eta oso polita zela ezagunen eta gurasoen aurrean jotzea. Gaurko saioan ere gozatu dut, gaur egun ikasle ditudanen aurrean gure bizipenak kontatzen, eta erakutsi nahi izan diegu, eurek ere izango dutela musika arloan dituzten ametsak betetzeko aukera.
Zortzi taldetan banatuta ordubete inguruko musika saioa eskaini dute guztien artean.
Bukatutakoan, ohitura duten moduan, eskapularixo bana oparitu dizkie irakasleek taularen gainean igo diren artistei.