Bere adineko gazte asko bezala, unibertsitate ikasketak egiten ari da Ekiñe Casado, eta, bien bitartean, berak sortutako bost kantaz osatutako maketa bat grabatzeko tartea hartu du: "Komentarioren bat entzun behar izan dut, ea zertan nabilen hain gazte izanda maketa bat kaleratzen; ba, tori maketa!", dio amorrazioz. Halakoak entzuteak "atzera botatzeko gogoa" piztu badio ere, "bi aldiz pentsatu ostean" damurik sentitzen ez duela aitortu du Casadok, nahiz eta hasieran non sartzen zen ez zekiela onartu: "Alboan aurkitu ditudan musikariek asko lagun-du naute, bai kontzertuetan eta baita grabazio fasean ere".
Estudiora, di-da batean
Ez du urrunera joan beharrik izan estudioko lehen lana argitaratzeko, Arrasateko Shot!-en egin baitio tokia Iñaki Bengoa teknikariak: "Grabatzeko zerbait neukanean abisatzeko esan zidan Iñakik, eta hala egin nuen; otsaileko azken asteburuan egon nintzen Shot!-en, eta oso arina egin zait grabaketa".
Bi egunean grabatzen duenak nahiko argi izan behar du zein den atera nahi duen emaitza, eta bakarlariaren kasuan hala izan da. Hala ere, esperimentuei ere ireki dizkie ateak, berarekin batera maketa notaz janzten aritu diren musikarien gomendioei jarraituz: "Abestietan aurreikusi gabeko instrumentuak sartzera ausartu gara, errazagoa baita bukaeran kentzea beste zerbait gehitzea baino".
Zehazki, Uxue Alkortaren, Maialen Oleagaren, Olatz Ur-kiaren eta Goiatz Salbadorren laguntza izan du gitarra elektrikoak, ahotsak, baxua, kajoia, pianoa eta trikitia grabatzerakoan. "Niretzat etxean egotea moduko esperientzia izan da, lagun artean grabatu dudalako, eta pare bat aldiz egonda nengoelako Bengoarenean", ziurtatu du Casadok.
Musikari zaildua
Musikarekiko harremana txiki-txikitatik daukala gogoratu du gitarra-jole eta abeslariak: "Etxean jartzen zizkidaten taldeekin ikasi nuen oinez: Gose, Pirritx eta Porrotx, The Clash... Abesteko gai nintzenean, punk kantak ez entzuten saiatzen ziren gurasoak, biraoak ikasi ez nitzan, baina ez zuten lortu". Trikitxa Eskolan apuntatu zen, gero, 7 urterekin hartu baitzuen panderoa eta 9 urterekin trikitia. Testuinguru hartan hasi zen, gainontzeko ikasleekin batera, publikoaren aurreko emanaldiak eskaintzen, "betidanik" maite izan duen gitarra akustikoari arreta jarri baino lehen: "Anari ezagutzeak begiak ireki zizkidan, sekulako aurkikuntza izan zen niretzat. Horrez gainera, asko jaso dut herriko musika eszenatik, eta halaxe murgildu nintzen bakarlari gisa".
Kantuak, "minetik"
Bertsioak jotzearekin batera, kantu propioak sortzen hasi zen, pixkanaka: "Gehienbat, gizarteak sorrarazten digun minari eta ahultasunari aurre egiteko konposatzen dut; maketa ere hortik doa". Formatu fisikoari, hots, diskoaren diseinu eta ilustrazio lanei, garrantzia eman nahi izan die, eta Internetera "oraindik" igoko ez duela nabarmendu du.
Banaketa faseari helduko dio jarraian, eta, momentuz, Irati topalekuan jarriko du salgai lan berria, nahiz eta herriko eta bailarako beste txoko batzuetara ere eramango dituen. Kontzertuez galdetuta, Ondarroako gaztetxean lotu du bakarra, momentuz, baina joango dela "pixkanaka" gehiago lotzen.
Bere bidea urratzen segitzeko asmo argia dauka Casadok, baina aterik ez du itxi nahi: "Polita izango litzateke etorkizunean talde bat osatzea".