Arrasate.eus webgunean bete ahal izango dute herritarrek inkesta hori, "gaurtik edo bihartik aurrera", eta baita Azoka Plazan bertan ere. Eguaztenetan eta egubakoitzetan, gainera, udal langileak egongo dira informazioa emateko. Apirilaren 5era arte egongo da erantzuteko aukera eta guztiz anonimoa izango da inkesta.
Eurogap enpresak aztertuko ditu inkestak eta neurri batzuk proposatuko ditu, azoken egoera berpizteko asmotan, "azoketan erreleborik ez dagoelako eta geroz eta itzaliago daudelako". Diagnostikoa maiatzaren amaierarako bukatzea aurreikusten dute eta helburua da azoka guztietarako aplikagarriak diren ondorioak ateratzea.
Lehenik, inkesta; gero, parte-hartzea
Esan moduan, azokak eta tokian tokiko produktuak indartzea da ekimenaren helburuetako bat, azoken biziraupena bermatzeko. Modu horretan, ekimenaren lehenengo fasea izango da inkesta, eta bigarren fasean, herritarrekin eta eragileekin elkarlana sustatu gura dute. Hala, talde dinamikan parte hartzeko interesa duen herritar orori, merkatuplaza@eurogap.es helbidera mezu bat idazteko deia egin diete "eta bertan, dinamiketan parte hartzeko informazioa emango zaio".
Arrasateko Udala, Landaola Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioarekin, Eusko Jaurlaritzaren Elika Fundazioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Gipuzkoako beste hainbat udalerrirekin elkarlanean ari da ekimenean parte hartzen. Debagoiena mailan, Bergara eta Oñati ere ari dira ekimenean parte hartzen.
