Karapaixoa izan da protagonista nagusia martxoko baserritarren azokan

Jone Olabarria 2021ko mar. 20a, 14:52

Garaiko produktuei lekua eginez, hileko hirugarren zapatuetan egin ohi duten moduan Baserritarren Azoka izan da Seber Altube plazan.

Ez da ekintza berezirik izan martxoko Baserritarren Azokan baina hala ere herritar asko gerturatu dira gaur goizean zehar Seber Altube plazara. Karapaixoa izan da protagonista nagusietako bat gaurkoan, eta herrian egindako hiru karapaixo mota erosteko aukera izan da, nahiz eta ez den erraza izan horietako bat eskuratzea, goizean goizetik agortu baitira.

Herritar askok baina aurretik eskatua zuten beraien karapaixoa, eta Errastiko baserriko Josune Etxabek azaldu duenez, Arrasaten "oso errotua" dagoen ohitura da: "Harrituta gaude jende gazte asko ere etortzen delako erostera. Ohitura errotuta dago eta ez da lehengo kontu bat soilik, denboran zehar iraun eta egun ere arrakasta du".

Gozogintza osasuntsua, arrakastatsua

Hala ere, Baserritarren azokan ohikoak diren produktuak eskuratzeko aukera ere egon da. Gozogintza saltzen duten postuek arrakasta handia izan dute, eta esaterako, Ainara Abasolok saltzen dituen gozogintza produktu osasuntsuen postuan ilara luzea egon da goiz osoan zehar: "Lau hilabete daramatzat postuarekin. Hasieran nobedadea izan zen eta jendea probatzen joan den heinean harrera ona izan du".

Glutenik gabeko produktuak, azukre gabeak eta ahalik eta osasuntsuenak egiten dituela azaldu du: "Helburua pertsona guztientzat produktuak eskaintzea da, intolerantzia edota alergiak dituztenentzat ere. Arrautzarik gabe, edo esnekirik gabe ere prestatzen ditut horregatik produktu batzuk".

Arabiar pasta eta gozokiak saltzen dituen Ouissal Amalalek azaldu du azoka "aukera ona" dela produktuak saltzeko: "hasieran jendeak ez zituen gure produktuak ezagutzen eta probatzea kostatzen zitzaien. Gaur egun baina, gure ohiko bezeroak ditugu eta hilero etortzen dira erostera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak