Ane Irazabal: "Kazetari gisa, ardura puntu bat sumatzen dut"

Maialen Santos 2021ko mar. 19a, 15:00

Azken urtean lan egiteko modua aldatu egin zaio Ane Irazabal kazetari arrasatearrari. Hirugarren olatuan murgilduta dago Italia, osasun sistema kolapsatu egin du horrek, eta, astelehena ezkero, herrialdearen bi heren konfinatuta dago; AstraZenecaren txertaketa, gainera, etenda dago.

Zein da egoera une honetan?

Datuak ez dira onak. Hirugarren olatuan, britaniar, brasildar eta hegoafrikar aldaerak gailendu egin dira; oso kutsakorrak dira. Ospitaleek gainezka egitea eragin du horrek, eta konfinamendua ezarri dute intzidentzia-tasa 250etik gorakoa duten tokietan.

Herrialdeko zein eremuri eragiten dio horrek?

Herrialdeko bi hereni; hamazazpi eskualdetatik, hamaika daude konfinatuta, eta hiri nagusiak dauden eskualdeei eragiten die horrek. Oinarrizko jarduerak egiteko soilik irten gaitezke etxetik, eta egunean behin, kirola egitera ere bai. Hiru asteko konfinamendua izango da, eta, beraz, Aste Santua ere etxean pasatuko dugu.

Duela urtebete ere, pandemiak Italian jo zuen gogorren...

Hala da. Italia izan zen Txinaren ostean lehen kasu autoktonoa identifikatu zuen Europako lehen herrialdea, iaz, otsailean. Hari horri tiraka, agerraldi handi bat hauteman zuten herrialdeko iparraldean, eta horrek eraman zuen Gobernua Europako lehen isolamenduak derrigortzera. Halere, esan behar da gerora jakin zela gizon haren aurretik kasu gehiago ere egon zirela.

Italiaren atzetik zihoazen gainontzeko herrialdeak...

Sentsazioa zen etorkizunetik hitz egiten ari ginela; Italian gertatzen zena astebetera zabaltzen zelako beste herrialdeetan. Hemen hartzen ziren neurriak hedatzen zihoazen beste herrialdeetan. Ardura gisako bat sumatzen genuen, besteek ez zitzaten egin hemengo akats berak. Baina, gauzak distantziatik ikusita, ematen du zuri ez zaizula halakorik gertatuko.

Nolakoa izan da azken urtea?

Maiatzean hasi zen konfinamendu arintzea; oso motela izan zen eta ondo egin zen. Horri esker, uda lasaia izan genuen, baina korronte negazionistak hasi ziren esaten birusa ez zela existitzen, eta horrek eragina izan zuen gerora; urrian bigarren olatua iritsi zen, eta lehenengoak baino hildako gehiago utzi zituen.

Azken urtean, aldatu egin zaizu kazetari jarduna?

Erroman bizi naizen arren, asko bidaiatzen nuen lehen, eta hori moztu egin da orain. Horretaz gain, kazetari moduan ardura puntu bat sumatzen dut, garrantzitsua delako informazioa ondo ulertzea, ondo kontatu ahal izateko. Nolabait, kazetariok doktorego gisako bat egin behar izan dugu epidemiologian. Azkenik, krisi honek erakutsi du hedabideetan garrantzitsua dela zientzian adituak izatea.

Nola doa txertaketa-plana?

Eskualdearen arabera. Herrialdeko estrategia da 60 urtera artekoei AstraZenecaren txertoa jartzea eta gainontzekoei, Moderna eta Pfizer. Txertaketa ez doa espero bezain azkar, halere.

AstraZenecaren txertaketa eten egin dute Italian ere...

Sendagaien Europako Agentziak gaur hartuko duen erabakiaren arabera jokatuko du Italiak.

Txerto horrekin Australiara zihoan barku bat geldiarazi zuen Italiak...

Bai, Europako Batasunak urtarrilean sinatutako akordioa aintzat hartuta. Horretan esaten zen estatukide bat gai izan zitekeela esportazio bat geratzeko, batasunaren baitan beharrezkoa den hornikuntza bat arriskuan ikusiz gero. Hala izan zen.

COVID-19ari aurre egiteko Mario Draghi teknokratarengan konfiantza jarri du herrialdeak...

Ospe handiko pertsona da hemen. Esperimentu politiko berria jarri du martxan: Gobernuan daude teknokratak eta politikariak. Ikuspuntu komunikatibotik egin du aldaketa handiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak