Drogen kontsumoaren prebentzioa ardatz hartuta, 2018an herriko gazteei zuzenduriko programa psikopedagogiko bat martxan jartzeko lau urteko hitzarmena sinatu zuten Arrasateko Udalak eta San Juan de Dios ospitaleak. Udalak adierazi du "2021ean ere jarraipena" emango zaiola hitzarmen horri, lanketara 7.000€ko aurrekontua bideratuz.
Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako zuzendaritzarekin elkarlanean, 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduriko prebentzio programa lantzen da proiektu psiko-hezitzailean, helburu nagusia "ikasleei drogen eta, oro har, horien kontsumoaren eragin eta ondorioen inguruko informazioa eskaini eta ezagutzera ematea" delarik.
"Esperimentazio" garaia
Era berean, Udalak "aldaketa, emozio eta esperimentazio handiko" etapa bezala deskribatu du neraberazoa. Urte horietan inguruko gertakari edota erlazioek gazteen jokaeran "eragin zuzena" dutela gaineratu du: "Kasu askotan, hor tartean sartzen da drogen kontsumoa, eta horregatik errefortzu moduko bat eskaini nahi diegu programa honekin ikastetxeetan egiten duten lanketari, urtetik urtera kontsumoaren inguruan sakondu eta informazio zuzen eta eguneratua jasotzeko bide bat gehiago eskainiz”.
Inkestetatik saioetara
Ikasleek sustantzien kontsumoaren inguruan duten jarrera jasotzeko, urtero DBHko zikloa hasten duten ikasle berriek, DBH 1ekoek, alegia, inkesta bat erantzuten dute: "Inkesta horretan, autoestimuaren, asertibitatearen, erabakiak hartzearen, talde zein gizarte presioaren eta autokontsumoaren inguruko galderak egiten zaizkie; ondoren, ikasle hauekin zein DBH 2koekin inkestan landutako gai horiek sakontasunean tratatzeko saioak eramaten dira aurrera ikastetxean bertan!, zehaztu dute Udaletik.
DBH 3 eta 4ko ikasleek, aldiz, San Juan de Dios ospitalera egin ohi dute irteera, droga-menpekotasuna bizi duten edo bizi izan dutenen kontakizunak eta bizipenak gertutik ezagutzeko: "Aurten, baina, Covid-19ak eragindako osasun egoera dela-eta, bisitaldia bertan behera utzi beharko da eta saio horiek ikastetxean bertan landuko dira".