Eider Otxoa: "Galeren gaineko pedagogia egin gurako nuke"

Eneko Azkarate Laspiur 2021ko mar. 19a, 10:00

COVID-19 garaia, galera garaia izenburupean, berbaldia egingo du Eider Otxoa dolu-terapeutak –Dolulaguna zentroko arduraduna–, Arrasaten, Kulturateko areto nagusian, astelehenean, hilak 22. 18:00etan hasita, eta Arrasate Herri Eskolako Guraso Elkarteak antolatuta. Sarrera "librea" dela aurreratu dute antolatzaileek.

Asko hitz egiten da COVID-19aren ondorio ekonomikoez, osasun ondorioez… Ondorio psikologikoak ere badira?

Oso nabarmenak dira. Garai honetan, beldurrak ugaritu egin dira, depresio kasuak asko igo dira eta lehenagotik geneuzkan arazo osasun-mentalak areagotu egin dira. Gure psikologiaren eta ondorio psikologikoen garrantziaz jabetzeko sasoia ere bada. Ari gara ikasten ez garela zerbait fisikoa bakarrik.

COVID-19ak 153 hildako utzi ditu Debagoienean urtebetean. Zaila da gertuko baten heriotza asimilatzea; are zailagoa ezin agurrik ematea.

Heriotza traumatikoak bizi izan ditugu. Batez ere, eta argi eta garbi esanda, jarrera gizatiarren faltagatik. Ospitaleetako arauak gailendu egin dira. Beldurraren ondorioz jarritako arauak izan dira. Ondorioz, hurbiltasuna galdu egin dugu. Heriotza uneetan, eta gaixotasun uneetan, hurbiltasuna behar-beharrezkoa da. Pandemia sasoian izan diren heriotzen zati handi bat izan dira lagundu bakoak, eta horrek trauma handiak sortu ditu halako egoera jasatea tokatu zaien pertsonen artean. 

Nola egiten zaio aurre halako egoera bati?

Min eta amorru handiz. Momentuan ez gara oso kontziente, shock egoeran gaudelako eta une latz horretan borrokatzea tokatzen zaigulako. Baina hain da traumatikoa halako egoerak bizitzea, gero trauma hori azaleratu egiten da eta terapia bidez landu behar da, beste edozein trauma bezala trabatuta geratzen delako gugan, eta, hain zuzen, askatu beharra dago.

Nola laguntzen diezu halako egoera traumatikoak bizi izan dituztenei?

Trauma une horietara joaten naiz, baina ez naiz han geratzen, gaur egunera ekartzen ditut eta, poliki-poliki, presente berria eraikitzen joaten gara.

Zer da dolu-laguntzaile edo terapeuta izatea?

Dolu prozesu bat bizitzen ari den pertsona bati bidea egiten laguntzea. Trauma izan daiteke heriotza bat, baina beste edozein galerak sortutakoa ere izan daiteke: banaketa bat, gaixotasun bat,  bat-bateko edozein galera… Galeren gaineko pedagogia eta kontzientzia zabaltzea nahiko nuke. Galerak gure bizitzetan integratzearen garrantzia. Gure bizitzako parte da.

Noiz gainditzen da heriotza mingarri bat? Amaitzen da dolua?

Dolua edo mina maitasunean eraldatu dugula sentitzen dugunean. Prozesu hau tunel bat izango balitz moduan irudikatzen dugu. Hasieran, tunelaren amaieran argi gutxi ikusten dugu, baina zeharkatu ostean, mina bizi ostean, bukaeran, argia handiagoa da eta itxaropena, maitasuna eta esker ona gailentzen dira. 

"Denok behar dugu bizi dolua. Bizitzaren parte da. Konpromiso bat, nork bere buruarekin hartzen duena"

Beharrezkoa, inportantea da dolua egitea?

Aukera bat da, baina derrigorra dela esango nuke. Denok behar dugu bizi. Bizitzaren parte da. Konpromiso bat, nork bere buruarekin hartzen duena. Landu bako dolu horiek beste nonbaitetik ateratzen dira: antsietatea, depresioa, beste gaixotasun batzuk… 

Heriotzak tabu izaten jarraitzen du oraindik?

Pandemiaren ondorioz, heriotza taularatu egin da, plazaratu egin da. Hasi gara heriotzaz berba egiten.  

Heriotzak tabu izaten jarraitzen du?

Pandemiaren ondorioz, heriotza taularatu egin da, plazaratu egin da. Hasi gara heriotzaz berba egiten. Normaltasunera heltzen garenean, akaso, berriro ahaztu egingo dugu, baina heriotzaren kontzientzia hartzen dugunean, bizitza modu presentzialean hasten garelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak