Iraganeko hitzei presentzia emateko egin zuten Arrasateko Hitzak lehiaketa Euskaraldiko herri batzordekoek, herritarren erantzuna zein izan zitekeen imajinatu gabe. Hiru hilabete pasa badira ere, txapelketa horretako ekarpenek "ibilbide luzea" izango dutelakoan daude Amaia Arana eta Aintzane Lasa, Udaleko Euskara Saileko teknikariak. Eurak arduratu dira txapelketan jasotako hitzak aztertu eta sailkatzeaz. "Ordu asko eta asko" eskaini diote horri. Lanaren emaitzak ematen ditu prozesuaren gaineko pistak: onartuak izan diren 372 hitz –horietatik 100 inguru behin baino gehiagotan azaldu dira–, eta baztertutako 37. Azken horiek zergatik alboratu dituzten, horixe Aranak azaldu duena: "Batzuk aldaerak direlako; hau da, beste hitz batzuetatik datozelako; fan aditza, esaterako, joan aditzetik dator". Baina hori ez da hitzak baztertzeko motibo bakarra, batzuen jatorri "lausoa" ere izan baitute jomugan: "Zenbateraino da berba bat Arrasatekoa? Bizkaian ere erabil dezakete hitz bera, edo Debagoieneko beste herri batean; beraz, non dago muga?". Halakoetan, erabileran jarri dute erabakiaren galbahea. "Laster esateko, aurki erabili izan da hemen, baina baita Goierrin ere; ondorioz, batez ere, gutxi erabiltzen delako eta ahanzturan ez erortzeko erabaki dugu hitz hori jasotzea", zehaztu du Lasak.
Transmisio falta
Espero zuten bezala, berba batzuk behin eta berriz irakurri dituzte herritarrek aurkeztutako txantiloi desberdinetan: ixotu, tril egin, amarratza, ostarkue, lekaixoka, afoñue, ariñeketan, atartie, garbatu, askarrixe, in-kernue, itxufiña, itxungi, larue, moltzue, takarraran... Gaur egun gertatzen ez den bezala, Arrasateko kaleetan sarri entzuten ziren, duela ez hamarkada asko, espresio horiek eta gehiago, adin guztietako jendearen ahotik. Hizkuntza ohitura horien galera ekarri duten arrazoiak zeintzuk diren, zalantzak dituzte Lasak eta Aranak, baina azken horrek argi dauka kontu bat: "Nire etxean, orain dela 15-20 urte, moltzua izenez ezagutzen genuenari sukaldeko trapu deitzen hasi ginen".
Gai horri buruz itzulinguruka ibili barik hitz egin dute Anabel Ugaldek eta Joxemari Ganboak. Euskalkien defendatzaile sutsuak eta irakasleak izanik, ez zuten euren jakintza lehiaketaren bidez zabaltzeko aukera alferrik galdu. Beste hainbatek bezala, euren amandreengandik eta aitajaunengandik ikasitako dozenaka aditz, objektu, espresio, izen eta izenondo proposatu zituzten biek, tokiko hizkerari "duintasuna eta zabalkundea" emateko asmoz.
Azken urteetan herrian izandako euskararen bilakaerak "txundituta" utzi ditu bi arrasatearrak. "Alabaren lagunek esana didate ez nautela ulertzen", dio Ganboak; Ugaldek, berriz, euskalgaizto kontzeptua dakar mahai gainera: "Euskaraz gaizki egiten duen bati, hau da, euskalgaizto bati, euskaraz ondo egiten zuen batengatik kaxero hitz egiten zuela aditu nion, nire atsekaberako. Pentsa zer gertatu den hemen: balinda eta zogun esaten dutenak nagusitu dira eta ondo hitz egiten dutenak, aldiz, gutxietsi".
Beste espresio batzuek ofizialki okerreko esanahia hartu dutela ere izan dute hizpide; betiere lokailua aipatu dute adibide modura: "Espresio horrek, jatorriz, noizean behin esan nahi du, eta, gaur egun, betidanik, oraindik edo edonola ere hitzen sinonimo bezala dago onartuta".
Belaunaldien artean euskalkia etetearen kausak irakaskuntzan eta euskara batuaren sustapenean kokatu dituzte, batez ere. Euskalkien interpretazio "pobrea" egin dela uste dute, eta euskara batuak euskalkiari tarte gehiago eskaini beharko liokeela iradoki: "Gauzak izendatzeko modu ofizial bat inposatu du euskara batuak, gauza hori modu askotan izendatu daitekeela kontuan hartu gabe". Eskolan gertatzen dena jarri dute joera horren lekuko: "Irakasleak ikasle bati esaten dionean 'hori ez da horrela esaten', ikaslea lotsarazi egiten du, eta ideia horrekin joaten da etxera. Ostean, aitona-amonei esango die euren hizkera oker dagoela".
GAZTEEI ARROTZ EGITEN ZAIZKIE DUELA GUTXI ARTE KALEAN SARRI ENTZUTEN ZIREN BERBAK
Hitzen antzinatasuna
Egungo ikuspegitik harrigarria dirudi euskara batua asmatu baino mende batzuk lehenago Euskal Herriko txoko desberdinetako herritarrek elkar ulertzeko hizkuntza komuna zeukatela pentsatzea, baina historialari eta filologoek susmo hori daukate, Anabel Ugaldek azaldu duenez: "Blanca Urgelli entzun nion XVI. mendean euskaldunek antzera hitz egiten zutela toki batean zein bestean; horrekin bat eginik, Arantzazun aurkitutako 1510eko poema bat irakurri nuen aurreko batean, Azkoitiko eskribau batek idatzitakoa, eta konturatu nintzen ezagutzen nituen hitz dezente agertzen zirela bertan". Froga horietan oinarrituz ausartzen dira esatera, bai Ugalde eta bai Ganboa, euskarazko hitzak zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta ohikoagoa dela euskalki desberdinetan erabiltzea. "Baina euskalkiek euren bidea egin dute belaunaldiz belaunaldi, eta horregatik hitz egiten dugu Leintz bailaran modu batera, Oñatin beste batera eta Bergara aldean beste batera".
Esaeren ehiztari
Etxe eta baserri askotan ohiko ariketa da mahaiaren bueltan batu eta senitarteko zaharrek egunerokotasunean erabiltzen zituzten berbak gogoratzea. Hala hasi ziren Ugalderen etxean Arrasateko hitzak gogoratzen, lehiaketa bera hasi baino lehenago. Ganboak, berriz, koaderno bat darama beti alboan, eta karta-joko bat nahikoa zaio kideak botatako komentario bati balio erantsia emateko: "Aurrekoan, batek kostau haz esan zuen, kostau jatzu edo ordue zuan esan zezakeenean. Buelta hori zoragarria iruditu zitzaidan; apuntatu egin nuen". Bistakoa da aldaketa horiek gustuko dituela, zuzentasunaren gainetik: "Hemen euskaltzain asko eta euskaldun peto gutxi daude, bertako berba erabiltzen duenak euskara petoan hitz egiten ez duela sinisteraino. Jarrera malguagoa izan beharko genuke, batuak eta euskalkiak, biek aberasten baitute elkar".
Eurek bertako hitzak ondo jakin arren, katea ez etetea, hau da, hitzek kalean jarraitzea nahi dute. Ez da erronka makala, baina orain arte egindako saiakerak eta gaur egungo komunikabideak bidelagun izan daitezke transmisio lan horretan. Euskara Saileko teknikariek eman dituzte pista batzuk: "Hor daukagu Badihardugu elkarteak sortutako ahotsak.eus webgunea, jende nagusiaren hizkuntza ohituren artxibo erraldoia dena; denon artean jarrai dezakegu artxibo hori elikatzen. Bestalde, Instagramek eta halako sare sozialek eman diezaiekete iraganeko hitzei freskotasun bat". Ikusten da gogo faltagatik ez dela izango; agian, globalizazioak kalte egingo die tokiko esanei, eta baliteke horregatik etortzea Ugalderen azken gogoeta: "Dena beharko dugu euskararen egoera hobetzeko".
372 berben lagin txiki bat, esanahiekin
Euskaraldiaren lehiaketara aurkeztutako hitz batzuen azalpenak, sailkatuta:
Aditzak
• Enpaztu: parra egin
• Garbatu: damutu
•Tril egin: topo egin
• Urkuldu: artaburuari aleak kendu
• Garmindu: janariak erre usaina eta zaporea hartu
• Pipertu : haserretu
Tokiak:
• Eskatza: sukaldea
• Kamarie: ganbara
• Zirkin-zulue: gordelekua
• Ittubie: ukuilua
Espresioak:
• Beinke: bai horixe!
• Barrixen barri: berriro
• Beti be: noizean behin
• Zartarie: harrikada
• Trikili-trakala: estropezuka
• Enda: eta
Animaliak:
• Txirtxille: kilkerra
• Apue: txerri arra
• Txindurrixe: inurria
• Ugarixue: igela
• Katamixarra: katagorria
• Ogitegaztai : erbinudea
• Amarratza: armiarma
Jakiak:
• Zikili-mokolue: janari askoren nahasketa
• Urdentzakixe: urdaiazpikoa
• Azkarria: legamia
Eguraldia:
• Afrontu: euria haizearekin
• Horeixe: ekaitza
• Idolas: euri-jasa sendoa
Adjektiboak:
• Papartente: harroxko
• Bargasta: emakume gaiztoa, errebeldea
• Mondrongo: atso zakarra
• Pikutero: kontakatilu
• Gelbeixu: gizon makala
• Demaseko: neurriz gaineko
• Fardel: arlote
Euskalkiarekin lotutako anekdotak
Zenbatu ezin diren bitxikeriak datozkie burura Anabel Ugalderi eta Joxemari Ganboari ahoan darabilten hizkera dela eta. Azken horrek ondo gogoan du behin gertatu zitzaiona: "Elgetako lagun batekin joan nintzen bere herriko taberna batera; hotz egiten zuenez, salda beroa nahi genuen. Lagunari gustatzen zitzaizkion Arrasateko berbak, eta esan zion tabernariari: 'Saldixe badaukotzue?'.Eta besteak erantzun: 'Saldixe, larrean'. Azkenean, bi kafesne hartu genituen". Pattarra eskatzen duenean ere ez omen diote zerbitzariek mezua ulertzen: "Patxarana, anisa... Denetik atera izan didate kafearekin pattarra eskatu izan dudanean, koñaka izan ezik. Eta neuk koñaka eskatzen nien!".
Bestalde, atzizkia esateko eragatik arrasatear bat erdigunekoa edo periferiakoa dela jakitea erraza zaio Anabel Ugalderi: "Txarrixa kaletarrek esaten dute eta txarrixe, ostera, baserri ingurukoek". Eta hitz berak esanahi desberdina izan dezake auzo batean edo bestean. "San Andres aldean puxeta egin esaten zen arropa garbitzerakoan", dio Ugaldek; Ganboak, kontrara, beste modu batean ulertzen du hitz hori: "Musakolan, errekatik malatura –errotaren ubidera– zihoan ur kantitatea neurtzeko biltegiari deitzen genion puxeta edo antepara". Gainera, testuinguruaren arabera hitz batek esanahi desberdina hartzen duela ere aipatu dute, eta afoñua jarri dute adibide: "Berez, simaurra egiterakoan ateratzen den lurrunari deitzen zaio afoñua, baina kiratsa dagoela esateko ere erabiltzen da".
Tabernen eta jatetxeen izenak
Ostarku, Txitxinpe eta Larrinetxe toki-izenak ere Arrasateko hitzetatik datoz: lehenak ostadarra esan nahi du; bigarrenak, teilatutik kanpora doan zatia; eta azkena larriñe hitzetik dator. Hau da, etxaurreko lautada edo belardia izendatzeko modutik.