Juan Leibar hil da, 'TU Lankide' aldizkariko sortzaile eta Eskola Profesionaleko irakasle izan zena

Xabi Gorostidi 2021ko mar. 15a, 15:48

Juan Leibar. (Argazkia: TU lankide)

Zapatuan hil zen, 94 urterekin, COVID-19aren eraginez. Jose Maria Arizmendiarretaren oso gertuko pertsona izan zen, eta Eskolako Profesionaleko irakasle, idazkari orokor eta komunikazio arduradun izan zen. Arrasateko mugimendu kooperatiboko hezkuntza eta komunikazio arloa ulertzeko "ezinbesteko pertsona" izan zela diote gertutik ezagutu zutenek. 

Arrasateko Gesalibar auzoko Elezgarai baserrian jaio zen Eugenio Juan Leibar Guridi, –Juanito, gertukoentzat– 1926ko abuztuaren 13an; "Fidel Castro eta ni egun berean jaioak gara" adierazi zuen Ahotsak.eus-ek egindako elkarrizketetako batean.

Eskoriatzako Marianistetan egin zituen ikasketak. Hainbat lekutan aritu zen irakasle –Elorrion, Madrilen eta Suitzan, besteak beste– eta Pedagogian lizentziadun gisa hasi zen Eskola Profesionalean lanean, 29 urterekin. Gaur egun Mondragon Goi Eskola Politeknikoa denaren hazia izan zen Eskola Profesionala. 

"Pertsona balioaniztuna" dela diote ezagutu zutenek, eta horren erakusgarri da Eskola Profesionaleko irakasle, idazkari orokor eta komunikazio arduradun izan zela. Ez hori bakarrik, TU Lankide aldizkariko lehen zuzendaria izan, eta bideo honetan aldizkariaren hastapenei buruzko hainbat bizipen interesgarri ekarri zituen gogora, 2016an, aldizkariaren 50. urteurrenaren harira. "Hamargarren alea kaleratu genuenean, On Jose Mariak ideia bat izan zuen orduko zentsuraz libratzeko. Garai horretan kontrol handia zegoen aldizkariek idazten zutenari buruz, baina inprenta elizkoiak salbuespen ziren. Hori jakinik Gasteizko Eliza Diozesiarreko inprentan hasi ginen aldizkaria inprimatzen".

Hasieran Cooperación izenburua zuen aldizkariak, baina izena aldatu zioten Madril aldean izen berdina zuen beste aldizkari batek salaketa jarri eta gero. "Madrilgo Ministeriotan lagun asko zituen Arizmendiarrietak, eta bertara egindako bidaia batean jarri zion izen berria: T.U. Lankide; Trabajo y Union, Lankide. Eta Zergatik T.U., eta ez Tu? Bada Tu hitzak konnotazio falangistak zituelako". 

Juanito Leibar, Eskola Profesionalean lanean. (Argazkia TU Lankide)

Leibarren idazkera fina eta sinplea, Arrasate Press sortzeko inspirazio izan zirela aitortu du publikazio horren sortzaile izandako Joxe Aranzabalek: "Bi astez behin edo Gorabeherak izeneko berripaper bat ateratzen zuen, eskolan gertatutako azken berriekin. Orri bat izaten zen, alde bietatik idatzita, gaztelaniaz batez ere, berri laburrez josita. Estilo bizkorrean idatzita egoten zen; umore handiz, argi eta garbi. Gehiago edo gutxiago gustatu arren, mundu guztiak irakurtzen zuen, goitik beheraino. Behin entzun nion Jose Antonio Altuna Txatillori esaten Gorabeherak zela berak gehien balioesten zuen hedabidea, oso espazio laburrean, ezinago argi ematen zuelako Eskolan eta, zenbaitetan, kooperatibetan gertatutakoaren berri. Urte batzuk geroago, 1988an, Arrasate Press sortzeko ginela, egun batean berarekin topo egin kalean, eta aipatu nion aldizkari lokal bat atera nahi genuela erabat euskaraz, eta sutsu animatu ninduen, bere burua eskainiz behar genuen edozertarako. Beste inon idatzi izan dut, estiloari-eta dagokionez, Juanitoren Gorabeherak izan zela Arrasate Press aldizkariaren aurrekari bat; ni, behintzat, harekiko zordun sentitzen nintzelako".

Idazle eta historia zale amorratua izan zen eta bi pasio horietatik tiraka hainbat biografia idatzi zituen;  Jose Maria Arizmendiarrietari buruzko lehen biografia, Pedro Biteri filantropoarena eta baita Canovas del Castillo Arrasaten erail zuen Michelle Angiolillo anarkista italiarrarena. 

Arrasateko ikastolaren sorreran ere parte hartu zuen, eta Jose Lekuonarekin elkarlanean Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako herrien monografikoak idatzi zituen. 

Erlazionatuak

Juanito Leibar, in memoriam

Joxe Aranzabal 2021 mar 15 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak