Carlos Sanchez: "60 urtetik gorakoen kategorian, teknikoki gu baino hobeak ziren karatekak aritu ziren"

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 12a, 08:40

Argazkia: Saioa Karate Taldea.

Kata estiloan, beteranoen 35-39 urte arteko kategorian, Euskadiko txapeldun berria da Saioa Karate Taldeko Carlos Sanchez arrasatearra. Lehen txapelketa izan du beteranoen mailan eta asko gustatu zaio: "Gazteek askoz ere lehiakortasun handiagoa dute; beterenaoetan, giroa lasaiagoa da", azpimarratu du. Era berean, "oso maila oneko" karaketek parte hartu dutela gaineratu du.

Karatean, Beteranoen Euskadiko IV. Kopa jokatu zuten joan den asteburuan Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Kopa izena duen arren, txapelketa formatuan jokatzen dute, egun bakarrean. Kata estiloko txapelketa da eta adinaren araberako kategoriak dituzte: 35-39 urte artekoak; 40- 49 urte artekoak: 50-59 urte artekoak; eta 60 urte baino gehiagokoak. Arrasatearrak lehenengo kategorian hartu zuen parte, eta urrezko domina lortu. Bere kategorian bospasei karatekak hartu zuten parte, eta, guztira, 30 inguruk.

Beteranoen kategorian berria zara. Espero zenuen irabaztea?

Egia esan, ez. 35 urte bete berri ditudanez, esan zidaten beteranoen txapelketan parte hartzeko aukera neukala, eta probatzeko gogoa sartu zitzaidan. Ez naiz damutu; izan ere, irabazteaz gain, oso txapelketa polita izan zen, ondo antolatutakoa.

Lehen garaipena duzu Euskadi mailan?

Bai. Kata estiloan, aurrez lehiatu izan naiz, baina lehenengo garaipena dut Euskadi mailan. Kumite estiloan, aldiz, gazteagoa nintzenean irabazi nuen. Beraz, kategoria ezberdinetan baina bi estiloetan irabazi dut.

Gazte edo senior mailako tentsiorik ez da egongo beteranoen kategorian... ala bai?

Ez dago, ez. Gazteek askoz ere lehiakortasun handiagoa dute txapelketetan eta tentsioa eta presioa ere handiagoa da, guztiek irabazteko helburua dutelako. Giroan asko nabaritzen da hori. Beteranoen kategorian, aldiz, gozatzera ateratzen zara, zure karatea erakustera, baina presiorik gabe.

Maila ona egongo da txapelketa horietan, ezta? Karatean urte asko daraman jendea...

Oso ona, bai. 60 urtetik gorakoen kategorian, teknikoki gu baino hobeak ziren karatekak aritu ziren. Ederra da karateka horiek aurrez aurre ikustea.

Ze formatu zeukan txapelketak?

Gure kategorian, karateka gutxi ginenez, bi kata bakarrik egin genituen, eta bien batez besteko puntuazioa batuta puntuazio altuena lortzea zen helburua. Besteek, aldiz, kanporaketa zuzenak egin zituzten.

Zer baloratzen da, zehazki, kata bat ona izan dadin?

Alor teknikoak puntuazioaren %70 balio du eta alor fisikoak, berriz, %30. Kategoria guztietan berdin puntuatzen da, kadete mailan zein beteranoetan. Eta exekuzioari dagokionez, teknikoki ondo egindakoa izan behar du, akatsik gabea, eta trantsizioak modu egokian egin behar dira.

Euskadikoaren ostean, Espainiako Txapelketa jokatuko da. Baduzu parte hartzeko intentziorik?

Euskadi mailan, kata estiloko txapelketa bakarrik egiten da, baina Espainia mailan, kumite zein kata estilokoak, biak. Ekainean jokatuko da, eta badaukat parte hartzeko gogoa. Horretarako entrenatuko naiz datozen hilabeteetan, baina selekzioak erabakiko du parte hartuko dudan edo ez. Aukera izanez gero, bi estiloetan parte hartu gurako nuke.

Saioa Karate Taldeari dagokionez, karateka gazteek ba al dute txapelketarik udaberrian?

Bai. Martxoaren 20an, autonomien arteko txapelketa daukagu, Toledon, eta kadete eta junior mailetakoak ariko dira hor. Gero, apirilaren 1ean, Espainiako Kopa dago, estilo ezberdinena, Leganesen (Madril), eta bost karateka joango dira gure taldetik. Ni entrenatzaile moduan joango naiz.

Hamar karateka berri dituzue taldean. Ze bilakaera izaten ari dira?

Badirudi gustura ari direla, eta badoaz, apurka-apurka, euren maila hobetzen. Gainera, hilabete batzuk geldi egon ostean, bueltatzeko aukera izan dute, eta pozik ari dira orain.

Nola moldatu zarete azken hilabete hauetan, neurriei dagokienez?

Ahal izan dugun moduan. Azaro erdi inguruan eten zuten eskola-kirola, eta ordutik urtarril erdialdera arte geldi egon gara. Norbere aldetik egiteko moduko ariketa batzuk bidali genizkien guztiei, baina entrenamendu saiorik ez genuen egin bi hilabete haietan. Dena den, denboraldi hasierako taldea mantendu egin dugu, eta pozik gaude horrekin.

Carlos Sanchez, dominarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak