Duela hiru aste Oñatiko Santa Ana aretoan estreinatutako Atzerrian lurra garratz obra taularatuko dute hurrengo asteburuan Amaia antzokian Huts eta Artedrama konpainiek. Errealitatean ardazten den antzezlana da, eta deserria, migrazioa, zaintza eta emakumearen bizitza jartzen ditu erdigunean. Laura Penagosek gorpuzten duen Aurora Mora pertsonaia da protagonista, eta badu batak bestearen antzik: kolonbiar artistak dira biak eta duela urte batzuk etorri ziren bizitzera Euskal Herrira. Antzekotasun hori ez da kasualitatea, Penagosek berak idatzi baitzuen testu literarioa. "Ander Lipusi irakurtzeko eman nion eta gustatu egin zitzaiola esan zidan; dramaturgia testu bilakatzeari ekin genion, beraz, Amancay Gaztañaga zuzendariak, Lipusek eta hirurok", azaldu du.
Bi urteko prozesua burutu dute Penagosen testua antzerki obra bihurtu eta eszenaratzeko. Kontatu behar zutena "ondo ezagutzean" lanak hartu dituztela aipatu du Penagosek: "Euskal Herrian bizi diren kolonbiar erbesteratuak ezagutzera gonbidatu dut Ander, eta nasa izeneko indigena komunitateko kideekin egin du harremana; pentsa, horietako batzuk bere etxean ere erroldatu ditu!".
Atzerritarra eta bertakoa
Antzerki obra idazteko ideia otu zitzaionean buruan zeuzkan galderak paperean agertu nahi zituela aipatu du kolonbiarrak, betiere, jatorrizko eta kanpoko pertsonaren arteko "talka" hori presente edukiz: "Zer da hemengoa izatea? Eta zer kanpokoa? Nitaz eta besteez hitz egin nahi nuen, entzuleari gogoetarako gonbidapena egiteko, eta inoiz ez zuzenean erantzunak emateko". Antzerkian galdera eta erantzunen erlazio hori argi edukitzea "oso garrantzitsua" dela dio, gainera.
Euskaraz, lehen saioa
Ondorio horretara ez da gauetik goizera bitartean iritsi, eskarmentu handiko antzezlea baita Penagos. Bere jaioterrian lau urteko antzerki ikasketak egin zituen, eta, ostean, bi urtez izan zen han antzerkigile lanean. 2008an zeharkatu zuen Atlantikoa, eta Sakana haraneko Etxarren kontzejuan bizi da egun: "Pandemia aurretik lekualdatu nintzen hona, eta zorte handia izan nuen, patxada ederrean bizi baikara hemen".
Gaur egun ere antzerkitik bizi dela dio, "zorionez", nahiz eta luxua dela ere nabarmendu duen, "zoritxarrez". Euskara ikasteari egozten dio, neurri batean, bere pasioa ogibide izatearen arrazoia: "Hona etorri nintzenean kosta egin zitzaidan antzerki munduan lehen pausoak ematea, gogorra izan zen, baina euskara ikasten hasi nintzen, bertako hizkuntza denez gero jakin beharra neukalako. Erronka zaila izan da, baina ederra, aldi berean. Nork esango zidan euskarak zabalduko zizkidala antzerkiaz bizitzeko aukera!".
Errealismo magikoa
Kontaketa protagonistaren sor-men gelan gertatzen da une oro, nahiz eta salto ugari ematen dituen denboran. Aurora Moraren irudipenetan bere familiako kideak eta bere bikotekide euskalduna agertzen dira, errealitatean oinarritutako bizipenak oroituz eta sorterriaren eta deserriaren arteko harreman diferentzialak planteatuz. Amancay Gaztañagak eszenografia "sinplea" aurkezten duela ere aipatu du Penagosek, "istorio guztia kontatzeko nahikoa".
Otsailaren 12an estreinatu zutenetik inguruko hiriburu eta herrietan aritu dira; domeka honetarako, 19:00etarako, egin dute hitzordua Arrasaten.