Oreka TX: "Txalaparta modukorik ez dugu inon aurkitu"

Hasier Larrea 2021ko ots. 21a, 06:00

Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte, Aitzina Folk jaialdian.

Ibilbide luzeko banda hori ekarriko du 'Beste bat!' egitarauak Amaiara astelehenean, 19:30ean. 1997an taldearen sortzaile izan zen Harkaitz Martinez de San Vicente txalapartariari elkarrizketa egin dio GOIENAk.

Hamabi urte daramatza Oreka TX taldeak formazio berarekin era guztietako kolaborazioak eta lan propioak uztartzen; betiere, oinarrian, instrumentu berezi horren esentzia kokatuz.

Zer aurkeztuko duzue Amaia antzokian?

2019 bukaeran kaleratutako Koklea diskoa, boskotearen izaera islatzen duen laugarren lan luzea. Tinbre eta material ezberdinetako txalapartak joko ditugu. Urte berezia izan da, ez dugu nahi beste aurkezteko aukerarik izan, baina ondo funtzionatu dute ikuskizunek orain arte.

Udaberriko itxialdiaren ostean, jotzeko aukerak izan dituzue.

Ez nahi beste, baina ez gara kexu. Aitzitik, pandemia aurretik baino ilusio gehiagorekin hartzen ditugu orain kontzertuak, bereziagoak direlako. Udan jotzeko aukera izan dugu, eta oso pozik gaude. Astelehenekoarekin, beste horrenbeste. Jendea gogoz dagoela esan digute.

Askorako emango dute 24 urtek.

Sorrerako helburu garrantzitsuena txalapartaz gozatzea zen. Grina hori mantentzen dugu, gure bizipoza eta motorra baita. Estilo eta diziplina ezberdinekin uztartzeaz aparte, txalaparta garatzea da gure pasioa.

Txalapartak eskatzen baitu jarrera aktiboa.

Instrumentu berezia da, zuk zeuk egin behar duzulako. Erosi ezin duzunez, txalapartaria sorreratik hasten da. Gainera, instrumentu irekia da: piano bat jotzen duzunean, ikasketa maila minimo bat behar duzu; txalapartan, aldiz, ikasketa librea da, norberak egiten du bidea.

Beraz, txalapartariok ezaugarri komuna duzue.

Ba, bai, antzeko profila dugu. Ez dakit instrumentuak berak erakartzen gaituen edo norberaren izaerak eramaten gaituen hautu hori egitera. Nolanahi ere, izaera jakin bat izatea ez da txalaparta jotzeko baldintza bat, gure estilora egokitzen den arren.

Gustatuko litzaizuke akademietan eta dendetan ikustea?

Txalapartarion artean asko hitz egiten dugu halako gauzez, kezka kolektibo bat da. Irakaskuntzatik kanpo dago, oraingoz; agian, ez dauka ordena eta instituzionalizaziorik, baina, alde batetik, asko gustatzen zait hori. Egunen batean denda batean ikusten badut, alde batetik poza eta bestetik pena sentituko dut.

Urrutira iritsi zarete txalapartarekin. Aurkitu duzue hor nonbait antzeko instrumenturik?

Berdinik, ez; antzekoren bat, bai, ordea. Kaledonia Berrian egon ginenean, garamut izeneko instrumentua ezagutu genuen museo batean. Horizontalean jotzen den enbor bat da, bi pertsonak jotzen dute eta egin dezakete txalapartarekin lotutako erritmorik, baina ez dute garatzen. Bertikalki jotzen den instrumenturik ez dugu aurkitu.

Beraz, euskalduna da %100.

Txalaparta euskalduna eta unibertsala da, %100. Gainera, materialak ez du zertan egurra izan; harria, izotza edo burdina izan daiteke. Munduko edozein tokitan sor daiteke, beraz. Erritmoa partekatzeko moduak batzen gaitu, batez ere, txalapartariok, oso gutxitan ikusi baitugu beste herrialdeetan horrelakorik. Bertsolaritzarekin konparagarria izan litekeela uste dut: inprobisatzaileak mundu guztian daude, baina hemengoek sekulako maila daukate. Txalapartak musika sortzeko gaitasuna errespetatu du, modu aberatsagoan. Horrek egiten du berezi. Hemen sortu da, eta horrek gauza asko esan nahi ditu, irakurketa sakonagoa merezi du. Lan erritmotik eratorritako instrumentua da, eta hori ez da berezia, baina urteekin jolas bat gertatu da, lan erritmotik festara pasatu da, erritmoak errepikatu eta aberastu egin dira, eta bilakaera horretatik sortu da orain ezagutzen dugun instrumentua

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak