"Ardura" eragin du Fagor Ederlanen Uribarriko fundiziotik astelehenean irtendako keak

Jone Olabarria 2021ko ots. 17a, 17:33

Auzotarren arabera halako kea ikustea "ohikoa" den arren, astelehen arratsaldean "bereziki esanguratsua" izan zen. Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuaren arabera, "siloan gordetzen den hondarraren emisio puntual bat" izan zen, inpaktu "arina" izan zuena.

Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, astelehenean, hilak 15, jaso zuten abisua SOS Deien bitartez, arratsaldeko 16:30ak inguruan: "Fagor Ederlanetik bertatik deitu zuten, hondarra gordetzeko silo batean matxura bat gertatu zela esanez, eta ondorioz kea ari zela kanpora irteten". Ertzaintzatik diotenez, teknikariek inspekzioa egin eta arriskurik ez zegoela egiaztatu arte produkzioa geratu zuten eta inguruko errepide eta pasabideak itxi egin zituen Ertzaintzak eta Udaltzaingoak.

Herritarrei leihoak ixteko eskatu zitzaiela azaldu dute lekukoek. Ertzaintzatik azaldu dute teknikariek inspekzioa egin eta inpaktua "arin eta puntuala" izan zela egiaztatu ostean, 18:00ak aldera, dena berriz zabaldu eta martxan jarri zela produkzioa. 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuan ere erantzun bera eman dute: "Siloan gordetzen den hondarraren emisio puntual bat izan zen, tximiniatik irten eta kea eragin zuena". Hala ere, bertatik azaldu dutenez, Fagor Ederlanen Uribarriko fundizioaren ikuskaritzaz arduratzen den inspektorea gaur goizean izan da bertan.

Osalanen, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean, galdetuta diote konstantziarik ez dutela eta ondorioztatzen dutenez, "ez zela lan istripurik izan". Enpresaren azalpenak ezagutu nahian, Ederlaneko ingurumen eta segurtasun sailarekin harremanetan jartzen saiatu da GOIENA, baina ez du erantzunik jaso.

Auzotarrentzat, "ohikoa"

Uribarri inguruko hainbat herritar "kezkatuta" agertu dira gertatutakoarekin eta GOIENArekin harremanetan jarri dira, argazki eta bideoak bidalita. Azaldu dutenez, "ohikoa" da ingurune horretan halako kea ikustea, baina astelehenekoa "bereziki esanguratsua" izan zela aitortu dute: "Erguin eta Uribarri inguruko herritarrak oso arduratuta gaude gaiarekin, ingurumen eta osasun arazo bat izan daitekeela uste dugu".

Azalpen eskean, auzotar horietako zenbait atzo BAZean egon zirela azaldu dute: "Udaltzainetara bideratu gintuzten eta bertan esan ziguten ez zela larria izan. Deia jaso eta protokoloa aktibatu zela, teknikariak gerturatu, dena aztertu eta ondo zegoela egiaztatu zutela. Ez dela toxikoa esan ziguten, eta astelehenekoa bereziki ikusten zela ez zelako gasa, hautsa baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak