Euskaldunentzat aski ezagunak diren hiru aktorek indarrak batu dituzte publikoari momentu on bat eskaintzeko helburuarekin. Batuketa artistiko horren emaitza da Konpromisoa izeneko antzezlana. 80ko hamarkadaren hasieran sortu zuen obra originala Philippe Claudel autore frantsesak, eta euskaratzeko eta egokitzeko ardura hartu du Martin Agirrek.
Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, antzerki idazle frustratu batek –Joseba Apaolaza– gabezia ugari dauzkan etxebizitza saltzen lagunduko dio aktore bezala arrakasta urria eskuratu duen aspaldiko adiskide bati –Ramon Agirre–. Etxea erosteko interesa agertuko du hirugarren pertsona –Zuhaitz Gurrutxaga– "artaburu eta mozolo batek, eta orduan hasiko da istorioa korapilatzen", azaldu du Gurrutxagak berak. Izan ere, lagun zaharren artean trapu zikinak azaleratuko dira, eta "salmenta prozesu arrunta izan beharko lukeena elkarrizketa surrealista bilakatuko da; antzezlan barruko antzezlan, hain justu", adierazi du telebistako aurkezleak.
HASIERAN SALMENTA SAIAKERA BAT ZENA 'NAIF' KUTSUKO ELKARRIZKETA BIHURTUKO DA
Estreinaldia, duela hilabete
Eibarko Koliseo aretoan egin zuten lehen emanaldia Txalo konpainiakoek, urtarrilaren 8an, eta ordutik zortzi antzeztoki desberdinetan aritu dira obra aurkezten. Gurrutxagaren esanetan, "pandemiaren eraginez nahi baino entsegu gutxiagorekin" joan ziren estreinaldira, baina, behin publikoaren aurrean jarrita, "urduritasunak ahaztu eta esperientzia ederra" eskaini zieten Koliseora gerturatu zirenei. Orain lasaiago dagoela dio elgoibartarrak: "Azken funtzioetan asko gozatu dut oholtza gainean, oso momentu onean gaude". Jendaurrean aritzeak on egiten diola konturatu da, gainera: "Zuzenekoetan seguruago sentitzen naiz entseguetan baino, gutxiago kostatzen zait neure buruarengan sinistea".
Lankideei lausenguak
Hirugarren antzezlana badu ere, bere burua "oraindik" aktore bezala ikusten ez duela aipatu du Gurrutxagak, hain zuzen, alboan dauzkan kideengatik: "Josebak eta Ramonek 30 urte baino gehiago daramatzate interpretaziotik bizitzen, eta lehen eguna balitz bezala bizi dute ofizioa: nola mimatzen duten koma bakoitza obraren irakurketan, nola ematen dizkioten esaldi bakoitzari mila buelta praktikan jarri aurretik... Ikaragarria da euren lana nola mimatzen duten frogatzea". Hori lehen pertsonan ikustea "pribilegioa" dela aipatu du, ogia erosten dugun unearekin konparatuz: "Inork ez du ikusten nola egin den ogia labean, eta nik aukera hori eduki dut". Hurrengo lanetan ofizioa nola errespetatu behar den lagunduko diolakoan, bi aktoreen ondoan egotea "ikaspen galanta" izan delakoan dago, gainera.
Lankideei lausenguak
Hirugarren antzezlana badu ere, bere burua "oraindik" aktore bezala ikusten ez duela aipatu du Gurrutxagak, hain zuzen, alboan dauzkan kideengatik: "Josebak eta Ramonek 30 urte baino gehiago daramatzate interpretaziotik bizitzen, eta lehen eguna balitz bezala bizi dute ofizioa: nola mimatzen duten koma bakoitza obraren irakurketan, nola ematen dizkioten esaldi bakoitzari mila buelta praktikan jarri aurretik... Ikaragarria da euren lana nola mimatzen duten frogatzea". Hori lehen pertsonan ikustea "pribilegioa" dela aipatu du, ogia erosten dugun unearekin kon-paratuz: "Inork ez du ikusten nola egin den ogia labean, eta nik aukera hori eduki dut". Hurrengo lanetan ofizioa nola errespetatu behar den lagunduko diolakoan, bi aktoreen ondoan egotea "ikaspen galanta" izan delakoan dago, gainera.