Garagartzako ibilgailuen garbitokiko ur kontsumoak %84 egin du behera urtebetean

Hasier Larrea 2021ko ots. 11a, 16:47

Udalak ur kontsumoa mugatzeko neurriak hartu zituen 2019ko abenduan, zerbitzua arrasatearrei soilik eskainiz. Pandemiak ere eragin zuzena izan du kontsumoaren jaitsieran. Herritar bakoitzak 2.500 litro erabil ditzake hilero bere ibilgailua garbitzeko.

2020an jaitsiera nabarmena izan du Garagartzako ibilgailuen garbitokiko ur kontsumoak, %84 egin baitu behera 2019arekin alderatuz: 304.000 litro ur erabili ziren 2020an, 2019ko 1.892.000 litroen aldean. Aurreko urteetan kontsumoa handiagoa izan zen: 2018an, esaterako, 2.151.000 litro ur kontsumitu ziren, eta 2017an 2.054.000 litro. 

Arrasateko Udalak ur kontsumoa mugatzeko neurriak hartu zituen 2019ko abenduan; ordura arte ibilgailuen garbitokia irekia zen, guztira 7 mangera zeuden bertan ibilgailua garbitzeko eta ez zegoen ur kontsumoaren gaineko inolako neurririk. Arrazoi horiek  eragiten zuten, Udalaren esanetan, "uraren kontsumo neurrigabea", bataz-beste urtero 2.000.000 litro ur gastatzen zirelarik.

Hori horrela izanik, "jasangarritasunaren aldeko apustuan" Arrasateko Udalak  egokitzapenak egin zituen bertan, ur kontsumoa neurtuz eta erregulatzeko sistema jarriz martxan. Sistema hori erabili ahal izateko ezinbestekoa da Arrasaten erroldatuta egotea eta Mankomunitatearen txartela edukitzea, hau da, organikoaren eta errefusaren edukiontzia zabaltzeko txartela.

Hileko 2.500 litro erabiltzaile bakoitzak

Era berean, erabiltzaile bakoitzak hileko litro kopuru mugatua du ibilgailua garbitzeko, hain zuzen, 2.500 litro. Udalaren arabera, "kotxea garbitzeko erabili ohi den bataz-besteko ur kopurua 500 litrokoa da (INE-ren datuen arabera), beraz, erabiltzaile bakoitzak hilero 5 aldiz garbituko ahal izango luke autoa kopurua honekin". 

Neurri berri horren bitartez, Arrasateko Udalak garbitokiaren erabilera eta ur kontsumoa neurtu nahi izan ditu, "jasangarritasunaren eta ingurumenaren mesedetan, erantzukizunez jokatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak