Hurkoa Fundazioarekin elkarlanean jarraituko du Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi 2021ko ots. 10a, 16:49

Adineko bat, gurpil-aulkian, laguntzarekin, Arrasateko San Andres auzoan.

2021ean ere, Hauskor programaren baitan, "hauskortasun egoera larrian" dauden adineko pertsonen esku-hartzean jarraituko du Arrasateko Udalak, Hurkoa Fundazioarekin elkarlanean. Horretarako, 14.262,30 euroko partida erreserbatu du aurtengo udal aurrekontuan. 2018an hasi zen bi erakundeen arteko elkarlana.

Maitane Muñoz Gizarte Ongizatea eta Gazteriako zinegotziak nabarmendu du berezko zahartze prozesuak "kalteberatasun egoera" sortzen duela, eta narriadura prozesuak eta mendekotasun prozesuak garatzeko arrisku egoera. "Hurkoa Fundazioarekin elkarlanean Udaletik egindako azterlanari esker, sozialki hauskorra den pertsonaren kontzeptua mugatu ahal izan dugu, baita beharrak, zailtasunak eta gabezia ezagutu ere, eta horren araberako baliabideak ezarri, inork kalteberatasun egoerarik jasan ez dezan. Muinean, inor atzean gera ez dadin eta arrasatear guztiok batera egin dezagun aurrera".

2018tik elkarlanean

Hurkoa Fundazioa Caritasek sortu zuen, eta hauskortasuna, mendetasun zein babesgabetasun-egoeran dauden adinekoen edota gaixotasun mentala dutenen arreta, defentsa eta tutoretzaz arduratzen da, batez ere Gipuzkoan.

2018an, azterlanaren oinarri izan zen programa pilotua jarri zuten abian fundazioak eta Arrasateko Udalak, "hauskortasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko asmotan". Udalak azaldu duenez, Adinberri Fundazioaren laguntza jaso zuen ekimenak eta proiektu horren helburua izan zen gizarte baliabideak eta zerbitzuak iristen ez zaizkien pertsona ahulak identifikatzea, "haien ongizatean laguntzeko eta narriadura egoerak prebenitzeko".

2019ko maiatzean eman ziren ezagutzera azterlanaren emaitzak. Besteak beste, arrasatearren %24,2k 65 urte edo gehiago ditu eta %12k, aldiz, 75 urtetik gora. Inkestatu zituzten 218 lagunetatik 152 bakarrik bizi dira egun, eta erorikoak, osasun arazoak, kalera irteteko gabeziak, zailtasun ekonomikoak edota irisgarritasun mugak pairatzen dituztela jakinarazi dute. Era berean, "azterlanaren emaitzek Hauskortasunaren Arretarako Plan Integrala definitzeko balioko dute", nabarmendu du Udalak.

Inkestak 64 urtetik gorakoei

65 urtetik gorako adinekoek hainbat arlotan ze egoera bizi duten jakitea izan da azterlan horren helburua eta zehazki, arlo hauek aztertu dira: osasuna eta eguneroko jardueretan izan ditzaketen mugak; harreman sozialak eta parte-hartze sozial eta komunitarioa; ongizate emozionala; etxebizitzaren egoera; errealitate ekonomikoa eta erabilgarri dauden gizarte-baliabideen berri izatea.

64 urtetik gorako 200 adinekori baino gehiagori egin dizkiete inkestak eta horietatik, azaldu dutenez, 152 bakarrik bizi dira eta 66, konpainiarekin. 

Arrasaten, Eustateko (Udalmap) datuen arabera, biztanleriaren %24,2 da 65 urtetik gorakoa eta horietatik %12k dute 75 urte edo gehiago. "Zifra hori Gipuzkoaren batez bestekotik (% 10,6) gora dago".

Osasun arloan, 10etik 6,8ko puntuazioa

Osasunari dagokionez, balorazioa 6,8 puntukoa da, 10eko eskala batean. Bakarrik bizi diren pertsonetatik % 19,5a erori izan da behin edo behin eta zailtasunak izan ditu altxatzeko. Bestalde, %15,4k maiz izan ditu osasun-arazoak eta horrek beren kabuz moldatzea eragotzi izan dio. Azkenik, %10,6k esan du osasun-arazoek kalera irtetea galarazten diotela.

Horrez gain, inkestatuen %70ak adierazi du "gaitasun ona edo oso ona" duela eguneroko jarduerak eta lanak egiteko. Hala ere, "gaitasun txarra edo oso txarra" duela adierazi du %9k. Bakarrik dauden pertsonen artean, %31k zailtasunak ditu ekonomia- edo lege-jarduerak egiteko eta %30ek etxeko lanak egiteko.

Inkestatuen %15ak bakardadea sentitzen du

65 urtetik gorako pertsonen harreman-egoerari buruz lortutako datuen arabera, arlo horretan egoera positiboa da; izan ere, %84k egunero ditu harremanak hurbileko familiarekin eta %95ak nahikoa babesa jasotzen du familiarengandik; Kontrara, %5ak ez du halako laguntzarik. Gainera, %3,3k esan du ez duela norengana jo laguntza behar izanez gero eta, ongizate emozionalari dagokionez, galdetutakoen % 15ak bakardadea edo tristura sentitzen du.

Egoera ekonomikoarekin edo etxebizitzarekin lotutako alderdietan, bakarrik bizi diren pertsonen %10ak adierazi du zailtasunak dituela gastu orokorrei erantzuteko eta %35ak "negatiboki" baloratu du eraikinaren atariko irisgarritasuna, eskailerak baitituzte, arrapalarik gabe.

Oro har, bizi-kalitate ona, baina...

Lortutako datu guztiak aztertuta, Arrasateko adinekoen bizi-kalitatearen batez besteko balorazioa 7 puntukoa da 10eko eskala batean. "Badago, aldiz, hauskortasun testuinguru bat, bakardade eta isolamendu egoerekin, herriko biztanlego kopuru murritz bati eragin arren, pertsona hauen beharrei gertuagoko erantzuna eman ahal izateko abordatze osoa behar duena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak