Arrasateko EH Bildu: "Gobernuak ez du azaldu benetako konpromisorik gure proposamenak aintzat hartzeko"

Eneko Azurmendi 2021ko ots. 10a, 10:08

Zalduspera lekualdatuko dute autobus geltokia, behin-behinean.

Aurreko astean Udal Gobernuak Zalduspeko geltokiaren harira egindako adierazpenak direla-eta, eta EH Bilduri aipamena egin zionez Laubide proiektuaren harira, koalizio abertzaleak "ñabardura batzuk" egin gura izan ditu. "Lehenik eta behin, aukera bakarra izan dugula udal gobernuarekin Laubide proiektuaz hitz egiteko eta ez dela egon haren aldetik benetako konpromisorik gure proposamenak aintzat hartzeko", azaldu dute ohar bidez.

Nabarmendu dute "puntu oso zehatz" batzuen inguruan soilik erantzun ziela Gobernuak "eta oso azaletik hori ere". Era berean, Ekobulebar-eko obrarentzat moratoria bat eskatu ziotela ere adierazi dute, "ezertan hasi aurretik zer egitera goazen ondo pentsatzeko denbora izan genezan". Hala ere, Gobernuak kasurik egin ez ziela salatu dute: "Hara non ikusten ditugun egun gutxira hondeatzaileak jo ta ke lanean, aurrez ezarritako data baino hilabete lehenago". 

Gaur-gaurkoz, gainera halaxe jarraitzen dutela diote, "martxa onean" lanean, zonaldeko zenbait puntutan ikus daitekeenez. "Paradoxikoa da gero erritmo horretan aritzea, obra egiten dabilen enpresa Kulturolakoan sekulako atzerapena daraman berbera izanik". 

Proiektuen bateragarritasunaz

Bestalde, Udal Gobernuarekin izandako bilera hartatik, azaldu dutenez, ez zuten "inondik inora" ondorioztatu Ekobulebar-a eta Laubide proiektuak osagarriak zirenik. "Esan ziguten beharbada, epe luzera, gure proposamenetako batzuk aintzat hartuak izan zitezkeela. Horraino. Hori ez da inolaz ere osagarriak izatea. Gainera, gure ustez, Laubide eta Ekobulebar proiektuek apenas dute ezer komunean, antagonikoak baitira oinarritik hasita".  

Proiektuaren inguruko ezjakintasun handia dagoela ere azpimarratu du EH Bilduk. "Ze obra burutuko da azkenean Garibai-Biterin? Jatorrizko proiektuarekin jarraitu eta autobus makrogeltoki bat bilakatuko da, errotondatzar eta guzti, ala aldatu egin dute hasierako asmoa? Obra hastear den honetan, norbaitek badaki? ", gaineratu dute.

Laubide proiektua herritarrekin partekatzen

Arrasatearrei Laubide proiektua azaltzeko "ahalegin berezia" egiten ari direla dio EH Bilduk. "Aldizkaria banatu dugu etxez etxe, www.laubide.eus webgunea sortu dugu, proiektuak bete-betean eragiten dien bizilagunekin bilerak egiten gabiltza… Eta, egiari zor, herritar askoren babesa jasotzen ari gara, ikusten dutelako Laubide proiektua jasangarria dela eta herria nabarmen hobetzen lagunduko lukeela".

HAPO aldatu beharraz

"Udal Gobernuko kideek diote autobus geltokiari kokapen berri bat emateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan eremu batzuk birkalifikatu egin beharko liratekeela, horretarako denbora asko beharko litzatekeela eta gaiari buruz herritarrei galdetu nahi dietela", gaineratu dute. "Ez al dute pentsatu hori aldez aurretik egin beharko litzatekeela eta ez gero, behin obrak eginda?  Hori bakarrik behar genuen, Ekobulebar-a egiten dirutza gastatu eta gero, damutzea eta eremu batzuk aldatzen hastea are diru gehiago xahutuz".

Bestalde, diote, Plan Orokorrean zerbait aldatu edota birkalifikatu beharko balitz, egin egiten dela. "Komeni zaigunean agudo azkar moldatzen ditugu ba planak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak