Greziako egoera politikoari buruzko solasaldia, bihar goizean, gaztetxean

Hasier Larrea 2021ko ots. 5a, 12:42

Polizia kontrol batzuk egiten, Atenaseko Exarchia plazan.

Errefuxiatuak eta Europako Batasuneko murrizketak izango dituzte hizpide, Ane Lopez eta Julen Mendizabal arrasatearrek, bihar, 12:00etan.

"Entzuleen parte hartze aktiboa" sustatze aldera, hitzaldi itxura baino gehiago, solasaldi itxura eman nahi izan diote zapatu goizean gaztetxean egingo den hitzorduari Ane Lopezek eta Julen Mendizabalek. Kazetari batek gidatuko du saioa, hizlariei galderak eginez eta erantzunek sor ditzaketen zalantzei bide emanez. Izan ere, bi antolatzaileak jakitun dira beste herrialde bateko kontuak "arrotzak" egin ahal zaizkiola entzuleari, eta horregatik saiatuko dira gaiak ahalik eta modu naturalenean azaltzen, betiere, bizipenetatik abiatuta.

Ikasitakoak, mintzagai

Bai baitaukate Greziari buruz zer kontatu batak zein besteak. Ane Lopez Atenas hiriburuko Exarchia auzoan bizi zen duela gutxira arte; gehienbat, Ekialde Hurbiletik ihes egindako errefuxiatuek "halabeharrez" okupatutako etxebizitzetako batean. Lehen pertsonan jaso zituen, beraz, hango testigantzak: "Bizipenetan oinarritutako gertaerak kontatuko ditut nik, bai errefuxiatuekin lotutakoak, bai poliziaren indarkeriaren ingurukoak eta baita gobernuz kanpoko erakundeekin zerikusia dutenak ere".

Julen Mendizabalek, berriz, Askapena erakunde internazionalistarekin egin zuen egonaldia Greziako txoko ugaritan, eta Europako Batasunak joan den hamarkadan egin zituen murrizketen eta herritarrek horren aurrean izandako erantzun des-berdinen lekuko izan zen: "Greziarrek neurri politiko horiei nola aurre egin zieten kontatuko dut, egungo egoerari testuinguru bat emate aldera".

Biek ala biek eskarmentua daukate herrialde heleniarrean gertatzen ari dena arrasatearrei gerturatzeko garaian, gai horiek azaltzeko saiakera bat baino gehiago egin baitute herrian, Irati Topalekuan eta gaztetxean bertan, esaterako. Gai internazionalek jendartean interesa pizten dutela adierazi dute, eta herritarrek "lehen eskuko informazioa" eskertzen dutela nabarmendu. "Komunikabide orokorretan azaletik aipatzen dira gertaerak, eta guk, berriz, sakontasunez lantzen ditugu", diote biharko solaskideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak