Eraso! eta Osso taldearekin zortzi disko kaleratu ondoren, 2019an bakarkako lehen lana –Enarak itzuli dira– argitaratu zuen orain dela urte asko Arrasaten bizi den Serge zarauztarrak.
Pandemiak bete-betean eten zion aurkezpen bira, baina ez, ordea, sortzeko gogoa, eta hala ondu du Leihotik mundura izena duen bigarren kantu sorta. Otsailaren 19an argitaratuko du, Elkar argitaletxearen eskutik.
Etxean eta etxekoekin sortua
Gari Berasaluzeren olerkiekin osatu zuen aurreko lana; oraingoan, haren hitzekin kantu bakarra dago, eta Sergek itxialdian sortutakoak dira gainontzekoak. "Pandemia luze, ez nengoen momenturik onenean, eta banituen gauzak esateko. Musikariontzat terapia da, eta lagundu dit. Ez nuen, oraingoz, bigarrena grabatzeko asmorik, baina hala atera da. Izenburuak argi adierazten du nola izan den sortua. Itxialdian hasi nintzen idazten, eta azalera eraman dudan marrazkia ere orduan egindakoa da. Inge alabak egin zuen, eta hozkailuko atean genuen jarrita. Kantuak ia bukatuta nituela, behin eta berriz begiratu eta lana ilustratzeko aproposa zela konturatu nintzen. Leiho pila bat ditu eta koloretsua da; abestiei, berriz, mina sumatzen zaie".
Denetariko gaiei buruz idatzitakoak dira, gauza intimoak kontatzen ditu batzuetan, eta gai sozialei egin die tokia beste batzuetan. "Beldurra, hutsunea, alde egiteko nahia, lagunei buruzko bat ere badago, Zaldibarko auziaz ere bai... Gai asko daude, abesti bakoitzak bere istorioa du. Musikari dagokionez, gitarra da oinarria, baina aurrekoan baino apaindura gehiago egin dizkiet, doinu elektronikoak gehituta, adibidez".
Zestoako Gaztain estudioan
Eñaut Gaztañagarekin grabatu zuen aurrekoa, eta oraingoan ere ez du zalantzarik izan. Ikus-entzunezkoetan, berriz, Eraso!-ko gitarra-jole Nestor Urdanpiletak laguntzen dio. Bi egin dituzte dagoeneko.
Zuzenekoak egiteko ez dago samur, baina lotu ditu lauzpabost; oraingoz, Debagoienean ez. Mikel Albistur izango du alboan, sintetizadoreekin eta programa elektronikoekin.