Eñaut Elorrieta: "Kultura arloko langileak defendatzea dagokigu"

Hasier Larrea 2021ko ots. 7a, 06:00

2019 amaieran aurkeztu zuen azken diskoa Elorriagak, Arriagan. (Egilea, Jonatham McCallum)

Datorren astelehenean aurkeztuko du musikari gernikarrak, bere taldearen laguntzaz, 2019ko azaroan kaleratutako 'irteera argiak' diskoa, Amaia antzokian, 19:00etan.

Joan-etorri luzea egin du Eñaut Elorrietak euskal musikagintzan. Ken Zazpi taldetik bakarkako ibilbidea egitera pasa da, eta alboan sortzaile asko dauzka.

Astelehenean joko duzue; ez al da egun bitxia kontzertua egiteko?

Garai bitxiak bizi ditugu eta! Egoera honetan kontzertuak ematea gauza handia denez gero, astelehenean ematea are eta handiagoa da. Mimo handiz gabiltza Arrasateko emanaldia prestatzen.

Zeure izena darama kartelak, baina ez zaude bakarrik.

Agertoki gainean eta atzean, guztira, 15 pertsona gaude. Kultur arloko langileen duintasuna eta lanpostuak aldarrikatzea tokatzen da orain, pandemia aurretik ere aldarrikatzen genuen bezalaxe.

Laguntzen du horretan Beste Bat! dinamikak?

Bai, noski. Laguntza puntual eta urgente guztiak dira ongietorriak, nahiz eta perfektuak ez izan. Jende asko gelditu da laguntza hori jaso gabe, irakurri ditut iritzi batzuk, eta ados nago eurekin. Krisi ekonomiko latza datorkigu gainera; horren aurrean, kultur mugimendua ahal-dundu behar dugu, gure sektorea herri honetako zutabeetako bat delako.

Zuk proposatzen dituzun irteera argiek nora garamatzate?

Barrura, norberaren baitara. Diskoa pandemia aurretik kaleratu banuen ere, irtenbide bera proposatzen jarraitzen dut. Hau luzerako doala dirudi; beraz, norbere mamuei aurre egitea besterik ez da gelditzen.

Nola erreakzionatzen du publikoak ezohiko zuzeneko hauetan?

Hasieran, kontzertuetan hoztasuna gailenduko zela pentsatzen nuen: jendea banatuta, musukoarekin... Zorionez, kontrakoa gertatzen ari da: publikoa eta taldea elkar babestu nahi bat, sentimentalki lotzen gaituen hari bat, ikusten dut emanaldietan. Hori ez nuen aurreikusi, eta hunkigarria da.

Saltsa askotan ibili zara 2013an bakarkako lehen diskoa argitaratu zenuenetik.

Bai, erronkak gustuko ditut eta! 2013an Deserriko kantak kaleratu ostean, Labeque ahizpekin eta beste hainbat euskal musikarirekin Europan zehar kontzertuak eskaintzeko zortea eduki nuen. Esperientzia hark eta Ken Zazpirekin grabatutako orkestra sinfonikoak hari boskote batekin Hariak diskoa ateratzera bultzatu ninduen. Horren ostean etorri zen Irteera argiak.

Euskal poeten eta idazleen letretara jotzen duzu kantuak idazterakoan. Zer dela eta?

Herri txiki bat izateak abantaila asko ditu, zorionez. Horietako bat da sortzaile guztiak oso gertu daudela eta oso eskuzabalak direla. Alberdi, Sarri eta halako idazleen ekarpenek nire gabezia bati erantzuten diote, iaioagoa bainaiz melodiak asmatzen letrak idazten baino.

Eta zer dator lehenago, letra edo melodia?

Egoeraren arabera. Poesia irakurtzean, bat-batean testu batek gitarra hartzeko gogoa pizten dit; eta aurkakoa: melodia bat sortzen dudanean, olerkiren bat ere etortzen zait burura.

Kantuak biluzik uztea gustuko duzu, gainera.

Kantua denbora osoan entzutea gustatzen zaidalako; hau da, ahots eta gitarraz bakarrik konposatutako esentzia beti hor egotea maite dut. Hori horrela, Ruben Caballero, Ander Zulaika, Maite Larburu eta Fernando Neira musikariek ederki aberasten dituzte abestiak.

Nolako bilakaera izan duzu 25 urteko ibilbidean?

Lehen, kantu bat amaitutzat jotzen nuen ezer gehiago gehitu ezin nionean. Orain, alderantziz: kantu bati amaiera ematen diot ezer kendu ezin diodanean.

Eta aurrera begira, zer?

Kontzertuak emateko asmo sendoa daukat, baita aldi berean sukaldeko lanetan aritzekoa ere. Konposatzeak barrua sendatzen laguntzen dit.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak