Auzolana ardatz, elkarte gastronomikoa sortzen

Hasier Larrea 2021ko ots. 6a, 06:00

Elkarteak bi sarbide izango ditu, bata aurrealdetik eta bestea atzealdetik, elbarriei erraztasunak emateko

Udalpe eta Erguin kaleen arteko eraikinetako azpi-solairu batean herritarrentzako topagunea ireki nahian dabiltza zenbait auzotar. aste honetan ireki dute bazkide izan daitezkeenentzako izen ematea; otsailaren 15era arte egongo da aukera apuntatzeko.

Erabilera askotariko elkartea atondu nahi dute Erguin eta Uribarri auzuneetako bizilagunek, eta hasiak dira dagoeneko urratsak egiten. Izen-ematea irekitzeaz gain, lokalaren jabe den Sukia eraikuntza enpresarekin negoziatzen ari dira, eremua erosi eta barruan egin beharreko obra zibilaren gastuak kalkulatzeko.

Auzoko beharrei erantzuna

"Proiektuak kale horietan dauzkagun zenbait behar aseko lituzke", azaldu du Iker Arostegik, Erguingo bizilagun eta elkarte gastronomikoaren bultzatzaileak: "Eraikinak diseinatu zituztenean, eraikuntza-enpresek lo-hirien ereduari jarraitu zioten; ondorioz, azpi-solairu guztietan garajeak egin zituzten, eta tabernak edo komertzioak irekitzeko aukerak baliogabetu".

Hain zuzen, hamar garaje irekiren batuketa okupatuko luke elkarte gastronomikoaren azalerak. Jangelan 86 mahaikiderentzako tokia legoke, eta, ondoan, kafetegi eta taberna funtzioak beteko lituzkeen gunea, beharrezko azpiegitura eta tresneriarekin.

Azken hitza, bazkideek

Izen-ematea ireki zutenetik astebete baino pasa ez bada ere, prozesua "martxa onean" doala aurreratu du Arostegik, eta "gutxieneko masa bat" lortuko dutela ziurtatu: "Otsailaren 15ean itxiko da izen ematea; ondoren, bilera egingo dugu interesa erakutsi duten guztiekin, eta jende kopuruaren eta obra zibilaren kostuen arabera erabakiko dugu zenbat ordaintzeko prest gauden". Behin kontu horiek finkatuta deliberatuko dute izena eman dutenek bazkide izan nahi duten edo ez.

Hileroko kuotei dagokienez, "prezio merkea" ezarri nahi dute sustatzaileek, elkarteko diru-sarrera gehienak "erabiltzaileek egingo duten kontsumotik" bi-deratu nahi dituztela argudia-tuta. Diru-bilketa horretan badu esperientziarik Arostegik, Amaia antzokiaren azpian kokatuta dagoen Txalaparta elkarteko diruzaina izan baitzen iraganean. "Arlo horretan, lantalde baten laguntzarekin, ekarpena egin dezaket", aipatu du.

Gaur egun Arrasateko elkarte gastronomikoen egoera zein den galdetuta, batzuk itxita daudela ziurtatu du Erguingo bizilagunak: "Leihorik ez daukatenez, segurtasun neurriak bermatzen ez dituztelako". Hori horrela, bazkideen kuotak minimora jaitsi dituzte zenbait elkartek, "mantentze gastuak ordaintzen jarraitzeko, behintzat".

"Giroa" sortu da auzunean

Funtsean, "lagunekin batzeko, bazkariak eta afariak egiteko eta herritarren topagunea izateko" ireki nahi dute elkarte gastronomikoa. Azkenaldian Erguin eta Uribarri aldean sortu den "giroak" egitasmoari zentzu handiagoa ematen diola azaldu du Arostegik: "Ekitaldi ugari egin genituen iaz; Gabonetan, esaterako, auzoa argitzeko kanpaina jarri genuen martxan, ur botilak berrerabiliz lanpara handi bat zintzilikatuz kalean. Olentzero eta Mari Domingi ere jarri genituen. Bestalde, udaberriko itxialdiak lagundu egin zuen bizilagunen arteko harremanak sakontzen".

Udalak azpiegituretan egindako inbertsioak ere izan ditu hizpide Erguingoak; Itxaropena kaleko plazaren eraberritzea, besteak beste: "Lehen, familia gutxi egoten ziren elkargune horretan, eta asko Arimazubira jaisten ziren; orain, plaza estalita eta zabu berriekin, mugimendu gehiago sumatzen da inguruan, eta igartzen da jendea gehiago egoten dela auzoan".

"Aspaldi" sortutako ideia

Gune horretan elkarte gastronomikoa sortzearen proiektua duela hamar urte inguru sortu zela aipatu du Arostegik: "Orduan ere bazegoen beharra, baina, azkenean, sustatzaileek atzera egin zuten, lokala eskuratzeko kostuak altuegiak zirela iritzita". Orain, "higiezinen prezioak jaitsi direla eta bizilagun berrientzat etxeak egiten dabiltzala" kontuan hartuta, berriz murgildu dira egitasmoan. Herritar orok, izan auzunekoak edo ez, uribarrikoelkartea@gmail.com helbidean egin dezake bere bazkide eskaera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak