Udalak eta Larragain Elkarteak hitzarmena berritu dute

Eneko Azurmendi 2021ko ots. 3a, 10:05

Kurtzetxiki mendian kontserbazio lanak egin eta ingurumen baliabideak sustatzeko berritu dute hitzarmena. Hala, Arrasateko Udalak 6.000 euroko dirulaguntza bideratuko du Larragain elkartera bere jarduerak finantzatzeko.

Udalak adierazi duenez, pandemia garaian "nabarmen" areagotu da eremuaren erabilera eta, hortaz, "ezinbestekoa" da mendiaren kontserbazioan aurrerapausoak ematea eta ingurumena berreskuratzea, "mendiak dituen ingurumen baliabideak, baliabide kulturalak, paisajistikoak eta aisialdi aktiboa sustatzen dutenak guztion eskura egon daitezen".

Hitzarmenaren bidez, larrean ibiltzeko sistema erregulatu gura dute Kurtzetxiki mendian, "zehazki goiko aldean dagoen bazkalekuan edo etorkizunean ezarri daitekeen eremuan". Udalak nabarmendu duenez, helburua da larrean ibiltzea mendiaren kontserbazioarekin eta mendia hobetzearekin bateragarria den moduan egitea, betiere Gipuzkoako lurraldearen mendiei eta ganadu kudeaketari buruz ezarrita dauden neurriak jarraituz eta lehen sektorea sustatuz. "Gure inguruko nekazari eta abeltzainei baliabideak eman behar dizkiegu lehen sektorea indartzeko, kontuan izanik lehentasuna dela ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesa", azaldu dute. Modu horretan, Arrasateko Udalak 6.000 euroko dirulaguntza bideratuko du Larragain elkartera bere jarduerak finantzatzeko.

Elkartea, elkarlanaren alde

Larragain Elkarteak helburu du Arrasateko ganaduzaleak Kurtzetxiki mendiko eta Arrasateko Udalaren jabetzako beste larre publikoak elkarlanean kudeatzea. Horrez gain, Larre Publikoen Kudeaketa Plana adostea ere badute jomugan, ganaduzaleak eta Udalak elkarlanean, larreen hobekuntza bultzatu eta Arrasateko lehen sektorea indartzeko. "Taldeko larratze erregimenean abereen identifikazioa gauzatu eta indarrean dauden osasun eta abereen mugimendurako arauak betetzea ere gura dugu".

Abeltzainak eta ganadua, Kurtzetxikin

Arrasateko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin elkarlanean aztertu du zein den abelburu kopuru egokiena. Hala, Kurtzetxikiko larreak modu jasangarrian aprobetxatzeko gehieneko kopurua hurrengoa litzateke: "apirilaren 1etik urriaren 31ra, 25-30 buru nagusi (behiak eta behorrak) eta azaroaren 1etik abenduaren 31ra, 120 buruko artaldea".

Beraz, 2021ean, Arrasateko zazpi abeltzainek izango dute euren ganadua Kurtzetxikin, 2020an bezala:

  • Sabino Llodiok, apirilaren 1etik urriaren 31ra, 5 behor.
  • Juan Jose Iturbek, azaroaren 1etik abenduaren 31ra, 75 ardi.
  • Aitor Murgoitiok, apirilaren 1etik urriaren 31ra, 5 behi.
  • Aitor Aranak, apirilaren 1etik urriaren 31ra. 5 behi.
  • Jesus Garaik, apirilaren 1etik urriaren 31ra, 5 behi.
  • J.M. Plazaolak, apirilaren 1etik urriaren 31ra, 5 behi/behor.
  • Maria Pilar Ibabek, apirilaren 1etik urriaren 31ra, 3 behi.

Udalak adierazi duenez, "oso aberasgarria da udal larreen kudeaketaren hitzarmenari esker abeltzainak eta Udala elkarlarean aritzea, izan ere, lehen sektorearen partaidetza ezinbestekoa da gure ingurunearen zaintzan eta gure mendien mantenuan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak