Abokatua izanda, nolatan otu zitzaizun ipuina idaztea?
Gorputzaren Terapia Integratiboa izeneko ikastaroa egiten nenbilela, idazteko ilusioa ber-piztu zitzaidan. Formakuntza horrek lagundu zidan ulertzen idaztea nire izatearen zati bat dela. Baita desberdin egiten nauena ere. Berezitasun horiek berreskuratzea da, hain zuzen ere, nire lehen liburuan ezkutatutako mezuetako bat.
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Luzea. 2018an idatzi nuen ipuina, eta nire semeekin, ilobekin eta gertuko lagunekin bakarrik partekatu nuen. Gero, lozorroan egon zen, harik eta konfinamendua iritsi zen arte. Orduan hasi nintzen pentsatzen Ekhik lagundu ziezaiekeela haurrei egoera zailei aurre egiten. Halaber, atximur moduko bat izan daiteke helduentzat ere, beren bizitzei buruz hausnar dezaten.
Ilustrazioak ere badauzka. Nork egin ditu?
Julie Rousseau ilustratzaileak. Hasieran aipatu dudan formakuntza partekatu nuen lagun frantses bat da bera, oso sentiberatasun berezia duen pertsona. Hori gutxi balitz, azti bat da pintzelekin. Marrazkietan kapitulu bakoitzak ezkutatzen dituen emozioak islatzea lortzen du.
Umeak irakasle txikiak direla esaten duzu. Zer irakatsi dizute zuri?
Unea sakonki bizitzen. Semeekin jazotako adibide bat jarriko dizut: bihotz formako harri bat aurkitu genuen urtegian paseatzen, eta batek maitasuna izateko desioa eskatu eta uretara botatzea proposatu zuen. Harria bota genuenean, triste jarri zen semeetako bat, desioa alferrik galdu dugula argudiatuz: "Maitasuna bihotzean dago, eta bihotza gure baitan; beraz, inoiz ez zaigu maitasunik faltako. Desioa alferrik galdu dugu. Beste edozer eska genezakeen!". Ez al da lezio ederra?
Mezu hori helarazten du ipuinak?
Haur bakoitza den bezala ezagutzeko oihua da nire obra. Mezu hori hezkuntza arruntaren aurka doa, denok gauza berak ikasi behar baititugu, produktu bera bihurtzeko. Hala ere, Arrasaten zorte handia dugu, hezkuntza-eredu batzuek argi eta garbi egiten dute bide horren aurka. Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio hezkuntza emozionalari eta desberdintasunak garatzeko aukerari. Baina, zoritxarrez, ez da ohikoa.
"KONTAKETAK NORBERE AMETSAK BETETZEKO INOIZ EZ DELA BERANDU ADIERAZTEN DU"
Irakurleek iritzirik partekatu al dute zurekin?
Bai, noski! Asko gustatzen zait ume batek deitu eta esaten didanean: "Noelia, izugarri gustatu zait zure ipuina. Ni musikaria izango naiz. Lortuko dut". Helduen artean ere feedbacka positiboa izaten ari da. Duela gutxi, emakume batek idatzi zidan, liburuagatik eskerrak emanez eta ama gisa asko lagundu niola esanez, baina, batez ere, bere bizitzan hartutako erabakiei buruz hausnartzen lagundu niola azalduz. Ez dago ezer atseginagorik. Eta aurkitu berri dudana, irakasle eta psikologoen arloa da. Hainbat ikastetxetako irakurketa eta etika eskoletarako material didaktiko gisa baloratzen ari dira.
Ume izatearen bertuteak goraipatzen dituzu. Zeintzuk dira horiek eta nola bilakatzen dira?
Haurrek koherentziaz sentitzen eta jokatzen dute, eta euren emozioak benetakoak dira. Tristuratik barrez lehertzera pasatzen dira segundotan; helduak, ez. Gu emozioei lotuta gaude, haiek perbertitzen ditugu, politikoki zuzena denaren alde eginez. Gainera, barneratu dugu gizarteak onartu egin behar gaituela, eta ez dago ezer gogorragorik ezta irrealagorik ere. Benetan ahazten dugu nor garen, eta okerrena da konturatu ere ez garela egiten.
Kosmoipuinak webgunea ere sortu duzu. Diseinua bera deigarria da, unibertso baten antza baitauka.
Bai, nirea da atariaren diseinua, baina bi kritikari gogor izan ditut alboan laguntzean: nire semeak, hain zuzen.
Zer dago izarren atzean zuri hain erakargarri egiten zaizuna?
Carl Saganek esan zuen bezala, izar-hautsa gara. Pertsona bakoitzak bere barnean unibertso eder bat ezkutatzen du, gutxi ezagutzen duguna. Kosmoipunak.eus nireari irekitako leihoa da.
Eta webgune horretan ipuina eskuratzeko denda ere badago.
Bai; Izar Kioskoa deitzen da, eta, bertan klik eginda, harremanetarako formulario bat irteten da, banatzaileei, elkarteei eta ikastetxeei Ekhi, mago izatea amesten zuen umea saltzeko aukera eskainiz.
Izen bitxiko planetak ere agertzen dira Kosmoipuinak-en.
Nire unibertsoa osatzen duten planeten izenak dira: Nankuru-naisa, Kumara eta Cariope. Lehe-nak japonieraz ez da gaitzik denborak ez daramana esan nahi du; bigarrena nire hurrengo liburuari eskainitako planeta da; eta azkena, berriz, oraindik eraikitzen ari den astroa.
Kosmoikastaroak antolatu nahian zabiltza. Ipuinak idazteko tailerra izango da, edo zerbait gehiago?
Asko gustatzen zait garapen pertsonala, eta espazio hau horretara bideratuta egongo da. Ideia asko eta oso desberdinak ditut buruan, haurrentzako zuzeneko ipuin kontaketak eta helduentzako ikastaro trinkoak, besteak beste.