Hemen oharra osorik:
"Osasun krisi larri batean murgilduta gaudela ukaezina da. Eta arduraz jokatzea dagokigu bizimodua hankaz gora jarri digun pandemia denon artean ahalik eta azkarren gaindituko badugu. Elkar zaintza erdigunean jartzeko garaiak dira, instituzioen erabakietan hasi eta gu guztion eguneroko hartu-eman pertsonaletaraino.
Krisiaren izenean ezarritako neurri murriztaileak betearazteko indar polizialak baliatzea ez zaigu iruditzen ez eraginkorra, ez bidezkoa. Kolektibo oso bat, gazteena, kriminalizatuz, gaizkile gisa jazarriz, haien familiek ordainduko dituzten isunekin zigortuz... ez dugu pandemiarekin bukatuko. Administrazioaren eta poliziaren helburua arazoak ekiditea izan beharko luke, ez arazo gehiago ekar ditzaketen egoerak sortzea.
Bizikidetzan benetan sinesten badugu, enpatia eta kohesioa sustatuko dituen estrategia bat behar dugu. Baina ez soilik gazteei begira, herritar guztiei zuzendutakoa baizik; guztion arteko zaintza arduratsua eta begirunea sustatuko dituen estrategia bat, besteak epaitzera edota kolektibo batzuk seinalatzera eramaten gaituena baino.
Agintariek ondotxo dakite hori, baita Arrasateko Udal gobernuan daudenek ere, baina pagaburu bat behar dute foku mediatikoa benetako arazoen muinetik aldenduz jendearen arreta desbideratzeko eta erantzukizunaren zama osoa norbanakoaren gain utziz arduradun publiko gisa pandemiaz egiten ari diren gestio txarra ezkutatzeko.
Ildo beretik, Udal gobernuak larrialdi egoeraren hasieratik eskatu izan diogun Krisi mahaia eratu izan balu, krisiaren ondorio sozialei eta ekonomikoei ikuspegi komunitario batetik aurre egiteko jarrera izan balu, eragileen zein herritarren proposamenak -tartean gazteenak, noski- eskatu, entzun eta aintzat hartu izan balitu... bestelako baldintzetan egongo ginateke orain egoeraren albo kalteei konponbidea emateko, are saihesteko.
Hamar hilabete luze dira krisialdi honetan sartu ginela, denetariko ondorio latzak eragin dizkigu eta nekeak bizi gaitu ezinbestean. Ezin dugu etsi, halere. Elkar zaintzen jarraitu behar dugu, ongizate kolektiboan pentsatuz, eta dagokien Administrazio publikoei, kalean zein Udalean, krisiari aurre egiteko beharrezko baliabideak jar ditzatela exijitzen, herri gisa indartuta aterako bagara.
Eutsi, Arrasate! Aurrera bolie!"