Eneko Barberena (idazlea): "Bekak konfiantza eman dit idazten jarraitzeko"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urt. 31a, 12:41

Nobela beltz bat idatziko du, Baztango Udalak, (H)ilbeltza ekimenak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean abiatu duten bosgarren (H)ilbeltza beka irabazi ondoren.

Urtebete izango du Eneko Barberenak nobela idazteko, eta, ondo bidean, 2022an argitaratuko du Txalapartak; horrez gain, 6.000 euro jasoko ditu, 3.000 laginaren irabazle izateagatik eta beste 3.000 lana bukatzen duen momentuan.

Zorionak! Pozik? Espero zenuen beka lortzea?

Ez nuen espero, ez, nahiz eta topikoa izan hori esatea. Idazle baten lana lan bakartia da, eta halako bekek konfiantza ematen dizute esku artean duzuna aurrera eramateko eta idazten jarraitzeko. Txalaparta moduko argitaletxe batek liburua ateratzea beti da oso pozgarria.

Baduzu esperientzia halako sariketetan: Ondarroako Agustin Zubikarai beka irabazi zenuen, eta hala argitaratu Afrikanerrak. Esperientzia hori lagungarria izango zaizu?

Beti laguntzen du lanaren tamaina gutxi gorabehera ebaluatzen. Egia da kasu honetan nire egoera pertsonala lasaiagoa dela eta asti gehiago dudala imajinatu beharreko fikziozko mundu hori sortzeko. Herri bat edo pertsonaia batzuk asmatzeak beti eskatzen du esfortzua; pertsonaiak, esaterako, ahalik eta koherenteenak izan behar direlako edo euren inkoherentzietan ere arrazoi bat egon behar delako horretarako. Aurreko esperientziak balioko dit jakiteko zeren aurrean egon ahal naizen. Horrez gainera, (H)ilbeltza ekimenekoek oparitu dizkidaten 26 nobela beltzekin osatutako bilduman ere badut zer ikusi eta ikasi.

Genero beltzaren zalea zara? Zein idazle duzu gustuko?

Egia esan, karinoz gogoratzen dut beti Jon Alonso, idazle iruindarra; Euskal Herrian kokatutako hainbat lan argitaratu ditu; eta karinoz diot, berari esker hasi nintzen-eta, orain dela hogei urte baino gehiago, idazten, Arrasaten antolatutako literatura tailer bati esker.

Aurreratuko diguzu istorioa?

Istripu bat gertatuko da Aezkoa ibarreko herri batean, eta mendizale batzuk erre egingo dira, baina herritar guztiak ez daude konbentzituta benetan istripu bat izan denik, eta, hori gutxi ez, eta beste interes batzuk ere badira tartean. Hor kokatzen dut gertakaria ebaluatzera joango den aseguru-etxe bateko peritua. Halako istorioetan gertatzen den moduan, katramilatzen joango da istorioa.

AEZKOA IBARREKO HERRI BATEAN GERTATUKO DEN ISTRIPU BAT DA ABIAPUNTUA

Zer esan dizu epaimahaiak?

Euren ustez, egiazkotasun zantzuak ditu istorioak, eta liburua egingarritzat jotzen dute, behin eta berriz azpimarratu didate-eta liburua argitaratzea dela euren helburua. Eskertzen dut esandako gauza onez gain euren ustez hobetu beharrekoak ere proposatu dituztelako.

Lagin bat aurkeztu duzu; zein izango da orain lan prozesua?

Hasteko, gurako nuke beste lan batzuk irakurri, beste istorio batzuetatik xurgatu; dokumentazio-lan apur egin eta elkarrizketa batzuk ere bai, ondo ezagutzen ez ditudan ofizio batzuei buruz gehiago ikasteko. Lehen zirriborroa ahalik eta azkarren egin nahiko nuke gero; Stephen King-ek aholkatzen du hiru hilabete baino gehiago ez egiteko horretan, bestela istoriotik irten egiten zara eta. Eta hori egiteko gai banaiz, atseden bat hartuko dut, eta ondoren, egindakoa zuzendu edo orraztuko dut.

Urtebete duzu aurretik; luze edo motz aurreikusten duzu egingo zaizula?

Kontuan hartuta honetaz gain bizi ere egin behar naizela bizitzak ekartzen dituen erronkei aurre eginda, motz, baina egia da halako lan batek ez badu epe mugarik aukera dagoela denboran asko luzatzeko, eta, alde horretatik, eskatuko didala gauza batzuk zirt edo zart egiteko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak