Javier Triviño, artista grafikoa: "Gazteek marken bidez eraiki dute euren irudia"

Hasier Larrea 2021ko urt. 22a, 10:31

Argakia: Ana Menéndez Godoy.

'Snopshot' izeneko galeria ireki du Logroñon artista arrasatearrak, argazki originalak deformatuz, gaur egungo 'influencer' garaien gaineko irakurketa "irekia" iradokitzeko.

Logroñon Diseinu Grafikoko ikasketak egin eta Europan barrena lanean ibili ostean, Errioxara itzuli zen 2018an Javier Triviño (1985). Bere margolan eta eskulturak ikusgai jarri ditu Caja Rioja-Bankia Fundazioan.

Zer esan nahi du snopshot hitzak?

Soinean markako arropak erakusten dituzten irudiak dira; selfie-en kontrara, enkoadraketetan gorputz osoak ageri dira.

Tendentzia hori da zure erakusketaren gai nagusia. Zergatik?

Irudi mota horiek direlako, nire ustez, bizi ditugun garaiak hobekien ordezkatzen dituztenak. Gazte influencer eta celebrity askok erakusten dituzte snopshot-ak sare sozialetan, estetika agresibo baten baitan, gainera.

Gazteek jarrera hori azaleratu ohi dute jendaurrean; zer dela eta?

Garaian garaiko belaunaldien ezaugarria da "biolento agertzea", talde identifikazioa eta nortasuna eskaintzen dizkielako sarri. La Haine pelikula, hooligan-ak eta kale borroka ideia horrekin lotzen ditut, eta esan genezake gaur egun arropa markek bereganatu dutela iruditeria hori.

Aipa al zenezake adibiderik?

Adidas markak, esaterako, bere estetika Errusiako mafietan oinarritzen du. Bestalde, gorputzen posizioetan ere bada amorruaren zantzurik, kokoriko jartzen direnean, adibidez: gulagetatik dator jarrera hori, presoek esertzeko aulkirik ez zeukatelako.Nabari da estetika eta politika uztartzea gustuko duzula.

Nondik datorkizu joera hori?

Txikitan Arrasateko kaleetan ikusten nituen pintaketetatik: Picassoren Gernika, ETAren anagrama, presoen aurpegiak... Irudiek sekulako boterea daukatela konturatu nintzen, sentimendu eta esanahi asko piz-teko ahalmena daukaten lez.

Orain esku artean duzun gaia bestelakoa da, "gaurkotua", agian.

Norbera online promozionatzeko irudiak ditut hizpide galerian. Askotan, autoestimuaren gabe-zian eta antsietatean egoten da selfie horien jatorria; argazki asko atera, gure idealera gehien hurbiltzen direnak aukeratu eta sareetan partekatzen ditugu era masiboan. Azken finean, garenaren eta erakutsi nahi dugunaren arteko aldea ezabatzea da selfie-en helburua.

Zein da dikotomia horren emaitza?

Deformazioa. Horregatik dira nire koadroen protagonistak deformeak.

Artistikoki, zer egiten duzu desitxurapen horietara heltzeko?

Pertsona ezezagunek sareetan erakusten dituzten irudiak "lapurtu" eta era askean aldatu: nire eskuekin, collage teknikaren bitartez edo inteligentzia artifizialarekin. Espero ez ditudan emaitzak irteten dira hala.

Gustatuko litzaizuke zure proiektuak jaioterrira ekartzea?

Bai, noski. Urte asko daramatzat Arrasatetik kanpo bizi izaten; joan nintzenetik asko aldatu naiz, beraz. Aldaketa hori nire obran ere islatu denez, ilusio handia eragingo lidake gaur egun naizen hau arrasatearren aurrean erakustea.

Erlazionatuak

'Snopshot' galeria, iruditan

Hasier Larrea 2021 urt 22 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak