Garazi Ugalde Pikabea (itzultzailea eta idazlea): "Intimitatetik unibertso osoak sortzeko gai da"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urt. 25a, 09:18
Garazi Ugalde lezoarrak irabazi du azken Jokin Zaitegi sariketa. Argazkia: Olaia Gerendiain.

Itzultzaile-interpretea da ikasketaz eta ofizioz, eta bi poesia liburu argitaratu ditu: Korapiloak lokarrietan eta Morfologiak; azken Jokin Zaitegi sariketa irabazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egiten du lan Garazi Ugalde Pikabeak (Lezo, 1988), baina datozen hilabeteetan beste erronka bat izango du: Louise Glück- en The Wild Iris poema liburua euskarara itzultzea.

Zorionak! Pozik? Espero zenuen?

Oso pozik. Egia esan, mimo handiz prestatu nuen lagina eta gustura geratu nintzen emaitzarekin, baina halako sariketetan beste alderdi asko ere sartzen dira jokoan: aurkezten den lagin kopurua eta horien kalitatea, epaimahaiaren gustuak... Beraz, bai, sorpresa polita izan da.

Epaimahaiaren esanetan, "bai lexikoan bai sintaxian akatsik bat ere ez, eta jatorrizko lanaren tonuan gehien asmatu duena izan zara". Zer deritzozu?

Horixe da, hain justu, edozein itzultzailek bilatzen duena. Hizkuntzaren zuzentasunetik harago, jatorrizkoaren tonua jasotzen asmatzea.

Ezagutzen zenuen aurrez Louise Glück eta haren obra?

Ez nuen idazlea ezagutzen, Literaturako Nobel saria eman zioten arte. Saritu zutenean hasi nintzen haren poemen bila, eta harritu egin ninduen. Oso ahots berezia duela iruditzen zait: hizkuntza xumea erabiliz, intimitatetik, unibertso osoak sortzeko gai da.

Zelakoa da The Wild Iris?

Oso originala da. Naturaren edertasuna eta giza kondizioa ditu ardatz. Denbora, hilkortasuna, ziklikotasuna... Gai aski unibertsalak lantzen ditu, baina oso modu berezian. Poemak loreetan oinarritzen dira, eta bakoitzak giza esperientziari buruzko zerbait sinbolizatzen du. Poemaz poema lorategi bat osatzen da, iruditeria oso bat.

"OSO LAN ORIGINALA DA; NATURAREN EDERTASUNA ETA GIZA KONDIZIOA DITU ARDATZ"

Pulitzer saria jaso zuen 1993an; bertigoa ematen dizu horrek ala, alderantziz, pizgarri da zuretzako?

Bi gauzak batera! Literaturako Nobel sariduna itzultze hutsak ematen dit errespetua, jakina. The Wild Iris liburua bera bikaina da, eta erronka moduan hartuko dut hura itzultzeko lana.

Zein izango da zure lan-prozesua?

Aurrelanetan ari naiz: dokumentatzen, planifikatzen, egilearen lanak irakurtzen... Poema bakoitzak bere denbora eskatuko dit, mantso egin beharreko lana izango da. Bide horretan, eskatuko dut behar beste laguntza; itzultzaileok, normalean, ez gara bakarrik aritzen. Lankidetza hori ezinbestekoa da azken emaitza ona izan dadin.

Xabier Mendiguren editoreak zera dio: "Hizkuntza xumea darabil egileak, baina, aldi berean, gai sakonak landu ditu. Kultuaren eta herrikoiaren arteko oreka hori izan daiteke gakoa". Bat zatoz?

Erabat. Oreka horri esker funtzionatzen dute hain ondo haren poemek. Itxuraz xumea izan daitekeen hizkuntza horren atzean sakontasun handia dago. Xehetasunetik eta intimitatetik abiaturik iruditeria zabala sortzen du, sinbolismo handikoa, gai unibertsalez aritzeko.

Poesia lana da. Zuk ere bi poesia liburu idatzi dituzu; esperientzia horiek lagungarri izango zaizkizu?

Poesia-zale izatea bai, dudarik gabe. Itzultzaileak irakurle izan behar du, ezinbestean. Literaturaren eta hizkuntzaren baliabideak ezagutu behar ditugu, obra bat beste hizkuntza batean birsortzeko. Irakurtzea, idaztea eta itzultzea eskutik datoz.

Ze garrantzi ematen diozu Jokin Zaitegi sariketari?

Gure txikitasunean, halako sariketek eta lehiaketek zentzu betea dute, bestela nekez euskaratuko liratekeen liburuak euskaraz izatea errazten dute eta.

Euskal Literatura oparoa izan dadin, itzulitako lanak beharrezkoak dira?

Noski. Inor ez da bizi bere hizkuntzan sortzen denarekin bakarrik; itzulpenik ezean, inguruko erdaretara jotzen dugu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak