Eguneroko lanari eusten ari zaio Arrasate Atletiko Taldea, egoera "zailean"

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 22a, 11:31

Arrasate Atletiko Taldeko atleta gazte talde bat, Mojategin, aurreko astean. Argazkia: Arrasate Atletiko Taldea.

Ia 100 atletarekin hasi zuten denboraldia, urrian, eta, atleta federatuek "hala moduz" entrenatzen jarraitu badute ere, eskola-kirolekoak geldi egon dira bi hilabete luzez; bihar, zapatua, Gipuzkoako txapelketan ariko dira taldeko hamar atleta, Donostiako belodromoan.

80 bat haur dituzte eskola-kirolean, eta gainontzekoak federatuak dira. Jon Ormaetxea presidenteak nabarmendu du "ilusio handiarekin" ekin ziotela denboraldiari urrian, baina hilabete haren bukaeran geldiarazi egin zieten jarduna. "Duela astebete hasi ginen berriro; beraz, ezin dugu esan ondo ari garenik. Ez daukagu inongo jarraikortasunik, baina, ahal dugun moduan, lanean ari gara".

Bi hilabete haietan, federatuak entrenatu ahal izan dira, "hala moduz", entrenatzaileek bidalitako ariketa batzuk eginda, baina eskola-kiroleko haurrek guztiz etenda eduki dute jarduna. "Orain, berriz ari gara, apurka, entrenamenduak hasten, ezarritako neurriak errespetatuz, betiere. Hala, sei laguneko taldeetan ari gara, kontaktu fisikoa saihestuta, tenperatura hartuta, eta une oro maskara jantzita. Intentsitate handiko probetan bakarrik eranzten dute maskara", azaldu du Ormaetxeak.

Lehen kontaktua txapelketekin

Presidenteak dio ez dela erraza egoera hauetan entrenatzea. "Ez dakigu txapelketarik egongo den ala ez, aktibitatea etengo diguten ala ez, berriz konfinatuko gaituzten ala ez. Beraz, Donostiako parte-hartze libreko probara joatea erabaki genuen, lehiaketarekin kontaktua hartzen joan zitezen atletak. Kontuan hartuta batzuentzat lehenengo proba izan zela, oso jarrera baikorra eta lehiakorra erakutsi zuten. Urduri samar ere bazeuden, normala den moduan, baina asko gustatu zitzaidan nola aritu ziren. Iruditzen zait, duten adina kontuan izanda, garrantzitsuena gozatzea eta ondo pasatzea dela, ez zaigu horrenbeste axola ze marka egiten duten".

Bihar, Gipuzkoako Txapelketa

Taldeko hamar atleta ariko dira bihar Anoetako belodromoan: 60 metroko proban, Ainara Lopez, Ane del Fresno, Xubane Sagastagoia, Iker Menor, Ander Otero eta Gari Egia; 300 metrokoan, Araitz Aretxaga eta 1.500koan, Itxaso Plaza. Horrez gain, Real Sociedad taldeko Istar Dapena eta Eneko Carrascal arrasatearrak ere ariko dira, pertikan eta jauzi hirukoitzean, hurrenez hurren.

Lehen urratsak egiten ari diren atleta batzuk

Almedi Mujika (13 urte): "Lehen aldia izan da belodromo batean lehiatu naizena. 150 metroko distantzia oso gustuko dut, baina aurten 60 metrokoan ari naiz, gehienbat. Proba motzegia da niretzat, baina maila onean nago. Halere, hobetu dezaket marka".

Ainara Lopez (18 urte): "Donostian 200 metrokoa egin nuen, eta esperientzia polita izan zen, nahiz eta gogorra izan, luzeegia. Nahiago ditut lasterketa motzagoak, 100 metrokoak edo 150ekoak. Asteburuan 60koa egingo dut, eta gogoz nago probatzeko".

Ane del Fresno (14 urte): "Korrika egitea gustatzen zait, eta horregatik aukeratu nuen atletismoa. 60 metrokoan ondo moldatzen naiz, eta baita 100ekoan ere. Lehen aldia izanik, Donostian urduri sentitu nintzen, baina pozik nago egindakoarekin".

Izaro Garcia (14 urte): "Abiadura probak gustuko ditut, motzak, eta hobeto moldatzen naiz luzeetan baino. Donostiakoa nire lehen proba izan zen, eta asko gustatu zitzaidan. Esango nuke, gainera, nire marka hobetzeko moduan nagoela oraindik".

Oihan Zulueta (16 urte): "Bi hilabete daramatzat atletismoan, eta zaletasun moduan hartzen dut. 60 metrokoak egiten ditut, baina ez dakit distantzia horretan jarraituko dudan. Donostian marka ona egin nuela uste dut, nire lehen aldia zela aintzat hartuta".

Olatz Martinez (14 urte): "Proba luzeak egiten ditut, 600 metrotik gorakoak, eta nire distantzia gogokoena 1.000 metrokoa da. Gurasoak ikusita korrika egiten hasi nintzen eta gustatu egin zitzaidan. Donostian egin nuen nik ere nire lehen proba".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak