Sindy Berbenas: 'zuk zeuk egizu' filosofia eta jarrera, lau belaunalditan barrena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 16a, 09:58
Iker Gil 'Gilito', Etor Goikoetxea 'Toribio', Iban Bengoa 'Bilis', Jon Koldo Lasagabaster 'Pistolo' eta Jokin Pagaldai 'Jokino'.

25 bat urteko ibilbide gorabeheratsuaren ostean, 2021erako "inoiz baino gogotsuago" dago Sindy Berbenas; oso kontzertu gutxi eman dituzte, eta disko bakarra kaleratu, baina Arrasateko underground kulturaren barruan bere arrastoa utzi dute dagoeneko.

Arrasateko underground eszenako musika taldeen artean esku batekin zenbatu daitezke 25 urteko ibilbidea egin, gorabehera handiekin bada ere, eta oraindik egurra emateko gertu daudenak. Badirelako kultura zirkuitu entzutetsuetan sartu barik eta ospe handirik lortu gabe arrasto berezia uzten duten taldeak: 1996. urte inguruan sortu eta 2021ari "inoiz baino gogotsuago" ekin dion Sindy Berbenas taldea da horren adibide bat.

Domeka elurtu eta hotz batean egin du hitzordua kazetariak taldearen lokalean, gaur egun Jet Set izena duen diskotekaren ondoan. Eta kaleko giro izoztua berehala berotu da lokal barruan, taldearen historia baina, batez ere, euren istorioak gogoratzeko solasaldian.

Izenaren jatorria, panpina baten

Gaur egungo kideen artean bi dira hasieratik daudenak: Etor Goikoetxea Toribio (Arrasate, 1975) eta Iban Bengoa Bilis (Arrasate, 1975). Taldearen izena panpina batetik datorrela azaldu du Bilis-ek: "Barbie-ren konpetentzia zen Sindy, garai hartan arrakasta txikiagoa zuen panpina. Telebistako iragarkietan Sindy hainbat eratara agertzen zen; Sindy kirolaria, Sindy ez dakit zer... Sindy parranda eta berbena zalea falta zen, eta guk sortu genuen: Sindy Berbenas".

Toribio, Bilis eta Zaka, kuadrillakoek Mendi taberna zenaren –gaur egungo Plus Ultra tabernaren parean– gainean zuten lokalean.

1996ko jaiak, 2007ko Bionakoa...

Taldearen historia kontatzen hasteko, 1996ko sanjuanetara bidaiatu beharra dago, urte hartan txosna bat muntatu zutelako musika instrumentuetarako dirua lortzeko. Deposituetan hasi ziren entseatzen, Toribio-k gogoratzen duenez: "Gazte Hilak taldearekin sartu ginen eta urte pare batera-edo Zakarrak eta Iskanbilarekin hasi ginen lokala partekatzen. Zakarrak-ek jotzeari utzi zionean, Des-kontrol sartu zen Iskanbilarekin eta gurekin batera".

Iban Bengoa Bilis: "Gaztetan ez genuen behar besteko jarraipenik izan maila hobetzeko"

Ilusioa barra-barra, baina kontzertu publikoak, apenas. 1997an, esaterako, Elgetako Panaderokua tabernan bi edo hiru abesti jotzera igo ziren, eta aipagarriak dira ere bizpahiru urtetan Garaion kuadrillakoekin eta kuadrillakoendako egin zituzten kontzertuak.

Sindy Berbenas zuzenean, kuadrillakoekin eta kuadrillakoendako Garaion egiten zituzten kontzertuetako baten, 1997an.

Ordutik aurrera, lozorroan egon ziren hainbat urtez, harik eta 2007an Bilis-en despedidarako Biona tabernan egin zuten kontzertu sorpresa heldu zen arte. Taula gainean, Des-kontrol, Arkada Social, Enboskada, Never Surrender eta, nola ez, Sindy Berbenas. "Beste taldeek ordu erdi inguru jo zuten eta guk, bost minutu; kar, kar, kar. Des-kontroleko Magu-k jo zuen gitarra Bilis-en ordez eta Joannes ez zen egon, kanpoan zegoelako. Iker Zaitegik jo zuen baxua", dio Toribio-k.

Toribio eta Bilis, lokalean, 1990eko hamarkadaren amaieran.

Taldeak gaur egun bizi duen "fase egonkorraren" hasiera ulertzeko, Iker Zaitegi Zaka-ren despedidarako 2013ko kontzertuan aipatu beharra dago, gaztetxean, Iskanbilarekin batera.

Aldaketak aldaketa, beti giro ona

Ondoan izan dituzten musika taldeekiko ezberdinak zertan diren galdetuta, honako hau diote Toribio-k eta Bilis-ek: "Gaztea zarenean musikalki jarraipen bat izatea komeni da maila garatzeko, eta guk ez genuen izan; gure maila oso baxua zen orduan. Gainera, egoera pertsonala egonkortu dugunean eta egoerak ahalbidetu duenean izan da posible Sindy Berbenas. Aldaketak izan arren, taldean beti izan dugu giro ona; ezinbestekoa da".

Etor Goikoetxea Toribio: "Aldaketak izan arren, taldean beti izan dugu giro ona; ezinbestekoa da".

Gainerako taldekideen iritziak

Taldeko gazteena da Iker Gil Gilito (Bergara, 1997): "Sekulako esperientzia da Sindy Berbenas. Eurekin grabatu dut bizitzako lehen diskoa eta niretzat familia bat dira. Entseguak poztasuna dira niretzat, izugarri gozatzen dut".

Jokin Pagaldai Jokino-k (Arrasate, 1987) ere hitz bereziak ditu: "Sindy Berbenas ezagutzen nuen aurretik, baina nork esango zidan bertan jotzen bukatuko nuenik... Sekulakoa da niretzat".

Eta taldeko beteranoena da Jon Koldo Lasagabaster Pistolo (Arrasate, 1964); hainbat taldetatik pasatu da, La Txusma tartean, eta orain bereziki gozatzen ari da Sindy Berbenasi bere "metal ukitua" ematen: "Rock-and-rolla nire egunerokoaren parte da, ezinbestekoa. Talde askotan egon naiz, eta ezinbestekoa da giro ona egotea. Eta talde honekin, giro ona bermatuta dago".

Diskoan, keinua Altsasukoekin

25 urte inguruko ibilbide gorabeheratsuan disko bakarra atera dute, 2019ko maiatzean: Sindy Berbenas. Bultaco Warriors. 2018 eta 2019. urteen artean Sound of Sirens estudioan grabatu zuten, Julen Urzaizen eskutik. Zortzi abestiz osatutako diskoa da–zazpi gazteleraz eta bakarra euskaraz– eta salmenta prezioaren zazpi euroetatik bi euro Altsasuko gazteei laguntzera bideratu zuten. Disko hori bera aurkezteko lau kontzertu lotuta zituzten 2020an, baina pandemiagatik suspenditu egin ziren. Orain, egurra emateko "inoiz baino gogotsuago" daude: "Asatamente".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak