Heziketa sexualari eta afektiboari buruz, umorez

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urt. 15a, 19:36

Domekan Amaia antzokian eskainiko duten antzezlanaren une bat. Argazkia: Benetan Be.

Zuzeneko musika eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen helduentzako umorezko Porno vs. afrodita edo I love #gorkaurbizu antzezlana eskainiko du benetan be taldeak domekan, amaia antzokian, 19:00etan; sarrerak, Arrasate.eus atarian.

40 urtetik gorako musikariek osatzen duten rock taldea azken kontzertua ematera doa, eta emanaldirako soinu probak hastear direla abiatzen da Porno vs. Afrodita edo I love #Gorkaurbizu umorezko antzezlana. "Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola; izango da rock-and-rolla. Serio hartzeko gaia da, mina ere badelako batzuetan; horregatik, guk maitasun osoz umorea erabiltzen dugu, natural edo irteten zaigun moduan", dio taldeko kide Patricia Urrutiak.

Lanaren izenak argi adierazten du Benetan Be taldearen barre eragiteko asmoa: "Izenburuko bigarren zatiko traol txiki horrek harremana dauka antzezlanean jorratzen dugun beste kontu batekin; hau da, identitate likidoarekin eta sare sozialek sortarazten duten sasi-gertutasun sentsazioarekin; eta lotuta dago, era berean, lilurarekin edo eguneroko ametsekin. Guk lilura hori gurera ekarri nahi izan dugu, gure gertuko erreferentzia bilatuta. Gorka Urbizu aproposa iruditu zitzaigun, eta, gure ideia kontatu genionean, barrezka hasi zen, gustatu egin zitzaion".

Hausnartzeko komedia

Heziketa afektiboaren eta sexualaren inguruan Nafarroako ikastetxeetan abiatu zuten Skolae programaren bueltan sortu zen zalaparta dela-eta hasi ziren antzezlana sortzen, Patricia Urrutiak esan duenez. "Irakurtzen eta gaia aztertzen hasi ginenean, asko harritu ginen gazteek duten pornoa kontsumitzeko ohitura handiagatik. Egia da, baina, pornoa ez dela gazteetara bakarrik mugatzen. Fikzio hori errealitatetzat jotzen denean sekulako desfasea sortzen dela ikusi genuen, eta, horrek erakarrita, artearen bitartez hausnartzeko tresna izan nahi duen lana sortzen hasi ginen. Hainbat pertsonaiaren artean, bi jainko agertuko dira: Porno eta Afrodita, eta horien bitartez egiten dugu sexuari buruz berba; oso lagungarriak egin zaizkigu bi pertsonaia horiek naturalki berba egiteko. Ero samarra dirudien taularen gainean nahiko txukun eta goxo pasatzen dira gauzak".

Taularen gainean hiru pertsona daude –Patricia Urrutia, Oñatin bizi den Ion Zumelaga eta Juanjo Otero–. Hiruren artean hamar pertsonaia antzezten dituzte. "Bandako kideez gain, horien seme-alabak, aspaldiko lagunak... Horrez gainera, bideoak proiektatuko ditugu eta pertsonaia ezberdinak agertuko dira; Ainara Correas oñatiarrak antzeztuko ditu batzuk".

Zuzeneko musikarekin

Gorabehera eta kontraste handiak daude, baina zuzenean jotzen duten musikak emozio horiek kudeatzen laguntzen duela dio: "Guk sortutako abesti batzuk daude, eta beste ezagun batzuen bertsioak ere bai; horrez gain, Asier Ituarterekin elkarlanean egin dugun soinu banda ere badago. Power trio bat gara; hau da, baxua, gitarra eta bateria".

Helduentzako lana da, 13 urtetik gorakoentzako gomendatzen dute. "Belaunaldiarteko samarra da; argazki orokorra ematen da, eta ikusle bakoitzak beretik ikusten du".

Aretoetan, gogotsu

Urriaren 24an estreinatu zuten, Bilbon, eta, harrezkero, Sopelan, Andoainen eta Lezon eskaini dute. "Gauden baldintzetan, emanaldi bakoitza ospakizun bat da. Sekulako gogoarekin igotzen gara taularen gainera eta ikusleak ere gozatzen daudela sentitzen dugu, nahiz eta begiak bakarrik ikusi. Antzerkia, musika... Ikuskizunak, orokorrean, behar ditugula uste dut; elkarguneak dira, elkarrekin konektatzeko fisikoki, eta baita emozionalki ere".

Taldearen bigarren lana

Orain dela hiru urte abiatu zuten Ion Zumelagak eta Patricia Urrutiak taldea, haurrentzako Inondik inora antzezlanarekin.

Erlazionatuak

Helduentzako umorezko antzezlan musikatua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021 urt 12 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak