"Oso gutxiren esku dago 'one club man' izatea; ez dut horren penarik"

Xabi Gorostidi 2021ko urt. 8a, 10:18

Mikel Gonzalez de Martin, 'Gontxa', AEK Larnaca taldearen estadioan. (Argazkia: AEK Larnaca)

Realean hamaika urte eta Zaragozan bat jokatu ostean, Ziprera heldu zen 2018an. Leku "eder" horretan arituko da 2022ra arte, eta erretiroa hartuko du ostean. 

Zipre uharte turistikoan dago Gontxa 2018a ezkero, eta bertan egingo ditu futbolari ibilbideko azken lau urteak.

Aurtengo Gabonetan herrimina ezin ase geratu zara…

Egia esan, bai. Ahal dudan bakoitzean Arrasatera itzultzen naiz, niretzako oso beharrezkoa delako. Aurten, egoera berezi hau dela eta, ezin izango naiz Gabonetan itzuli, eta bai, herrimin puntu hori badaukat. Emaztea eta seme-alabak itzuli dira, eta ostean koarentena bat egin beharko dute Zipren. Guk, ordea, urtarrilaren 3an partidua geneukan; beraz, klubak ez zigun kanpora joaten utzi.

Zer moduz moldatu da familia Zipreko bizimodura? Dagoeneko seme-alabek ingeles maila aparta izango dute…

Hala da. Oso ondo gaude, eta oso erraza izan zen herrialde honetara moldatzeko prozesua. Seme-alabek ingelesez egiten dute eskolan, eta hor konturatzen zara zer-nolako ikaste gaitasuna dugun txikitan. Umeek erraz-erraz hartu dute hizkuntza berria, eta, nire kasuan, eurei baino dezente gehiago kostatzen zait.

"Kristoren maitasuna dut Realarekiko, baina igartzen dut maitasuna indartsuagoa dela bertan ezaguna duzun norbait dagoenean".



Iazko denboraldiari nola eragin zion COVID-19ak?

Martxoan liga eten zen zortzi partiduren faltan, eta ez zen berriz martxan jarri. Hala adostu zuten klubek; hein handi batean, gehiengoari hala interesatzen zitzaiolako. Beste modu batera esanda: ez zen COVID-19ak indarrez behartuta eten, klub gehienei etetea interesatzen zitzaielako baizik. Hamabi talde garenez, zera adostu zuten: lehen lau sailkatuak Europara joatea eta azken sei sailkatuek maila ez galtzea. Klub guztiak zeuden ados, bosgarren eta seigarren sailkatua izan ezik; eta gure taldea bosgarren sailkatua zen erabakia hartu zenean. Ez geunden ados liga etetearekin, baina gutxiengoa ginen.


Mikel Gonzalez de Martin, AEK Larnaca taldearen elastikoarekin, pasea egiteko gertu. (Argazkia: AEK Larnaca)

Jarraitzen duzu Reala Zipretik?

Bai, noski. Realzalea naiz, eta ahal dudan bakoitzean ikusten dut. Gainera, une honetan Reala ikustea futbol ona ikustea da. Baina egia da gero eta urruntasun puntu handiagoarekin jarraitzen dudala, taldean gero eta gutxiago direlako pertsonalki ezagutu ditudan jokalariak. Jokalariak urtetik urtera asko aldatzen dira, eta orain apenas dago nirekin taldean aritutakorik. Kristoren maitasuna dut Realarekiko, baina igartzen dut maitasuna indartsuagoa dela bertan ezaguna duzun norbait dagoenean.

Harrobiaren aldeko apustua egin zuen klubak zu bertan zeundela, eta orain, inoiz baino fruitu gehien ematen ari da...

Klubak egoera ekonomiko ona izan arren, harrobiaren alde egiten jarraitzen du: jokalari gazte pila bat heldu dira, minutu asko izaten dituzte... Horrek are gehiago indartzen du harrobi filosofia hori. Eta, gainera, kirol maila aparta ari dira ematen: Europan jokatzeko sailkatuta, Ligan aurrealdean, Kopa final bat jokatzear, Superkopa jokatzear… Sekulako meritua du horrek.

"Lillo eta Montainier izan dira gehien markatu nauten entrenatzaileak"


Lehen mailan jokatutako lehen partidu haietan, zein aurrelariren oroitzapena duzu?

Askorena. Lehena, Arango. Mallorcako debutean partidu ikusgarria egin zuen: Hiru gol sartu zituen. 

Egia da. Realaren aurka partidu latzak egiten zituen beti…

Ziur, Youtuben Arango jarriz gero ni agertuko naizela haren atzetik; kar, kar, kar. Gehiago ere oroitzen ditut: Atletico Madril taldeko Kezman eta Torres, David Villa Valentzian…

2006/2007 denboraldian lehen taldeko jokalari bilakatu zinen. Eta urte hartan, Bigarren Mailara jaitsi zen taldea. Zerk egin zuen kale?

Zaila da erantzuten. Oso gaizki hasi ginen. Lehen partidua 14. jardunaldian irabazi genuen, Nastic-en aurka… Entrenatzaile aldaketak, zuzendaritzan aldaketak… Gogoratzen dut drama itzela izan zela niretzat. 20 urte izango nituen, eta 40 urte baino gehiago pasa ostean Reala bigarren mailara jaistea, norbera bertan egonda… Orain, perspektibaz eta esperientziaz ikusita, ez nuen hala biziko. Badaude bizitzan hori baino gauza garrantzitsuagoak, baina adin horrekin munduaren akabera balitz bezala bizi duzu.

Bigarren Mailan hiru denboraldi egin zenituzten. Jokalari gisa kontsolidatzeko baliagarri izan ziren?

Bai, erabat. Astebururo jokatzen nuen, eta taldeko partaide sentiarazten dizu horrek. Hala ere, urte gogorrak izan ziren; batez ere, zuzendaritzan eta arlo ekonomikoan klubak zuen ezegonkortasunagatik.

"Une honetan Reala ikustea, futbol ona ikustea da"

Bigarren Mailako une latzena eta goxoena?

Latzena, lehenengo urtean Mendizorrotzan bizi izandakoa. Partidu bakarraren faltan mailaz igotzeko aukerak genituen, baina azken minutuan galdutako partidu hura kolpe latza izan zen. Oraindik iltzatuta ditut partidu haren amaierako une batzuk. Eta gozoena? Zalantzarik gabe, igoera lortu genuenekoa. Bai Anoetako partidua, eta baita astebete lehenago Cadizen bizitakoa. Poza baino gehiago, sekulako lasaitasun sentsazioa eman zidan igoera lortzeak. Motxila bat kendu nuen gainetik.

Messi, burumakur; Gontxa, aldiz, garaipen keinuarekin. (Argazkia: goal.com)


Ostean, hainbat denboraldi Lehen Mailan; maila onean eta gauza garrantzitsuak lortzen…

Lehen bi urteetan maila mantentzea lortu genuen, eta hirugarren urtean pelotazoa jo genuen Philippe Montainierrekin. Txapeldunen Ligarako sailkatu ginen, hurrengo urtean Europa Ligarako… Klubaren egonkortasuna eta taldearen futbol maila beste dimentsio batean zeuden jada. Azken urteetan ez nuen askorik jokatu, lesioak izan nituen… Atzetik ere jende gaztea zetorren, eta gauza bategatik edo besteagatik jada ez nuen lehengo maila bera eskaintzen. Atzera begiratuz gero, pozik nago, oso, Realean izan dudan ibilbidearekin.

"2022ra luzatu dut kontratua AEK Larnacarekin; ostean, ez dut futbolari gisa jarraituko"

Realean dozena bat entrenatzaile izan zenituen: Amorrortu, Arconada, Bakero, Lotina, Coleman, Eizmendi, Lillo, Lasarte, Montainier, Arrasate, Moyes eta Sacristan. Horietako zeinekin geldituko zinateke?

Hamabi? Gutxi iruditzen zaizkit; kar, kar, kar. Betidanik esan izan dut Lillo izan dela gehien irakatsi didan entrenatzailea. Harekin egindako urtean ez genuen igotzerik lortu; Martin Lasarterekin igo ginen. Baina aurreko urtean ez bagenu Lillorekin jokatu izan, ez dut uste igotzea lortuko genuenik. Asko-asko irakatsi zigun, eta igotzea lortu genuen urtean geneukan jokoa, hein handi batean, bere lanaren emaitza zen. Eta asko markatu ninduen beste bat Philippe Montainier izan zen. Ez, agian, futbol kontzeptu zoragarriak zituelako, baina bai bere zintzotasunagatik eta bere hitzen berotasunagatik. Zerbait esaten zizunean, benetan esaten zizun; onerako eta txarrerako. Pertsona oso justua zen, eta entrenatzaile batengan asko estimatzen dudan ezaugarria da hori.

Realean egindako azken urtean, nola bizi izan zenuen kontratua ez berritzearena…

Ondo eraman nuen, modu naturalean. Ulertu ahal nuen klubak urte bat gehiago eskaintzea, edo zuzenean kontratua ez luzatzea ere bai. Bazeuden harrobitik indartsu zetozenak, nahiz eta azkenean Llorente fitxatzea erabaki zuten. Eta primeran irten zaie, berriki saldu baitute 20 milioi euroren truke. Nik ez nuen drama bat bezala bizi izan: gauzak hasi egiten dira, eta bukatu ere bai. Asko gozatu nuen Realean; jende zoragarriz inguratuta egon izan naiz, eta asko eman izan didate. Beraz, agur, eta eskerrik asko.

Nola oroitzen duzu 2017ko maiatzaren 24a, Realak omenaldia egin zizun eguna?

Omenaldia zapatuan zen, eta martitzenean abisatu zidaten. Egun eder bat bezala oroitzen dut: kuadrillakoen babesa, familiarena... Ume bat nintzela sartu nintzen Realean, eta nire umeak esku artean nituela esan nuen agur. Niretzat oso garrantzitsua zen kluba ondo agurtzea, eta, zentzu horretan, lasai joan nintzen. Gaur egun, une hura gogoratzean, esaten diot neure buruari: "Ederto, Mikel".

Atzeko lerroan hainbat taldekiderekin jokatu izan duzu. Bat aukeratzekotan?

Jon Ansotegi, zalantzarik gabe. Egunero ari ginen postu batengatik borrokan, eta gaur egun nire lagunik hoberenetakoa da, hoberena ez bada. Lehia handia zegoen, baina horren gainetik egon da beti bion laguntasuna.

Eta taldekiderik eredugarriena?

Mikel Aranburu, esango nuke. Gazte harrapatu ninduen eta urte asko egin nituen bere alboan. Niretzako ezin hobeto sinbolizatzen du futbol jokalari bat nolakoa izan behar den; bai zelai barruan, eta baita zelaitik kanpo ere. Eta Mikel aipatu dudan modu berean, Xabi Prieto ere bai. Bi horiek.

Futbolari umila zarela iruditu izan zait beti. Neurtzen zaila da, baina Lehen Mailako futbolari profesional gutxi ezagutu ditut Ford Focus batekin...

Zarata ateratzen zuen, baina nagikeria hutsagatik ez nuen autoa aldatzen. Nik uste dut pertsonalki ezagutu izan nauzulako diozula hori, baina, beste edozein futbolari arlo pribatuan ezagutuz gero, gertutasun edo umiltasun hori ikusiko duzu.

Musikarako zaletasuna ere izan da zure beste ezaugarri bat...

90eko hamarkadan hasi nintzen Arrasateko musika eszena bizi izaten, eta ez dut ezerekin aldatuko. Astebururo kontzertuak ikustera joaten ginen, Gipuzkoan zehar, gidabaimenik izan gabe...Une honetan panorama oso eskasean dago kultur arloa, eta pena itzela ematen dit atzetik datozenek guk bizitakoa gozatzeko aukerarik ez izateak.


Lehen mailara igotzeko Zaragoza-Numancia play-off kanporaketan, golegile. (Argazkia: Tino Gil, Real Zaragoza)

"Ume nintzela hasi nintzen Realean, eta nire umeak esku artean nituela esan nuen agur"

Realetik Zaragozara. Zein oroitzapen dituzu Aragoi aldean?

Ba, oso esperientzia ona izan zen: aldagela berri bat ezagutu nuen, hiri berri bat, jende berri asko... Uda hartan hainbat aukera izan nituen, eta nire alde gogor apustu egin zutelako aukeratu nuen Zaragoza.

Zeintzuk izan ziren beste aukerak?

Lehen Mailan jarraitzeak motibatzen ninduen, baita Espainiatik kanpo joateak ere... Lehen Mailako talde bat interesatuta egon zen, eta AEBetan jokatzeko aukera sortu zitzaidan; baina, azkenean, ez zen gauzatu.

Bigarren Mailan zeundela, norbaitek esanez gero leku liluragarri batean amaituko zenuela zure ibilbidea, Europa Liga jokatzen... sinatuko zenuen?

Bai, noski. Zaragozarekin bi urteko kontratua nuen, baina askatasuna nuen taldea utzi nahi izanez gero. AEK Larnacan Ander Murillo zegoen zuzendari, eta deia jasotzean ez nuen askorik pentsatu behar izan. Lehen urtean bigarren geratu ginen, eta horrek Europan jokatzeko txartela eman zigun. Esperientzia itzela izaten ari da Zipren bizitzen ari garena.

2022ra arte?

Hala da. Urte bat gehiago eskaini didate, eta oso gustura nago. Gaur-gaurkoz, 2022ra arte jarraitzeko gogoz nago, eta ostean ez dut futbolari gisa jarraituko.

Zipren, Realean bezala, kapitain besokoarekin. (Argazkia: AEK Larnaca)


Une honetan bi arrasatear daude Lehen Mailan. Nola ikusten dituzu?

Aitor Fernandez zertxobait ezagutzen dut, eta asko pozten naiz beragatik, maila aparta ematen ari baita. Nik, gainera, lehen pertsonan sufritu nuen, Zaragoza-Numancia play-off-ean. Bere erruz ez genuen etxeko partidua irabazi; argi eta garbi. Sekulako geldituak egin zizkigun. Andoni Gorosabel ez dut pertsonalki ezagutzen, baina jarraitzen dut. Aurten, batez ere, oso maila onean dabil.

Aranburu eta Prieto aipatu ditugu lehen. Pena ematen dizu one club man gisa ez amaitu izanak?

Ez, batere. Oso pozik nago egin dudan bidearekin, eta soberan bete ditut 19 urterekin nituen ametsak. One club man izatea –klub bakarreko jokalaria– oso gutxiren esku dago; oso-oso zaila da. 18 urtetik 33-35 urtera arte sekulako maila ematen aritzea eskatzen du horrek. Realean edo Athleticen maila horretan aritzea 16 urtez... basatia da.

Erretiroa hartzean, zer?

Ideiarik ere ez. Arrasaten irudikatzen dut neure burua, baina bizi garen mundu aldakor hau ikusita... auskalo. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak