Ahotsik gabeko arteen nahasketa emotiboa

Hasier Larrea 2021ko urt. 8a, 06:00

Post-rock estiloko Toundra musika talde instrumentalak 'El gabinete del doctor Caligari' film mutuan inspiratutako soinu banda gorpuztu zuen diskoan joan den otsailean. Emaitza Amaia antzokian entzun eta ikusi ahalko da, bihar arratsaldean.

Zinemaren hastapenetan film mutuen proiekzioak zuzeneko musikaz taularatzen ziren aretoetan; pianoaren eta haize-instrumentuen laguntzaz, sarri. Musika-notak pelikularen elementu bat gehiago bilakatzen ziren horrela, unean uneko emozioak modu argiagoan transmititzeko. Toundra musika taldeko kideek emozioen transmisio horretan sinisten dute; euren kantak entzun besterik ez dago. Ahotsaren erabilera bazterrean utziz, gitarren zein baxuen soinu anplifikatuaz eta bateriaren kolpe tinkoez baliatzen dira barruan daukatena adierazteko. Orain, Das Cabinet des Dr. Caligari -1920- alemaniar film espresionistaren soinu banda pertsonala aurkezten dabiltza; ikus-entzunezko esperientzia osatua eskaintzen diote publikoari.

KALERATU DUTEN AZKEN DISKOAREN KANTEKIN UZTARTUKO DITU TOUNDRAK FILMAREN IRUDIAK

Handicap bat izan zitekeena laukotearen indargune nagusietako bat bilakatu dutela azaldu du Esteban Gironek, Toundrako gitarra-joleak: "Sevillan jo dezakegu gaur, eta Oslon bihar". Musikaren lengoaia unibertsala dela argi dauka Gironek, baina argudio hori ez da euren kantak jende askorengana heldu izanaren adierazle bakarra. "Musika klasikotik edaten duen banda" bezala definitzen du bere taldea. Arrakasta izateko, noski, ez dago zertan kanon horiek jarraitu beharrik, baina historiari begiratu bat emateak lagun dezake berak esan nahi duena ulertzen: "The Beatlesen lehen diskoa musika klasikoan aditua zen produktore batek ondu zuen; hark ez zeukan rockaren gaine-ko ideia handirik, baina bere esparruko ukituak gehitu zizkien Liverpoolekoen abestiei". Ezbairik gabe, nahasketa hori The Beatlesen famaren gako handi bat izan zelakoan dago Giron.

Euren lehen erreferentziak ez ziren musika klasikokoak izan, ordea. Punkean eta halako mugimendu kaletarretan oinarritzen ziren gehiago konposatzeko orduan, baina urteen poderioz "garatu" egin dute euren musika eskaintza: "Betiere, izan ginenarekiko errespetua mantenduta".

Euskal zirkuituak, "demasa"

Euskal Herrira kontzertuak ematera etortzean "tratu paregabea" jasotzen dutela nabarmendu nahi izan du Toundrako gitarra-jole asturiarrak, eta kulturalki toki aberatsa dela aipatu: "Mugaz inguratutako lurraldea izanik, euskal artistek iturri askotatik formatzeko aukera daukate, eta, horrez gainera, artearekiko sentsibilitate eta konpromiso handia erakusten dute, bai sortzaileek eta baita publikoak ere. Izan ere, bertako eszenak alemaniarraren antz handiagoa dauka espainiarrarena baino".

Toundrakoak ohituta daude festibal handietako karteletan azaltzera, baina aukeran txoko txikietan jotzea nahiago dutela bota du Gironek: "Jaialdi handietara jendea festa egitera joaten da; espresuki zeu ikustera doazenak, berriz, areto txikietan batzen dira. Euskal Herrian, gainera, asko babesten dira halako espazioak".

Lana baino gehiago, "bizimodua"

Mundu zabalean ezaguna den taldea ea musikatik bizi den galdetuta, "ezetz" adierazi du asturiarrak, nahiz eta Toundrak enpresa izaera daukala ukatzen ez duen: "Musikari bakoitzak bere lanbidea dauka; nik kontzertuen difusio publikoan jarduten dut, eta besteek programatzaile informatiko, kontable eta abokatu lanpostuetan. Gurekin batera langile gehiago etortzen dira boloetara, gainera".

Hori horrela, oraindik "esateko" asko daukatela nabari zaio Gironi. Hitzez ez bada ere, sentsazioz bustiko dituzte zapatuan 19:00etan Amaiara hurbiltzen direnen arimak. Sarrera gutxi batzuk daude salgai oraindik, 15 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak