Gurasoek ipuinak kontatzen ikasteko tailerra zapatuetan

Hasier Larrea 2021ko urt. 7a, 15:54

Udal Bibliotekak antolatuta, urtarrilaren 16an, 23an eta 30ean egingo dituzte saioak, Saroa Bikandirekin. Izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 12ra arte, bibliotekan bertan edo web orriaren bidez.

7 urtetik beherako adina daukaten neska-mutilen gurasoei, hezitzaileei eta bitartekariei zuzendutako hiru saio eskainiko ditu Saroa Bikandi ipuin kontalariak Kulturaten, hurrengo asteko zapatutik aurrera; 10:00etatik 13:00etara iraungo dute tailerrok. Bederatzi ordukoa izango da, beraz, parte-hartzaileek jasoko duten euskarazko formakuntza.

Bibliotekako jarduera guztiak bezala, doakoa izango da ipuin kontaketa tailerra ere. Hori bai, beharrezkoa izango da bibliotekako bazkide izatea. Udalaren webguneko bibliotekaren atalean edo Kulturatera zuzenean deituta eman dezakete interesatuek izena. Partaideak zozketa bidez hautatuko dira, plaza mugatuak daude eta.

Egitarauaren antolatzaile eta Kulturateko langile den Ane Berasategik azaldu bezala, ekimen "arrakastatsuak" dira ipuin kontaketa tailerrak, "guraso edota hezitzaile askok beraien egunerokotasunean barneratuta daukatelako haurrei ipuinak kontatzea". Hala ere, askotan "intuizioz" egiten dutela aipatu du, ikastaro horrek  "kontaketaren koordenatu teoriko eta praktikoez jabetzeko aukera" emango dietela gaineratuz.

Edukiagatik galdetuta, ikastaroan ipuinak kontatzeko espazioa eta giroa sortzea, ipuinen aukeraketa eta kontatzeko baliabideak (ahotsa,
gorputza, irudia…) eskainiko direla nabarmendu du.  Metodologia aldetik, "dinamikoa eta parte-hartzailea" izango dela ziurtatu du, 15 lagun inguruko "talde txikian" antolatua.

Jarduera "atsegina"

Ipuinekin haurraren "hizkuntza gaitasuna eta irudimena" pizten direla dio Berasategik: "Entzumena, adimena eta ulermena garatzen dira, irakurzaletasuna sustatzeaz batera. Gainera,  helduaren eta haurraren arteko harreman estu eta goxorako unea sortzen du kontaketak".

Tailerraren mentorea izango den Saroa Bikandiri buruz, Udal bibliotekak harreman "estua" dauka ipuin kontalariarekin eta esperientzia "ona" eskaintzen omen du etortzen den bakoitzean, "bere tailerretara datozenek balorazio positiboa egiten dutelako eta probetxuzko denbora izaten delako beti".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak