Bi sari potolo eskuratu dituzu azkenaldian. Nola sentitzen zara?
Nabarmendu nahiko nuke argazkiak ez ditudala lehiaketetarako ateratzen, baina egia da sari horiek ilusio berezia egin didatela eta oso pozik nagoela lortu dudanarekin. Azken batean, nire eguneroko lana saritzen dutelako, argazki bakoitzaren atzean dagoen guztia.
Zer da argazki bakoitzaren atzean dagoen hori guztia?
Argazki bakoitzaren atzean gauza asko daude, eta pena bat da lehiaketetan zure argazkia azaltzeko aukerarik ez izatea. Argazkiak azaldu ezkero, haien balioa bikoiztu egiten da. Nik, argazkiak ateratzera joan aurretik, ondo aztertzen dut guztia: eguraldia, eguzkia ze ordutan aterako den, ordu bakoitzean ze argi egongo den, eta abar. Egun bat lehenago ere joan izan naiz, nolako argia egongo den ikusteko. Horregatik diot argazki bakoitzaren atzean lan bat dagoela, eta klik egin aurretik dagoen guztia hartu behar dela kontuan. Argazkian ikusten ez dena kontatu gura izaten dut, atzetik duen istorioa, eta gutxienekoa da ze abiadura eta ze diafragma mailatan ateratakoa den. Beti esaten dut argazkiak hitzez azalduz gero, haien balioa bikoiztu egiten dela. Halaber, argazkiak zerbait esan behar dio ikusleari; gehitzen ez duen elementu batek kendu egiten du, eta, beraz, ez da enkoadraketa barruan egon behar.
Mendia eta kirola uztartzen dituzte, gehienbat, zure argazkiek.
Badira urte batzuk argazkilaritzaren baitan nire norabide propioa hartzea erabaki nuela. Izan ere, ordura arte, lasterketetako argazki asko ateratzen nituen, lehiaketetan aurkezteko. Duela hiru bat urte, ordea, ez nuen saririk jaso argazki horiekin eta erabaki nuen gustuko ditudan argazkiak soilik ateratzea, horrek ez baininduen motibatzen. Beraz, dagoeneko ez ditut lasterketako argazkiak ateratzen, eta nire marka duten argazkiak ateratzen ditut.
Zure marka diozunean, zertaz ari zara zehazki?
Lagun batek behin esan zidan argazkiek izenik ez zuten erakusketa batean nire hiru argazki identifikatu zituela, eta horrek izugarri poztu ninduen. Argazkia ikusita nirea dela jakitea gauza ederra da. Bestalde, kirola ez da lehia soilik, beste gauza asko ere baditu, eta leku ezagunetan puntu ezberdinak aurkitu daitezke. Ni Udalatxera askotan joaten naiz, baina egunsentiak beti ezberdinak dira han.
"Udalatxen, egunsentiak beti dira ezberdinak"
Ze arlo da zure gustukoena?
Beti esaten dut kirol argazkilaria naizela, baina arlo guztiak ditut gogoko eta guztietan aritu izan naiz orain arte. Azken batean, argazkilari on batek jakin behar du argazki bat edozein baldintzatan ateratzen. Argazkigintzan, arlo guztiak kontrolatzeak asko laguntzen du, argazkilari hobea egiten zaitu.
Zein da zure sekretua?
Argazkia argia da, eta, duzun argiarekin egin gura duzuna zer den jakiteko, landu egin behar duzu, argazkiak bata bestearen atzetik atera eta aztertu. Nik urtero 60.000 argazkitik gora ateratzen ditut. Hori da sekretua.
Aritz Gordoren hiru argazki sarituak


