Sei mintegik hartuko dute parte 2021eko Zuhaitz Egunean: Arrasateko Udalatx, Zaldibarko Areitio eta Belar, Zarauzko Lurberry, Labaiengo Zubialde Beintza eta Gatikako Etxebarria.
Zuhaitz landaketa, Etxezarreta parkean
Feriaz gain, landaketa ere egingo dute, Etxezarreta parkean, aurrez Musakola auzokoko San Isidro Elizan elkartuta. Partaide kopuru mugatua izango da bi talde osatu arte, bakoitza gehienez 48 pertsonakoa. Izena ematea derrigorrezkoa izango da, eta horretarako 943 25 20 18 zenbakira deitu beharko da. Landaketa ondoren, aukera egongo da bisita gidatua egiteko Etxezarreta parkean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, komeni da katiuskak eramatea.
Ordutegia:
Lehenengo taldea:
1. azpi-taldea: 10:00etan San Isidro Elizan.
2.azpi-taldea: 11:00etan San Isidro Elizan.
Bigarren taldea:
1.azpi-taldea: 11:30ean San Isidro Elizan.
2.azpi-taldea: 12:30ean San Isidro Elizan.
400 zuhaitz inguru
Zapatuan 400 zuhaitz inguru landatuko dituzte: haritza, urkia, lizarra,astigarra, sagarmina. Aurreikusitakoaren arabera, 200 haritz inguru landatuko dituzte, eta baita beste 200 hostozabal ere, hariztietan aurkitu daitezkeenak: lizarra, urkia, astigarra sagarmina, gorostia…
Azkeneko urteetan hainbat zuhaitz egun egin dituzte eta horri esker, ehunka lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu dira Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio, Hidalgobaso eta Antoniñako herri lurretan.
Landaketa baino lehen, azaldu dutenez, eremua prestatu beharra dago. "Pinuak moztu eta gero adarrak bildu gabe gelditu ziren, horregatik, lehenengo lana adarrak pilatzea izango da, ondoren sasiak ebakiko dira, sortu diren hostozabalak errespetatuz, eta azkenik, landare inbaditzaileak (sasi-akaziak) moztuko dira".
Kudeaketa plana, garatzear
Arrasate ekialdean, Musakola auzoan dago Etxezarreta parkea, eta 2019az geroztik, Arrasateko Udalak du 83 hektareako lursail horren jabetza. 63 hektarea, gutxi gorabehera, pinudia izandakoa da, eta beste 20 hektarea, bertako zuhaitz eta zuhaixkak. Lursailaren beheko partean Sagastietxea izeneko etxe ospetsuaren hormak besterik ez dira gelditzen, eta ondoan lorategi botanikoa izandakoa.
Udalak biodibertsitatearen ikuspegitik kudeatu nahi du ingurua eta Besaide mendizale taldearekin eta Naturtzaindia natura taldearekin elkarlanean idatzi nahi du datozen urteetarako kudeaketa plana. "Hasteko, aurreikusten da harizti kantauriarrak hartzen duen azalera handitu beharra dagoela, eta zuhaitz eguna aprobetxatu nahi da lehenengo landaketa egiteko".