Arrasateko EH Bilduk barkamena eskatu dio Montai enpresari

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 28a, 09:47

Enpresa prozesu judizial batean zegoela aipatu zuen abenduaren 17ko osoko bilkuran bozeramaile lanak egin zituen Kepa Urteaga zinegotziak. "Hau horrela ez denez, publikoki zuzendu eta barkamena eskatzen diogu enpresari eta zuzenki Aitor Elortzari", azaldu du EH Bilduk ohar bidez.

Idatzi horretan diote esandakoa egin eta egindakoa esan egiten dutela, "gaizki" egindakoan ere. "Baina ez gaitezen galdu laino baten barruan, gauzak argitzen saiatuko gara, Montai enpresaren kontratazioen gainean Arrasaten. Buruan daukagu oraindik Gogora-ren ekiltaldirako fakturak nola zatitu ziren, karpa alde batetik eta kontrapisuak bestetik, Udal Gobernuak (PNV-PSE, Maria Ubarrechena alkate zelarik) "A dedo" kontratatu zedin enpresa hau, (bere garaian publikoki salatuta), 16.000 euroak ez gainditu eta legea ekiditzeko".

Gabonetarako karpa, idatzian diotenez, kultura sailetik kudeatzekoa zen. "Beti bezala, hiru enpresari luzatu zitzaien gonbidapena aurrekontu bat bidali eta karparen muntaketa egiteko eta hiruretako bat ere ez zen Montai. Hirigintza sailak baldintza bat finkatu zuen, 500 kilogramo metro koadroko jasan zitzakeela Biteri plazak. Hiru enpresa horietatik lehenengo biek ezin zuten bermatu baldintza tekniko hau". Gaineratu dutenez, denbora tarte horretan kultura saileko langileak konfinatu egin behar izan ziren eta kontratazioa ezin izan zen sailetik gauzatu. "Gaia zuzenean Alkatetzak eta Garapen ekonomikoko sailak bere gain hartu zuten".

Hortik aurrerakoa ez zaiola komunikatu salatu du EH Bilduk eta dakiten bakarra dela Montai enpresa nahierara aukeratu zuela Udal Gobernuak. "Baldintza teknikoetan Montai-k, 1.000 kilogramoko kontrapisuak gomendatzen ditu bere karpetarako eta hala jarri ditu, baina hori zuzena den edo ez, hirigintza sailak argitu beharko du, bere baldintzekin bat ez baldin badator. Hemen gakoa beste bat da, Montai, PNVko karguez edo kargu ohiez osatutako enpresa bat da eta Arrasateko PNVko gobernuak (Maria Ubarrechena alkate delarik) 'a dedo', bigarren aldiz eman diola kontratua enpresa honi, inongo konplexu eta lotsarik gabe, diru publikoa bere laguntxoei zuzenean emanez, hori bai, "legeak kunplituz", nahiz eta etika guztiz ahaztu eta hainbeste goraipatzen duten gardentasuna lekutan uzten duten".

EAJren kudeaketa, "salagarria"

Halaber, koalizio abertzaleak azpimarratu du edozein gaietan "hazka" egiten dutenean, zikinkeria ateratzen dela, esaterako, "JAME-ren desastrea, Kulturolako atzerapenak, Gabonetako karpa eta abar". Gero, "bere burua zuritzeko", denen laguntza eskatzen dutela dio idatziak, "bereziki EH Bildurena", garai txarrak direla argudiatuz. "Jakina da, krisi garaietan, gehienek sufritu egiten dutela eta guti batzuk etekinak biderkatu egiten dituztela".

Azkenik, EH Bilduk onartu du gaizki esandakoa, "baina administrazioetatik, kontratu zuzenetan dirutzak jasotzen ditu PNVk gobernatzen duen lekuetan (Arrasate barne) eta hori salagarria da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak