Oier Araolaza: "Gezurra da emakumeak ez zirela euskal dantzetan aritzen"

Julen Iriondo 2020ko abe. 25a, 09:32

Dantzaria eta antropologoa da eibartarra. Emakumeak euskal dantzetan: gezur baten historia izenburudun hitzaldia egiten izan da berriki Arrasaten.

Gezur hori sendotu eta finkatuta sortu zen, esaterako, gaur egunera arte iraun duen generoaren araberako dantzen bereiztea, umetan mutilek eta neskek bereizita jardutea...

Zein da, beraz, hitzaldiaren izenburuan aipatzen duzun gezurra?

Euskal dantzen alorrean azken ehun urteotan errepikatu izan den ideia da, eta oso-oso barneratuta daukaguna: emakumeek, garai batean, berez, euskal dantzetan ez zutela parte-hartze nabarmenik izaten, ez zutela dantza egiten; asko jota, dantza batzuetan parte hartzen zutela, baina bigarren maila batean eta gizonezkoei laguntzen. Eta emakumeak ikusi baditugu dantzatzen zinta dantza edo arku dantza, adibidez –aurrez dantzatzen ez zutenez–, errepertoriorik ez zutela-eta, dantza egitea baimendu eta dantza haiek eurentzat propio egokitu –berez, gizonezkoek egiten zituztenak– edo sortu zituztelako izan dela ere badio ideia horrek. Beraz, ideia horrek dio emakumea ez dagoela euskal dantzetan berezko eskubidez, baizik eta berdintasunaren izenean edo emakumeei ere aukera hori ematearren, eskuzabaltasunez, baimendu zaielako. Baina hori gezurra da. Adibidez, aurreskua; emakumeek aurreskua dantzatu izan dute.

Eta hori dokumentatuta dago.

Horren inguruko idatzizko dokumentazio pila bat agertzen ari da azken urteetan; argazkietan ere ikusi daiteke, eta duela urte batzuk aurkikuntza oso berezi bat izan genuen, ezagutzen den aurresku baten bideo grabaketa zaharrena, 1921ekoa, eta emakumezkoek dantzatzen dute.

Zerk eta zertarako elikatu du gezur hau urteetan zehar?

XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran asko indartu zen gaur egun hainbeste aipatzen den binarismoaren ideia, gizonezkoak eta emakumeak erabat bereizten dituena. Defendatzen da biologikoki erabat desberdinak garela sortzez, eta, ondorioz, gure izate kulturala, gure portaerak, gizartean ditugun funtzioak, lanbideak... desberdinak izan behar direla, eta oso bereizketa zurrunak egiten dira. Eta ideietan dagoen bereizketa horren neurrira eraldatuko dira dantzak, eta hasiko dira, batetik, ukatzen emakumeei ordura arte dantzatzen zituzten dantzak egiteko aukera. Lehen aipatzen genuen grabaketa da aurresku baten grabaketa zaharrena, baina baita emakumeek aurreskua dantzatzen zuten garai baten amaiera ere. Hasten dira bereizten emakumeen dantzak eta gizonezkoen dantzak, eta aurreskua geratuko da gizonezkoen dantza moduan; eta hori ez zen horrela: dokumentatu dut, adibidez, aurresku txapelketa bat Bilbon, 1894an, gizonek eta emakumeek elkarrekin parte hartzen zutena, sailkapen bakarrarekin.

Askotan, tradizioaren atzean ezkutatzen dena propio eraikitako zerbait dela esan dezakegu, beraz.

Jakina, beti. Kontua da tradizioak direla urte batetik bestera errepikatzen direnak, baina aurretik zegoena, neurri batean, berdin eginez eta beste zerbait aldatuz, jakinaren gainean edo konturatu gabe; eta horrela mantentzen dira bizirik tradizioak: momentu batean tradizio bat ez bada ezertxo ere aldatzen batetik bestera, horrek esan nahi du hil egin dela. Errepikatzen dugun bakoitzean da geure egiten dugulako eta geure momentuaren arabera egokitzen dugulako, eta horrela bizirik mantentzen dugu. Gure dantzak ere soka horretan transmititu dira, eta horren kontzientzia edukitzea garrantzitsua da, jakiteko zer dugun esku artean, ze maniobrabilitate dugun, eta zintzo jokatzeko geure buruarekin eta gizarteaz.

Ze helburu duzu hau gizarteratuz?

Urteak daramatzat hainbat taldetatik laguntza eskaerak jasotzen gaur egungo gizarte balioetara egokitzeko gure dantzak. Hor ikusten da ezagutzarik ezak edo geure buruari kontatzen dizkiogun gezurrek eskuak lotuta uzten gaituztela. Beraz, asmoa da dantza munduari azaltzea gauzak nondik datozen eta sentitu daitezela beste askatasun batekin gaur egungo balioetan oinarritutako dantzak egin ahal izateko, eta gure gizartea osatzen dutenekiko zintzo, justu eta parekideago izateko. Askok ezin dituzte euren egunerokoan defendatzen dituzten balioak dantzaren praktikan aurrera eraman gaizki ulertutako tradizio batek ez dielako aukerarik ematen.

Aldaketak etorriko dira?

Nik uste dut aldaketen lehen olatua bukatzen ari dela, debekuei edo ukazioari buelta ematearena; adibidez, Oñatiko Corpusetan emakumeek parte hartzen dute dagoeneko. Halako aldaketak Euskal Herri osoan gertatu dira azken lauzpabost urteetan. Orain sartzen gara bigarren olatuan, eta hori izango da nola berrantolatzen dugun dantza taldeen egitura eta funtzionamendu guztia ikuspegi berrien arabera, ze oraindik nesken eta mutilen dantzak ditugu, umeen taldeak mutilak eta neskak bereiziz antolatzen dira... Eta kontrako norabidean etorri den olatu bat ere bada gure artean, eta ezin dugu guk kontrolatu, gainera: dantzak, gero eta gehiago, jarduera feminizatu bezala kategorizatzen ari dira, eta horrek dakar gizonak dantzatik aldentzea, eta hori tragedia hutsa da, ze, dantza egitea, gizakiok berez dugun adierazpidea da. 4-5 urtera arte, ume guztiek, neska zein mutil, egiten dute dantza, zoriontsu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak