Literaturako Nobel saridunen liburuak itzultzea du oinarri Jokin Zaitegi sariketak. AED elkarteak antolatzen du lehiaketa hori, Elkar argitaletxearekin lankidetzan eta Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Aurkezten direnek testuaren lagin bat itzuli ohi dute, eta epaimahaiaren ustez onena denak urtebeteko epea izaten du liburua euskaratu eta argitaratzeko.
Joan den urtean bi beka eman zituzten, eta, ondorioz, bi liburu argitaratu dituzte aurten. Joxe Mari Berasategik alemanetik itzuli du Peter Hadke idazlearen Atezainaren larria penalti-jaurtiketan. "Atezaina izan zen gizon baten abenturak kontatzen ditu liburuak, buru obsesionatu samar baten ikuspegitik", azaldu du Berasategik.
Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczekek, berriz, Olga Tokarczukek polonieraz idatzitako Erabili goldea hilen hezurren gainetik liburua euskaratu dute. Polonia eta Txekiar Errepublikaren mugan bizi zen emakume baten istorioa kontatzen du eleberriak. Herritarrak hiltzen hasten dira inguru horretan, eta emakumeak hilketak ikertzeko erabakia hartzen du. "Eleberri beltzaren ezaugarriak ditu, baina hori baino askoz gehiago da, gai sakonagoak planteatzen dituelako; hiri girotik aparte sortzen diren harremanak lantzen ditu, esaterako", azaldu du Apalauzak.
Elkar argitaletxeak argitaratu ditu liburuak, eta salgai daude jada biak ala biak. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak adierazi du "gustura" gelditu direla itzulpenekin: "Liburuak bikainak dira, eta itzulpenak ere oso onak dira, erraz irakurtzekoak".
Aurten, hautagai asko
Domekan amaitu zen aurtengo sariketara aurkezteko epea. Louise Glück poeta estatubatuarraren The Wild Iris liburua da itzuli beharrekoa. Mendigurenek azaldu du lan "asko" jaso dituztela, 29, hain zuzen ere, eta pozik daude izandako erantzunarekin. "Proposamen dezente jasotzea espero genuen, errazagoa baita ingelesetik itzultzea, baina lan ugari iritsi zaizkigu", azpimarratu du. Urtarrila amaitu baino lehen emango dute jakitera irabazlearen izena.
Amaia Apalauza - Iazko irabazlea
Nola izan da Sonia Kolaczek-ekin elkarlanean aritzea?
Guztiz aberasgarria izan da. Nik zubi hizkuntza bidez egin dut itzulpena, ingelesezko eta gaztelaniazko bertsioak erabiliz, eta Soniak, polonierazkoari begira, findu egin du nik egindako itzulpena.
Ez da lehiaketa honetara aurkezten zaren lehen aldia. Gainera, duela bi urte ere saria jaso zenuen.
Aukera izan dut beste liburu bat itzultzeko Jokin Zaitegi lehiaketari esker. Horrelako sariketak beharrezkoak dira literatura itzultzeko. Ez dugu horretarako aukera handirik izaten, eta, are gutxiago, ongi ordainduta. Lehiaketa hau opari txiki bat da literatura itzultzea maite dugunontzat.
Joxe Mari Berasategi - Iazko irabazlea
Nolakoa da Nobel saridun baten lana itzultzea?
Gozamen hutsa izan da. Hala ere, ez da ipuin erraza. Idazleak daukan estiloa oso landua da. Gauza berezi samarrak egiten ditu hizkuntzarekin, hitz jokoak erabiltzen ditu, adibidez, eta hainbat komeria sortu dizkidate.
Gustura zaude egindako lanarekin?
Oso pozik gelditu nintzen. Espero dut irakurleek nik gozatu dudan adina disfrutatzea.
Zer iruditzen zaizu Jokin Zaitegi sariketa?
Plataforma interesgarria da, urtero Nobela jaso duen lan bat euskaldunon eskura jartzea mesedegarria baita. Ondo dago nazioarteko literatura erdararen bidez ezagutu beharrean euskaraz ezagutzea.