Bi aste iraun duen ariketa soziolinguistikoa amaitu den arren, berau herri-mailan antolatzeko lantaldeak ez du jarduera eten. Izan ere, Jokin Etxebarria ka-zetari eta Euskaraldiaren koordinatzaileak azaldu duenez, urtean zehar egindako bilerek "egingarriak diren ideia sorta ugari" utzi dituzte; horren froga da Arrasateko hitzak ezagutzen? dinamika berria.
Herritarrentzat ariketa "polita" izan daitekeela uste du Etxebarriak. Hasiera batean, "Euskaraldian zehar, herri batzordeko kideen bitartez, herriko hitzak zabaltzea" zen asmoa: "Baina ideia garatu ahala konturatu ginen hobe zela aukera hori jendeari uztea, guztion artean hiztegi aberatsagoa ateratzeko". Hala, "batzuen ahanzturan egon daitezkeen" hitz horiekin txapelketa bat egitea otu zitzaion lantaldeari, eta baita egin ere.
Ariketa "irekia"
Lehiakideei dagokienez buruan parte-hartzaile finkorik izan ez dutela zehaztu du Etxebarriak: "Zaharrek eta gazteek, guztiek parte hartu dezakete bertan, herritar orori begirako ariketa delako". Alabaina, belaunaldien arteko jolas gisa planteatu dezakete askok, zenbait hitz "haurren eta aitona-amonen harremanetatik berreskuratu daitezkeelako".
Izan ere, kazetaria jakitun da belaunaldi berriei batez ere euskara batuan irakasten zaiela. Hori gaitzestetik urrun, aitona-amonek bilobei erakusten dieten Mondragoeko hizkera lau haizetara zabaltzea erronka interesgarritzat jotzen du Etxebarriak, eta bere esperientzia propioa jarri du adibidetzat: "Hitz posibleen zerrenda osatzen genbiltzala, txitxinpe hitza atera zen; nik betidanik lotu izan dut, besterik gabe, taberna baten izenarekin, baina orain badakit txitxinpe-k teilatupea esan gura duela".
Ezeren gainetik, antolatzaileei gustatuko litzaieke jendeak apuntatzen dituenak "Mondragoen ohikoak diren hitzak izatea, erabiltzen direnak eta erabili izan direnak". Gaurkotutako hitz propioak ba al dauden galdetuta, "egongo balira, ongietorriak" izango liratekeela aipatu du Etxebarriak, nahiz eta tendentzia nagusia "iraganean bilatzea" izan daitekeela uste duen.
Nola parte hartu?
Txapelketako lehiakideek Euskaraldiko lantaldeak propio diseinatu duen txantiloi batean edo "paper normal batean" idatz dezakete eurek proposatutako hitza, izen-abizenekin eta telefono kontaktuarekin batera. Jatorrizko hitzari azalpen txiki bat gehitu beharko diote, hitza bera esaldi batean txertatuz edo zuzenean esanahia gehituta.
Txantiloi horiek ez dira BAZen edo Kulturateko liburutegian egongo; etxetik eraman beharko dira bi guneetako batera, "COVID-19a dela-eta herritarren arteko gutxieneko kontaktuak ekiditeko". GOIENA aldizkariko 13. orrialdeko ezkerreko aldean dauka irakurleak formularioa mozteko aukera.
Herritarrek BAZen eta liburutegian jarritako kutxetan sartuko dute euren ekarpena, eta urtarrilaren 15eko eguerdira arte izango dute parte hartzeko aukera. Arratsalde horretan, zozketa bidez emango dira aditzera txapelketako bi irabazleak, eta, bide batez, euskal kulturarekin lotutako produktuez osatutako saski banaren jabe egingo dira.
Herritarrek izango dute, beraz, euskararen inguruan aritzeko eta jolasteko aitzakiarik, hasiberri den dinamika horrek pro-posatu bezala. Norbaitek bultzadatxoa behar badu, takarraran ibili baino, hobe trankil aritzea, hitzak ez baitira eurak bakarrik itzungiko; ez, behintzat, jakin-gura dagoen bitartean.