Gizarte zerbitzuetara %14 gehiago, eta 3,2 milioi euroko mailegua

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 23a, 10:59
Kulturolara bideratuko da 2021eko udal aurrekontuan aurreikusita dagoen partidarik handiena.

2021erako udal aurrekontua onartu zuen udalbatzak eguenean egindako osoko bilkuran, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk ezezko botoa eman zuen. 36.202.466 eurokoa da datorren urterako aurrekontua, eta 3.200.000 euroko mailegua aurreikusten du.

Onartu berri duten udal aurrekontua "etorkizunera begirakoa" da, Maria Ubarretxena alkateak azpimarratu duenez. "Jasangarria eta, batez ere, mugikortasun paradigma berrira egokitzen dena", gaineratu du. "Ekobulebar-a bakarrik ez, bidegorrien jarraipena ere egingo dugu eta auzo altuetara igotzeko eta jaisteko igogailu bertikalak ere bai, Erguin auzoan zein Santa Teresa eta Galizia kaleetan. Bestalde, tokiko merkataritzari eta ostalaritzari bideratuko zaizkion dirulaguntzak ere nabarmentzekoak dira. Inor atzean utziko ez duen aurrekontua izango da eta gizarte zerbitzuetara bideratuko dugun dirua nabarmen haziko da. Azkenik, kulturak eta euskarak izango duten garrantzia azpimarratu gurako nuke".

Arduraz, 'Ekobulebar'-a dela eta

EH Bilduk, bestalde, ez du begi onez ikusi Ekobulebar proiektuarekin aurrera egin izana, eta hori izan da ezezkoa emateko gako nagusietako bat. "Moratoria bat eskatu genuen, ez daukalako zentzurik zorpetzea ekarriko duen proiektu bati heltzeak; are gehiago, atzetik datozen beste proiektu asko arrastaka daudenean oraindik, bukatu gabe. Juan Arzamendi Musika Etxeaz eta Kulturolaz aparte, Amaia antzokiaren berritzea, Emakume Txokoaren lekualdatzea, Abaroako eguneko zentroa, eta abar, eta abar. Horrek arduratzen gaitu".

'Ekobulebar'-aren baitan Maalako biribilgune ondoan egiten ari diren lanak.

Ikuspegi sozialista, jasota

Alderdi sozialistak "positiboki" baloratu du aurrekontua: "Hasieratik parte hartu baitugu eta gure ikuspegi sozialista kontuan hartu baita". Halaber, uste dute "oso garrantzitsua" izango dela 2021ean herritarren ongizatean gehiago inbertitzea. "Hala nola gizarte zerbitzuak, etxerako zerbitzuak, pobreziaren aurkako plana, eta abar", zehaztu dute. "Gaur egun, COVID-19a dela eta bizi dugun egoera ezagututa, Udalean diru-sarrera gutxiago egongo dela kalkulatzen dugu, baina horrek ez du atzean utziko gure helburua; hau da, inbertsio publikoa udalerriaren motor bihurtzea. Gogoratu behar da sozialistok beti lagunduko diegula egoera okerrenean dauden herritarrei, ahulenei".

"Ez dio gehiengo sozialari erantzuten"

Elkarrekin Arrasate udal taldearen ustez, azkenik, aurrekontuak ez die erantzuten Arrasateko gehiengo sozialen, klase popularraren eta langile familien beharrei. "Zerbitzu publiko eta laguntza sozialak indartzea inoiz baino beharrezkoago denean, pandemia honek sistemaren zuloak azaleratu dituenean, Udal Gobernuak krisi sozial eta ekonomiko honek sakondu dituen desberdintasunak egonkortu eta areagotuko ditu onartutako aurrekontu honekin".

Azken unera arte, negoziatzen

Nabarmentzekoa da Udal Gobernua eta EH Bildu aurrekontua negoziatzen ibili direla azken momentura arte. "Ahal Duguk esan zigun ez zeukala ezer negoziatzeko gurekin. EH Bildurekin, ordea, negoziatu dugu eta jarrera positiboa ikusi dugu, gainera. Garrantzitsua da ahalik eta talde gehienen babesa jasotzea aurrekontuak, eta horretarako lan egin dugu. Baina, bederatzi puntutatik zazpitan akordioa lortu badugu ere, EH Bilduk ezezko botoa eman du, eta hori dezepzioa izan da", azaldu du Anuska Ezkurrak, Udal Gobernuaren bozeramaileak.

EH Bilduko zinegotzi Kepa Urteagak ere aitortu du pozten dela adostasunera ailegatzeko esfortzua egin duelako Udal Gobernuak, eta aurrerantzean ere hala izatea espero du. "Hala ere, Ekobulebar-etik ez dute koma bat ere mugitu gura izan. Laubide proiektua gaizki iruditzen ez zaien arren, haien proiektua aterako dute aurrera".

Maileguarekin, zorpetzera

Aurrekontuak mailegu bat eskatzeko aukera aurreikusten du. Izan ere, diru-sarreretan 2.000.000 euroko jaitsiera aurreikusten du Gobernuak. "Mailegua eskatzea posible da, Arrasateko Udala zero zor egoeran dagoelako. Egoera onean gaude, eta horrek ahalbidetzen digu zorpetzera joatea. Momentu zailetan, krisi egoeretan, inbertsio publikoa izan behar da traktorea. COVID-19a gogor jotzen ari zaigun honetan, beraz, inbertsio publikoa areagotu egin behar dugu. Orain da momentua mailegu bat eskatzeko", dio alkateak.

Urteagak gaineratu du, ordea, behin zorpetzera joanda, "herritarren ongizaterako izan dadila", eta ez "porlanezko" proiektuetara bideratzeko.

Gizarte zerbitzuetan, hazkundea

36.202.466 euroko aurrekontua izango du Arrasateko Udalak 2021erako, 2020erako izan duena baino %3 gehiago –34.829.173 eurokoa izan du aurten–. Horrez gain, esanguratsua da gizarte zerbitzuetara 3.852.884,43 euro bideratuko dituela Udal Gobernuak datorren urtean, eta hirigintzara, 3.600.000 euro. "Gizarte zerbitzuetara bideratuko den diru kopurua %14 haziko da. Egoera dela eta, arlo horretan ahalegin berezia egitea dagokigu", adierazi du Ubarretxenak.

2021eko aurrekontuko partida garrantzitsuenak

• 1.417.341,26 euro, Kulturola proiektuaren obra amaitzeko eta barrutik ekipamenduarekin janzten hasteko.

• 1.230.000 euro, Ekobulebar-aren baitan, bidegorriari jarraipena eman eta Garibai etorbidearen zati bat oinezkoentzat bihurtzeko.

• 1.229.000 euro, Etxeko laguntza zerbitzuetarako eta pobreziaren kontrako larrialdi planetarako.

• 417.828,37 euro, Enplegu sustapenaren barruan, egoera zaurgarrian dauden herritarrei lan aukerak eskaintzeko.

• 375.000 euro, Gautxori esparrurako, Mondragon Unibertsitateak garatuko duen esparruaren zati publikorako.

• 350.000 euro, Ekintza kulturaletarako.

• 300.000 euro, TAO sistema ezartzeko prozesua aurrera eramateko.

• 300.000 euro, Ostalariei dirulaguntza zuzenak bideratzeko.

• 250.000 euro, Parte-hartze prozesuetarako.

• 200.000 euro, Juan Arzamendi Musika Eskola birgaitzeko falta den zatia hasteko.

• 217.500 euro, Autobus linea berria abian jartzeko. Oro har, 747.500 euroko partida izango da garraio publikora bideratuko dena.

• 200.000 euro, Zalduspeko pabiloi zaharrak eraisteko, behin eraikin zahar horiek erabiltzen dituzten eragileen leku-aldaketa eginda.

• 190.000 euro, Erguin guneko herri eskolako komunak berritzeko.

• 136.703 euro, Goiena Komunikazio Taldea. Prentsa idatzirako eta telebistarako 115.703 euroko partida bat bideratu da eta irratirako, berriz, 21.000 eurokoa.

• 120.000 euro, Obenerreka auzoko frontoian parkour parkea egiteko.

• 112.600 euro, Debagoieneko Mankomunitateko Enplegu Sailerako.

• 110.000 euro, Galizia kalean igogailu publikoa egiten hasteko.

• 87.500 euro, Langabeak kontratatzeko laguntza.

• 88.374 euro, Euskara dirulaguntzak.

• 70.000 euro, Abiadura radarretako zinemometroa alokatzeko.

• 68.000 euro, Udal ekintzen euskarazko zabalkundea egiteko.

• 60.000 euro, Gazteen emantzipazio aukeretarako.

• 50.000 euro, Merkataritza arlora zuzenduriko laguntzak.

44.345 euro, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearekin sinatutako hitzarmenari bide emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak