"Azoka egingo da zapatu honetan, baina ez du santamasekin inongo loturarik izango", adierazi du, argi eta garbi, Nerea Lazpiurrek, Arrasateko Udaleko Tokiko Garapen Saileko teknikariak. Bihar Seber Altube pla-an egongo den merkatu irekia urteko beste edozein hilabetetan aurki daitekeena bezalakoa izango dela baieztatzeko mintzatu da gisa horretan, "jendeak ez dezan pentsa santamas feria egiten ari garenik".
Horrek ez du esan nahi herritarrek produktu fresko ugari aurkituko ez dituztenik bertan. Aitzitik, sendabelarrak, sasoiko barazkiak, gaztak, pastelak, kontserbak, egurrezko artisau lanak... egongo dira salgai, baina, Lazpiurrek gaineratu duenez, "talo arteko txorizorik ez da egongo, ezta baserritar jantzitako ekoizlerik ere".
Hala ere, izango du biharkoak gainontzeko hileroko azokek ez duten bereizgarririk, soilik santamasetan kalera jaisten diren herriko ekoizleei postua jartzeko gonbidapena egin die-eta Udalak. Gauzak horrela, 19 saltokiri egingo zaie tokia Seber Altube plazan; normalean egon ohi dena baino eskaintza handiagoa egongo da, ondorioz, hileko hirugarren asteko azokan.
Gozogileak, "modan"
Bitxikeria modura, azken hilabeteetan tokiko produktuak sustatzeko egitasmora "herriko lau gozogile" batu direla aipatu du Lazpiurrek. Saltzaile berriak arrasatearren aldetik "erantzun ona" jasotzen ari direla gehitu du Udaleko teknikariak: "Erosketei erreparatuta, pentsatzekoa da herritarrei asko gustatzen zaizkiela jaki azukredunak".
Lau gozogile horien artean Oubsal izeneko marokoarra dago, bere herrialdean egiten diren gozoak gerturatzen dituena. Glutenik gabeko ogiak eta pastelak ere egongo dira erosgai, Errastikua jatetxekoen eskutik.
"Jendeak ematen digun indarra da guretzat aurrera egiteko erregaia"
FELIX ETXAGIBEL
NEKAZARITZA EKOIZLEA
Merkatu azokara jaisten da ostiralero, amarekin eta arrebarekin batera, Bedoña auzoko Artazubiaga baserrian bizi den Felix Etxagibel nekazaria. Erretiratu zenetik denbora gehiago eskaintzen dio baratze ekologikoari, baita basoan hezten dituen txerriei ere.
Baserrian egindako lanak kaleko jendearen erantzuna jasotzen duela adierazi du, eta bezeroei "eskerrik onena" zor diela gaineratu. Haren esanetan, "ondo" saltzen dira baserritik eroaten dituen barazkiak, intxaurrak, odolosteak, txorizoak eta ogiak.
Santamas feria lehen sektorearentzat "bozgorailu txiki bat" dela uste du bedoñarrak. Biharkoa badaki ez dela horren ordezkapena izango; hala eta guztiz ere, jaiegunez euren "produktuak dastatzeko aukera emango dio jendeari".
Baserritarren egungo egoerak kezka eragiten dio nekazariari, uste duelako ingurua mantentzeko eta kaletarren beharrak asetzeko "hobe" dela baserritar gehiago egotea. Bestalde, Internet bidezko erosketen gorakadak tokiko ekoizleei "onurarik" eragiten ez diela nabarmendu du.
"Aurten ez zaigu joatea tokatzen"
ITZIAR EGIDAZU ETA ARATZ ZUBELDIA
OKINAK
Bikotea 2017an hasi zen Lezaetan (Nafarroa) ogia egitetik bizitzen. Aipamen bereziaren saria jaso dute azken hiru edizioetan, baina aurten Leitzako azokan egongo dira: "Hurrengo urtean santamas azokan izango gara, ikusiko dugu elkar!".
"Glutenik gabeko gozoak egiten ditut; jendeari gustatzen zaizkio"
AINARA ABASOLO
Errastikua Jatetxea
Bedoñako Ainara Abasolok ere santamasetan aparteko giroa egoten dela ez du ukatzen. Aurtengo azoka "guztiz desberdina" izango dela argi dauka, nahiz eta espero duen baserritar azokarekin "herria zertxobait alaitzea".
Hileroko azokari eskaintza berezia gehitzen dio Abasolok: glutenik gabeko jaki gozo eta ekologikoak. Bere semea eta bera zeliakoak direlako hasi zen halako janariak eskuz egiten. "Elaborazioa eta emaitza, biak" gustatu zitzaizkionez, ingurukoei euren iritzia emateko eskatu zien, eta, haiei ere gustatu zitzaienez, bezeroei eskaintzea erabaki zuen: "Jende askok ditu arazoak glutenarekin, eta komertzio handietako produktuak ez dira ekologikoak bezain osasuntsuak. Ondorioz, nik egiten ditudan gozoek harrera ona izaten dute herritarren artean; batez ere, batatazko donutsek. Horiek saltzen dira gehien.
Kikara industrialak ortuko barazki eta frutekin ordezkatzen ditu Errastikua jatetxeko ugazabak: "Kalabaza, kalabazin, datil, platano edo batatarekin eransten diet gozoei behar duten azukrea".
"Herritarrak azoka-egun arrunta balitz bezala portatzea nahi dugu"
RAKEL PEREZ DE ARENAZA
Nekazaritza-ekoizlea
Seber Altubeko merkatutik pasatzen denak ezagutuko du Askasibar baserriko Rakel Perez de Arenaza barazki saltzailea. Beti agertzen da hileroko zitara, eta, santamas azoka tokatzen denean, bere lurretik ereindako barazki koloretsuz apaintzen du postua. Kolore nahasketa deigarri horiengatik lortu du, hein batean, edizio ugaritan, iaz barne, santamas feriako saltoki onenaren saria eskuratzea.
Santamas eguna urtero "ilusioz" itxaroten duela aipatu du Perez de Arenazak; are gehiago, jaiaren bilakaera nolakoa izan den gogoratzen duenean: "Txikiak ginenean, desagertuta zegoen santamas azoka, baina batzuk errekuperatu nahian hasi ziren. Lehen, gainera, nire auzoan, Meatzerrekan, ospatzen zen, gertaera batzuen ondorioz kalera eramateko erabakia hartu zuten arte".
"Eguraldi-aldaketa bortitzek" ortuko jaki ugari hondatu dituela esan du ekoizleak. Edozelan ere, jendeak hileroko azokari "harrera ona" egin diola uste du: "Azoka-egunetako eguraldi onak herritarrak erakarri ditu".