Perlata: "Bada garaia diskoa herrikideen aurrean aurkezteko, Biteri plazan ikusiko dugu elkar"

Hasier Larrea 2020ko abe. 17a, 14:59

Bihar, eguakoitza, arratsaldeko zazpietan, aurkeztuko du Arrasaten hirukoteak martxoan argitaratutako 'Duguna esateko' lana. Sarrerak ordubete lehenago banatuko dira, karpan bertan. Herriko jaiez "beste modu batera" goza daitekeelakoan daude Perlatako musikariak.

Punk-rock talde batek diskoa argitaratzen duenean zuzenekoak izaten ditu jomugan, eta Perlatarena ez da salbuespena. Joan den martxorako gertu zeukaten hamaika abestiz osatutako lan berria, baita aurkezpen kontzertua ere, baina pandemiak gauzak "pentsatu bezala" egitea galarazi zien. Emanaldiak atzeratu egin zituzten; ez, ordea, abestien banaketa: kaleko presentzia galduta, Interneten elkarbanatu zuten disko osoa, lagunekin etxetik grabatutako bideoklip eta guzti.

Diskoa atera zenutenetik lau kontzertu eman dituzue. Nola sentitu zarete zuzenekoetan abesti berriekin?

Gustura sentitu gara, nahiz eta ezin izan dugun pentsatu genuen moduan aurkeztu. Jo ditugun kontzertuetan asko disfrutatu dugu, jendearekin gure abestiak partekatu, beste herri batzuk bisitatu eta oholtzara igo; eskertzen da, eta behar dugu.

Egoera berriaren ondorioz, publikoaren gertutasuna faltan bota duzue?

Publikoa aulkietan eta musukoekin ikustea eta sentitzea ez da berdina, inondik inora. Momentuz hala izango da eta inportantea da kontzertuak antolatzen jarraitzea, baina aurrera begira, gogotsu gaude lehengo berotasuna berreskuratzeko eta posible denean aurkezpen kontzertu bat egingo dugu behar den moduan, aurreikusita geneukan bezala, Arrasateko gaztetxean, Erne, WC eta Plan B taldeen konpainian. Egun horren zain gaude oraindik.

Gustura zaudete diskoa izaten ari den harrerarekin?

Bai, pozik gaude. Internet bidez nahiko ondo zabaldu da eta fisikoan ere saldu dira dezente, batez ere kontzertuetan, eta hori gustuko dugu. Kontzertua eta gero jendea diskoa erostera gerturatzea polita da.

"FABRIKAK ZABALIK EGON DIRA, TRENAK BETETA, DENDAK ZABALIK... ETA BIZIRIK MANTENTZEN GAITUEN KULTURA, HILDA?"

Zerbait berria bilatzen zenuten hirugarren lan horrekin, edo aurrekoen ildotik jo nahi zenuten?

Ez genuen ezer konkreturik bilatzen lan berri honekin, inoiz ez dugu  helburu zehatzik izan  sortzerako orduan. Disko bakoitzak bere momentua dauka, eta gutako bakoitzak ere bai. Hortik irteten dira abestiak, askotan euren artean desberdinak, barruan
dugunari lekua ematen diogulako, gura duenean  eta gura duen moduan irteteko. Hori da bilatzen dugun bakarra.

Ahotsenearen aurtengo formatuaren gaineko ze irakurketa egiten duzue?

Durangoko Azokako kontzertu dinamika horren aurtengo formatuaren inguruan, esango dugu lan haundia egin
dutela antolatzaileek. Egoera arraro honen aurrean moldatzen jakin dute, eta egitarau potente bat antolatu. Eskertzen dira horrelako egitasmoak. Jendearen lana eta konpromisoa inoiz baino garrantzitsuagoa da orain, beraz, eskerrak eman behar diegu horrelako gauzak antolatzeagatik, eta noski, guri ere bertan lekua emateagatik; asko disfrutatu genuen.

Perlataren emanaldia, 2019ko Eguzkierripa Rocken.

Zumaiako kontzertua bertan behera gelditu zen eta sare sozialetan ironiaz betetako kritika egin zenioten pandemian hartu diren erabakiei. Uste duzue agintariek kultura diskriminatu dutela?

Fase desberdinak bizi izan ditugu egoera honekin, guztiak  nahiko gogorrak. Hil batzuk etxean pasatu ostian, hasi ginen poliki-poliki martxan jartzen, baina hasieratik argi gelditu da ze mailatan dagoen kultura, musika. Hasieran esan daiteke “ia” dana gelditu zela, baina poliki-poliki ekonomia aktibatzen hasi zen, eta kultura? Ze leku dauka? Guretzako beharrezkoa dan zerbait da, eraikitzen gaituena. 

Gainontzekoak martxa hartu zuen, baina kontzertuak beldurragatik edo bertan behera gelditzen hasi ziren eta egia esan haserrealdi batzuk ere eduki genituen horrekin, hortik sare sozialetako publikazioa. Fabrikak zabalik, trenak beteta, dendak martxan... eta bizirik mantentzen gaituen hori hiltzen? Horretaz bizi dan jende asko dago eta beste batzuk ez gara horretaz bizi, baina bai horretarako eta horri esker. Jende asko dago zorionez honi buelta emateko lanean, kontzertuak antolatzen, lehengo egoera prekarizatuari buelta eman guran lanean eta sortzen. Uste dugu agintetik ez zaiola behar duen tratua ematen kulturari, eta lan asko egin behar duela jendarteak horretan, baina beldurrak alde batera itxi eta leku seguruak martxan jartzen hasi gara eta babestuko ditugu.

2020AK EMAN DIGUN ONENA, MOMENTUZ, ELORRIOKO MARIO CRUZ BATERIA-JOLEAREN ETORRERA IZAN DA

Pandemian euskal kultura gaixotu egin ahal da? Edo indarberritu?

Pandemia honek kultura zigortu du, bai, baina euskal kultura gaixotu, ez. Indarberritu, zentzu batzuetan segurutik bai, eta horri heldu diogu.

 

Mario Cruz bateria jolearekin ari zarete orain.  Zer moduz moldatzen zarete hirukote bezala?

Konfinamendu ostean batu zan Mario taldera, gogotsu hasi ginen entseatzen eta kontzertuak jotzen. Hasieratik oso ondo moldatu gara hirukote moduan. 2020ak eman duen onena momentuz Mario da eta badauka zer eskaini taldeari, asko gainera. Bagabiltza gauza berriak prestatzen.

Biteriko karpan aurkeztuko duzue diskoa herrikideen aurrean. Ze espektatibekin iritsiko zarete?

Oraindik ez dugu aukerarik izan herrian diskoa aurkezteko eta gogotsu gaude, bada ordua! Espektatibarik ez, gertuko jendearekin egon, batera abestu eta ondo pasat;, herriko jaietaz beste modu batera bada ere disfrutatu daiteke eta horretara joango gara ostiralean.

Santamasen egitarauaren gaineko ze balorazio egiten duzue?

Santamasetako egitaraua oso potentea da aurten, eskertzekoa da Komisiñuak eta gaztetxeak egin duten lana. Herriak behar du halako egitasmoak egotea, ezin badugu betiko moduan ospatu, beste modu batera egingo dugu, baina espazio hori beharrezkoa da
eta Biteri plazan elkartuko gara aurten.

Aurreratu dezakezue etorkizunean kontzerturik edo bestelako sormen proiekturik egingo duzuen?

Badauzkagu beste kontzertu batzuk lotuta. Abenduaren 27an Zarautzen egongo gara eta urtarrilaren 2an Aretxabaletan. Hortik aurrera beste batzuk ere badaude, baina aurrerago zehaztuko ditugu datak. Orain epe motzean pentsatzea tokatzen da eta ea egoerak
hobera egiten duen. Sormen kontuei buruz, bai, hasi gara lanean abesti berriekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak